
Zentro berria Goierri mailakoa da eta mendekotasunak dituzten adinekoei zuzendua dago. Iazko datuen arabera, Goierrin 65 urtetik gorako 12.000 lagun baino gehiago bizi dira: biztanleriaren %19. Aldundiak Lazkaon ere gerontologia-zentro berria bultzatu du eta ondorioz Goierriko eskaintza bataz bestekotik gorakoa izatera pasatuko da.
Gipuzkoa mailako erakundeak, egitasmoa bultzatzeaz eta diruz laguntzeaz gain, urtero diru laguntza emango du. Diru horri esker, zaharren egoitzako 64 plaza eta eguneko zentroko guztiak kontzertatuak izango dira.
Eraikuntza, ekipamendua, esplotazioa eta mantenua enpresa baten esku uztea erabaki zen eta horretarako lehiaketa egin zen. Gerozerlan da lan hauetaz guztiez arduratzen ari dena. 28 hilabete eman zitzaizkion proiektua aurkezteko eta eraikina egiteko eta datorren urteko uztailean irekitzea espero da. Aldundiak 40 urteko kontratua sinatu du Gerozerlan enpresarekin. Ondoren, eraikina, bertako ekipamendua eta zerbitzua bere eskuetara pasatuko dira.
Gerontologia-zentroak 110 lagunentzako tokia izango du. Urteko egun guztietan, eguneko 24 orduetan eskainiko zaie zerbitzua. Erabiltzaile bakoitzak bere gela izango du, gutxienez 20 metro koadrokoa eta komunarekin. Tartean bi psikogeriatria modulu izango dira, bakoitza 15 tokikoa. Horiek ezaugarri bereziak dituzte arkitekturari eta bertan eskaintzen den atentzioari dagokienez. Izan ere, burua galdu eta portaera arazoak dituztenei zuzenduak daude.
Eguneko zentroari dagokionez, asteko zazpi egunetan irekiko da. Gerozerlan arduratuko da erabiltzaileak eraikin berrira eramateaz eta etxera itzultzeaz.
Eraikinak sotoa eta lau solairu izango ditu. Zaharren egoitzak 6.455 metro koadro eta lurrazpiko aparkalekua izango ditu. Sotoan sukalde nagusia, arropa garbitzeko eta josteko gela eta langileentzako aldagelak izango dira.
Beheko solairuan sarrera, ile-apaindegia, podologia zerbitzua, bi erabilera aniztun gela, jolasgela, telebista gela eta kafetegia izango dira, besteak beste. Hauek guztiak lorategira begira izango dira. Horretaz gain, administrazioari eta zuzendaritzari dagozkion gelak eta mediku kontsultak bertan izango dira.
Logela arruntak lehen eta bigarren solairuetan izango dira. Solairu hauetako bakoitzak 1.268 metro koadro eta 20 lagunentzako bi modulu izango ditu. Hala, erabiltzaileak euren beharren arabera sailkatu ahal izango dira. Solairu guztietan jangelak eta egongelak izango dira. Hirugarren solairuan bi psikogeriatria moduluak izango dira, bakoitza 15 lagunentzat.
Eguneko zentroari dagokionez, beheko solairuan izango da eta 399 metro koadro, 25 lagunentzako tokia, lorategi propioa eta sarrera propioa izango ditu. Horretaz gain, bi jarduera gela, bi egongela, bi jangela, arropazaindegia, bainu geriatrikoa eta komuna izango ditu, besteak beste.
Zumarragako goialdea zaharren zainketan Gipuzkoa mailako erreferente bilakatuko da aurki, baina ez bakarrik gerontologia-zentroari eta eguneko zentroari esker. Izan ere, Zumarragako Udalak adinekoentzat apartamentu babestuak eraiki behar ditu bertan. Anton Arbulu alkateak adierazi duenez, geriatriko berriko lanak bukatu bezain pronto hasiko dira apartamentuak eraikitzen. Zumarraga Lantzen elkarte publikoak ia hiru milioi euro bideratuko ditu aurten horretarako. Udalak apartamentuak legealdi honetan bertan irekitzea espero du.
