
Sarrerak aldez aurretik erosteko bihar eta etzi izango da aukera aretoko leihatilan, 19:30etik 20:30era. Ekitaldi egunean bertan oraindik sarrerarik geratuko balitz saioa hasi baino ordubete lehenago jarriko dira salgai. Sarreren prezioa 6 eurokoa izango da.
Bertsolari ezagunak
Bertso Eskolako kide diren antolatzaileen arabera «aurkezpen handiegiren beharrik ez duten bertsolariak dira. Andoni Egaña zarauztarrak Euskal Herriko txapelketa nagusia irabazi du azken lau ediziotan, eta etengabe plazarik plaza dabilen bertsolari nekaezina da. Asko dira bere bertsokera berdingabea imitatzen saiatu diren bertsolariak, baina egun, hanka sartzeko beldurrik gabe esan daiteke Andoni Egañaren bertsokera bakarra dela».
Txapeldunak, lau bertsolari gazte izango ditu alboan. Antolatzaileen iritziz «Aitor Mendiluze andoaindarra eta Aitor Sarriegi beasaindarra dira, agian, uneotan sasoikoen dauden bertsolariak. Ordizian jokatutako Gipuzkoako txapelketako finalerdian aurreneko postuak lortu zituzten biek, eta horrenbestez hilaren 16an Donostiako Ilunbe zezen plazan jokatuko den finalean kantatzeko txartela. Finala baino lau egun lehenago eurak Zumarragan kantuan entzuteko aukera izango dugu».
Amets Arzallus, bertso ibilbide emankorra egin du dagoeneko, adinez gaztea izanagatik. «Azken txapelketa nagusian finalean kantatu zuen, eta egun Euskal Herrian plaza gehien egiten duten bertsolarien artean kokatu behar dugu hendaiarra. Sekulako erraztasuna du bertsoak osatzeko».
Uxue Alberdi bertsolari elgoibartarra da taldeko bosgarrena eta Zumarragako entzulearentzat agian ezezagunena den bertsolaria. «Bat bateko bertsolaritzan orain gutxi lehen urratsak emana, ibilbide laburra egin du gaur arte, baina arrastoa utzi duena. Bertsolari izateaz gain idazle ere bada, aurtengo otsailean "Aulki bat elurretan" bere lehen eleberria argitaratu du idazle gazteei zuzenduriko Igartza literatur sorkuntzarako beka jaso ostean». Bertso eskolako kideen arabera, Gipuzkoako txapelketako finalera heltzea lortu ez badu ere, «lan txundigarria egin du, literatur ukituak dauzkan bere bertsokera berezi eta samurraren laguntzaz».
Zozketa eta urteurrena
Iaz egin zen moduan, aretorako sarreran zozketa txartel bana emango zaio entzule bakoitzari eta saioaren amaieran gabonetako saski bat zozketatuko da bertaratutako guztien artean. Era berean, aurten Luzio Gabiriaren omenez ospatzen den jaialdiak hogeigarren ekinaldia betetzen duenez, saioan zehar modu berezian gogoratuko da bere irudia. Antolatzaileek sorpresaren bat edo beste iragarri dute