Mekanika ikasketak hasi aurretik, fruta-denda batean lan egiten zuen. “Behin-betikotasuna eskaini zidaten arren, ikasteko asmoari eutsi nion. Nagusiari goizez lan egin beharrean arratsaldez egitea proposatu nion, baina ezetz esan zidan. Hori dela eta, lana uztea erabaki nuen. Ikasten hasi nintzen eta tarte horretan langabezi diru laguntza kobratu nuen. Besterik gabe hartutako erabakia nire bizitzako garrantzitsuenetakoa izan da”.
Matesanz hamaika lanetan aritutakoa da. “Haurrak zaintzen, garbitzen, supermerkatuetan… lan egin dut, baina lanpostu horietan irabazten den diruarekin ez dago aurrera egiterik. Independentea izan nahi nuen, lantegietan lan egiten duten gizonezkoek familia osoa mantentzeko adina irabazten dutela ikusi nuen eta UGLEra joatea erabaki nuen. Eskualde honetan lantegietakoa oso aukera ona da”, dio.
Etxekoei ondo iruditu zitzaien lanbide heziketa ikastea eta babesa eskaini zioten. “Gizonezkoen munduan sartzen ari nintzela suposatzen zen, baina ez zidan erreparorik eman. Dena bezala, hastea da kontua. Eskolan eta lantegian besteen pare egon naiz”, aipatu du.
UGLEra duela bost urte joan zen. Klaseko zaharrenetakoa zen. “Gehientsuenek 20 urte inguru zuten, baina oso talde ona suertatu zitzaidan. Oso jatorrak ziren eta, zorionez, asko lagundu zidaten. Hasieran gaizki pasatu nuen. Izan ere, marrazketa eta tailerreko lana arrotzak zitzaizkidan. Gainontzekoak oinarri batekin joan ziren eta nik, berriz, aspaldi egin nuen Batxilergoa. Nahiko lan izan nuen besteak harrapatzeko…”, dio orain umore onez.
Praktikak Idiazabalgo Ampo enpresan egin zituen. “Oso ondo moldatu nintzen jendearekin, baina makinan lan egitea tokatu zitzaidan. Sekula ez ditut gustuko izan, baina bizimodua aurrera atera behar da… Bizitza osoa makina batean eman behar dudala? Lanaren alde ona begiratu eta kitto! Baikorra naiz”. Ampotik irten eta berehala Oñatiko Ulma enpresan hasi zen, kontratu eta guzti. “Oso gustura nago. Izan ere, muntaia lanetan aritzen naiz eta hori da gustatzen zaidana. Gainera, dagoeneko bazkidea naiz”.
Aipatu bezala, bi enpresetan ondo hartu zuten. “Irekiak dira eta bietan emakume dezente daude. Idiazabalgo neska batek, adibidez, 10 urte daramatza jada bertan. Ez dakit beste toki batzuetan zer gertatzen den, baina niri inork ez dit ezer esan”. Lantegiko lanari esker, amesten zuen independentzia lortu du. “Soldata ona dut eta bakarrik bizitzeko aukera ematen dit. Alokairuan bizi naiz, noski, nik bakarrik ezin baitut 40 milioi pezetako etxea erosi”.
Zalantzatan dauden neskak, berak emandako pausoa ematera animatu nahi ditu. “Nire koadrilako bat elektronika ikasten hasi da duela gutxi. Beste batek ere hori egin zuen eta CAF enpresan dago, oso gustura gainera. Animatu beharra dago, emakumezkoen ohiko lanetan gutxiago ordaintzen baitute. Soldata duina lortzeko ikasi nuen lanbide heziketa eta ametsetako lana topatu dut. Irakaskuntzan lan egitea eskainiko balidate, ez nuke hartuko. Gainera, enpresa handi batentzako aritzeak egonkortasuna eta lasaitasuna ematen du. Bestalde, ordutegi malgua dugu eta hori oso garrantzitsua da seme-alabak dituztenentzat”.
Laura Tejero: “Lan honetarako trebea naizela uste dut eta inguruko denak oso ondo portatu dira nirekin”
Laura Tejero zumarragarrak bere herriko Met-Meka metalizatu eta mekanizatu enpresan lan egiten du. 21 urte ditu eta UGLEn egin zituen ikasketak. Sekula ez duela diskriminaziorik sentitu eta oso gustura ari dela dio. Lanbide Hezkuntza hautatzeko zalantzan dauden emakumezkoak pausoa ematera animatu nahi ditu.