Baina, zer gertatuko da Faustino Orbegozo eraikinarekin? Izen bereko fundazioarena da eta Zumarragako Udala Gipuzkoako Foru Aldundiarekin harremanetan jarri da bertan gizarte ongizatearekin lotutako beste zerbitzuren bat eskaintzeko.
ELAren delegatuak Faustino Orbegozo geriatrikoan: “Oraingoz, kale gorrian gaude”
Datorren urtean irekiko den zaharren egoitza berriak abantaila ugari ekarriko dizkie erabiltzaileei eta euren familiei, baina buruhausteak ere ekarri ditu. Izan ere, Faustino Orbegozo geriatriko zaharreko langileek ez dakite oraindik zer gertatuko den eurekin. ELA sindikatuko afiliatuek hainbat mobilizazio egin dituzte: eraikin berrian orain arteko baldintza eta soldata berberekin lan egitea eskatzen dute. Diotenez, oraindik ez dakite geriatriko berrian tokirik izango duten ere. Maribel Gonzalez, Ainitze Sudupe eta Mari Carmen Estevez ELAko delegatuekin hitz egiten izan gara.
Geriatrikoaren jabea Faustino Orbegozo Fundazioa da, baina ez du funtzionamenduan parte hartzen. Hau Udaleko zinegotziek, alderdi politikoetako ordezkariek, elkarteetako kideek eta Mertzedariatarrek osatzen duten batzorde gidariaren esku dago. Zaharren egoitzan 32 lagunek lan egiten dute: sukaldariak, garbitzaileak eta geriatria lanak egiten dituztenak daude. Antioko bidean dagoen eraikina duela ia 30 urte ireki zen eta langileetako batzuek ia hasieratik lan egiten dute bertan. Udal langileak dira. Horrek Udalhitz hitzarmena aplikatzen zaiela esan nahi du.
Aipatu bezala, oraindik ez dakite zer gertatuko den eurekin. Dena den, geriatriko berrian lanean hasiko balira, Udalarentzat lan egitetik Gerozerlan enpresarentzat aritzera pasatuko liratekeela diote. “Oraingoz, kale gorrian gaude. Zaharren egoitza berrira joango bagina, berriz, erresidentzien hitzarmenak markatzen dituen baldintzekin lan egitera pasatuko ginateke. Hilean 400 euro gutxiago kobratuko genituzke eta gainera urtean ordu gehiago lan egin beharko genuke…”.
Beste galera batzuk ere izango lituzketela aipatzen dute. “Orain egunero 20 minutuko atsedenaldia dugu eta erresidentzien hitzarmenean, atsedena hartuz gero, denbora hori berreskuratu egin behar da. Bestalde, orain bajen %100 kobratzen dugu eta hemendik aurrera %75 kobratuko genuke, festetako eta gaueko lanaren plusetan ere galduko genuke… Lotsagarria da”, diote.
Kezkagarriena, ordea, oraindik euren etorkizunaren berri ez izatea da. “Lehenik eta behin lanpostua mantentzea eskatzen dugu eta gero lan baldintzak errespetatzea. Udalak abokatua kontratatu du gai hau eramateko eta honek geriatrikoaz arduratuko den Gerozerlan enpresak langileen afera urruti ikusten duela esan digu. Langile bila hasi direla jakin dugu, ordea”.
Arazoa konpontzeko nahikoa denbora izan dela uste dute. “Bilera eta mobilizazio askoren ondoren, oraindik ez dugu ezer. Orain arte Udalarekin bakarrik bildu gara, kontu hau bere ardura baita: izan ere Udal langileak gara. Udalak gure alde egin beharko lukeela uste dugu, baina gai honetan zerikusirik ez dutela esan digu. Diputazioaren kontua dela. Gauzak ahalik eta ondoen irten daitezen saiatuko direla ere esan digu. Borondate ona badu, baina ez du oraindik inolako konpromisorik hartu, eta urtarrilean bi urte beteko dira mobilizazioekin hasi ginela. Abokatua kontratatu du gai hau Aldundiarekin eta Gerozerlanekin lantzeko, baina baita bere burua defendatzeko ere. Izan ere, ez du afera honek egungo egoitzaren funtzionamenduan eraginik izatea nahi”.
Udalarekin haserre daude. “Ez du gure gaineko ardurarik hartu nahi. Gu bere beste edozein lanpostutan hartzea proposatu genion, baina guretzat tokirik ez dagoela esan zigun. Geriatriko berrian tokia ziurtatzea ere ez dugu lortu oraindik”, diote.
Hau guztia dela eta, hainbat mobilizazio antolatu dituzte. “Urretxuko jaietan karroza atera genuen gure egoera salatzeko eta hurrengo astean Udal arduradunak Aldundikoekin elkartu ziren. Diputazioko arduradunak arazo hauek ohikoak direla esan zuen”.
Izan ere, beste herri batzuetan antzera ibili dira. “Entzutetsuena Durangokoa izan zen. Han ere gatazka handia izan zen. Orain arte Udalak gure beharra izan du zaharrak zaintzeko, baina hemendik aurrera ez du izango”.
Hau guztia salatzeko, mobilizazioak areagotzea erabaki dute. “Santa Lutzi egunean kontzentrazioa egin genuen. Bestalde, zaharren familiei bizi dugun egoeraren berri eman nahi diegu. Urtarriletik aurrera, berriz, geldialdiak egiteko asmoa dugu”, aurreratu dute.
Aste honetan bertan langile guztiek bilera dute eta bertan erabakiko dute zer bide jarraitu. “Lankide guztiak mobilizazioetara gonbidatzen ditugu, baina batzuk paso egiten dute. Ez dute ezer jakin nahi eta kale gorrira joateko edo eraikin berrira lan baldintza berriekin pasatzeko prest daudela dirudi. Gainontzeko sindikatuek ez diote ezer, erresidentzietako hitzarmena sinatu baitzuten. Dena den, argi utzi nahi dugu langile guztion eskubideon alde ari garela”, amaitu dute.
Faustino Orbegozo geriatrikoko langileekin gertatu daitekeena jakiteko Anton Arbulu Zumarragako alkatearekin harremanetan jarri gara. Arbuluk ere Geriatrikoko batzordeak gai honetaz arduratuko den abokatua kontratatu duela esan du. Langileen aldarrikapenei buruz galdetu diogunean, batzuk lortzea “posible” izango dela eta besteak ezingo direla lortu esan du. “Geriatriko berrira joatea lortu daitekeela uste dut, hori da gure asmoa, baina euren egungo lan baldintzak mantentzea ez dut bideragarri ikusten. Lazkaon ireki berri duten zentroko langileek hitzarmen bat dute eta hemengoek hitzarmen bera izan beharko dute”, aipatu du. “Dena den, Aldundiak ez du langileen gaineko inongo erantzukizunik. Kontratatu dugun abokatuak gaia geriatriko berriko kudeatzailearekin aztertu beharko du eta ea denentzat egokia den akordioa lortzen duten”, gaineratu du.
Jose Luis Madrazo: “Argixao gerontologia-zentroa Gipuzkoako ederrena izango da; kokapena, eraikina eta zerbitzuarengatik”
Gerontologia-zentro berriaren funtzionamenduaren berri izateko, Gerozerlan enpresako proiektu koordinatzailea den Jose Luis Madrazorekin hitz egin dugu. Madrazok Gipuzkoako Foru Aldundiaren Gizarte Politikarako sailean lan egin zuen eta primeran ezagutzen du, beraz, geriatria alorra.
Zer egin behar da zentro berriko plaza publikoetako bat lortzeko?
Gipuzkoar guztiek dute herrialdeko plaza publikoetako bat lortzeko eskubidea, berdin du dirurik duten ala ez. Mendekotasun maila begiratzen da. Behar handiena dutenak dira toki publikoetako bat lortzen lehenak. Zenbat eta diru gehiago izan, orduan eta gehiago ordaintzen da. Batere ez duenak, ez du ezer ordaintzen. Berari eskaintzen zaion zerbitzua Aldundiak ordaintzen du. Eskaera zerrenda publikoa da.
Zein da plaza pribatuak banatzeko erabiltzen den irizpidea?
Horietan ez zaio mendekotasunari begiratzen. Tokiren bat libre badago eta berak eta bere familiak gurera etorri nahi badute, ez dago arazorik.
Zer egin behar dute zentro berrian tokia nahi dutenek?
Gainontzekoetara joateko egiten den berbera: prozesua udaletako Gizarte Zerbitzuetan hasten da. Bertako langileek eskaera luzatu duenaren mendekotasun maila neurtuko dute eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren itxaron zerrendara pasatuko dira. Foru Aldundiak esango dio Gerozerlani plaza kontzertatuak norentzat diren. Plaza pribatuetako bat eskatzeko, berriz, zuzenean Argixao gerontologia-zentrora jo beharko da.
Zer bereizgarri izango ditu Argixao gerontologia-zentroak?
Nire ustez, Gipuzkoako ederrena izango da. Toki zoragarrian egongo da, ospitaletik gertu, eta eraikina bikaina izango da. Gainera, zerbitzua kalitate handikoa izango da, berme osokoa. Gerozerlan ez da enpresen behin-behineko batasuna, asistentzia funtsezkoa da eta Matia Fundazioak erabateko bermea eskaintzen du. Matiaren lan ona Gipuzkoatik kanpo ere ezaguna da eta bere jakintza esportatzen ari da. Kontuan izan behar da ia 100 urte daramatzala lanean alor honetan. Gerozerlan enpresa Urretxu eta Zumarragaren eskualdean ondo txertatzea nahi dugu. Horretarako Nagusilan elkartearekin eta udaletako Gizarte Zerbitzuekin lan egingo dugu, besteak beste.
Zerbitzua primerakoa izango dela esan duzu.
Hau ez da ospitalea. Gurera datozenak bizitzera datoz eta Argixao bere etxea izatea nahi dugu. Kasu gehienetan, hau izango da euren azken trasladoa. Hori dela eta, euren etxean bezala sentitzea nahi dugu. Horretarako, langileak ondo trebatuko ditugu. Zaharrengandik oso gertu egotea nahi dugu, zainketaz gain maitasuna ematea. Bestalde, gurera datozenek euren erabakiak hartzea nahi dugu: etxe horretan nola bizi nahi duten esatea.
Zenbat langile izango dira?
70 bat. Gizarte-langileak, psikologoak, medikuak, erizainak… izango dira. Guztion artean egoitzan harmonia lortzen saiatuko gara eta bizikidetza ahalik eta gehien zainduko dugu. Aipatutako alor honetaz Gerozerlan arduratuko da. Guk kontratatuko ditugu langileak. Gainontzeko alorretarako beste enpresa batzuk kontratatuko ditugu.
Zer gertatuko da Faustino Orbegozo gerontologia-zentroan lan egiten dutenekin?
Kontu hori Udalaren esku dago. Guk ez dugu inongo subrogazio konpromisorik hartu. Aipatu bezala, Gerozerlan zuzeneko zainketa lanez arduratuko da eta alor horretan lan egin nahi dutenentzat formazio prozesu garrantzitsua antolatu dugu. Faustino Orbegozon zainketa lanak egiten dituztenek formazio prozesu horretan parte hartu dezakete. Langile guztiek lan baldintza berberak izango dituzte.
Faustino Orbegozo geriatrikoko langileei ez zaie, beraz, Argixaon lanpostua ziurtatzen.
Bertan lan egin nahi duten guztiek formazio eta aukeraketa prozesua pasatu beharko dute. Aukeraketa adituek egingo dute eta esperientzia kontuan izango da, noski. Zergatik hau guztia? Argixaon lan egin nahi dutenek Matia Fundazioaren lan egiteko modua barneratzea nahi dugulako.
Pertsona asko gera daitezke kalean…
Sentsibilitate handiarekin jokatuko dugu. Gainera, esperientzia beti da garrantzitsua.
Faustino Orbegozon zainketaz arduratzen direnez formazio prozesua pasatu behar dutela aipatu al zaie?
Kontu hori Faustino Orbegozo eta Udalaren artekoa da. Udalak esan beharko digu zeintzuk diren gurean lan egiteko prest daudenak.