Tejerok erdi mailako zikloa egin zuen UGLE lanbide eskolan. “Oinarrizko ikasketak La Salle-Legazpi ikastetxean egin nituen. Emakumezkoen ohiko lanbideetan (ile-apaintzaile, erizain…) tailerrean baino lan eskaintza txikiagoa dagoela uste dut eta etxekoek UGLEn izena ematera animatu ninduten. Praktikak Met-Meka enpresan egin nituen eta hemen jarraitzen dut”, laburbildu du.
Zumarragarrak mekanika ikasketak egitea erabaki zuen. “Mantentze-lanetan trebatzeko aukera ere banuen, baina kable artean ibiltzea ez dut gustuko. Nahiago dut makinekin aritu”. Aipatu bezala, gurasoen babesa izan zuen. “Etxekoek nirekin zeudela esan zidaten, euren babesa eta laguntza nituela. Lagunei, ordea, arraroa iruditu zitzaien. Dena den, duela gutxi beraietako batek lanbide heziketako ikastaro batean izena emateko asmoa duela esan dit. Izan ere, mundu honetan lan egiteko aukera handiagoa dagoela ikusi du”, dio.
Laura Tejerok bi urte eman zituen UGLEn eta hiru hilabeteko praktikak egin zituen Met-Meka enpresan. Bi urte daramatza jada bertan. “Bai ikasten eta bai lanean ondo moldatu naiz. Lan honetarako trebea naizela uste dut eta denak oso ondo portatu dira nirekin. Nagusiek eta langileek oso ondo hartu ninduten. Ni heldu nintzenerako emakumezkoekin lan egitera ohituta zeuden eta, gainera, beste neska batekin etorri nintzen”, aipatu du.
Luzaroan toki berean jarraitzeko asmoa du, baina enpresaz aldatu nahiko balu zailtasun berezirik ez lukeela izango uste du. “Ez dut uste arlo honetan emakumezkook gizonezkoek baino zailtasun handiagoak ditugunik lana aurkitzeko. Dena den, nire esperientzian bakarrik oinarritzen naiz hori esateko”.
Hori dela eta, neskak lanbide heziketa ikastera animatu nahi ditu. “Nire gelan bi neska eta 15 mutil ginen. Ia denok lortu dugu ikasi dugun arloan lan egitea. Gehienok praktikak egin genituen tokian jarraitzen dugu. Gainontzeko ikasgeletara zihoazenei ere ondo joan zaie. Nire ustez, enpresariek gero eta naturaltasun handiagoz kontratatzen dituzte emakumezkoak”.
Dena den, ulertzen du batzuek tailerretako lana gustuko ez izatea. “Neska guztiak ez gara berdinak eta batzuek gorroto dute zikintzea eta beldur diote ebakiren bat egiteari, baina gero eta neska gehiago animatzen dira UGLEn eskaintzen diren zikloetan izena ematera. Hori dela eta, lehen baino arruntagoa da tailerretan neskak ikustea eta inork ez gaitu gaizki begiratzen horregatik”.
Amelia Rehecho: “Amak pisu handiekin ibili behar dela eta gizonezkoek baino indar gutxiago dugula esan zidan”
Amelia Rehecho ibarratarra urretxuar batekin ezkondu zen eta Ezkio-Itsasoko Santa Lutzi auzoan bizi da. Farmazietan botikak saltzen lan egiten zuen, baina etxetik kanpo ordu asko emateaz nekatu zen eta UGLEn ikastaroa egitea erabaki zuen. Guerra Hermanos garabi enpresan egin zituen praktikak, baina ez zuen behin-betiko kontratua lortu. Irailean Osakidetzan hasi zen lanean, baina urtarrila erdialdean ama izan da lehenengoz eta amatasun-baja hartu du.
Harreman Publikoak ikasi zuen Donostian eta, aipatu bezala, botika-produktu komertziala zen. “Errioxa, Nafarroa eta Gipuzkoak osatzen zuten nire lan esparrua. Produktu berriak promozionatzen nituen eta egun guztia autoan ematen nuen. Lan polita da, baina ez dago ondo ordaindua. Nekatu egin nintzen eta duela hiru urte langabezi diru laguntza eskatu eta UGLEra joan nintzen”.
Eskolako zuzendaria, Xabier Arratibel, Rehechoren bizilaguna da eta berak gomendatu zion zer edo zer ikastea. “Tailerretan lan asko dagoela, jende faltan daudela eta emakumeentzat gero eta aukera hobea dela esan zidan. Animatu egin nintzen eta mekanika ikastea erabaki nuen. Tornulari eta fresatzaile lanak ikasi nituen”, dio.
Hasieran, inguruko guztiek ez zuten bere erabakia ondo hartu. “Amari neska bat tornulari izatea ez zitzaion buruan sartzen. Lan horretan pisu handiekin ibili behar dela eta emakumezkook gizonezkoek baino indar gutxiago dugula esan zidan. Gizonezko lagun batek ere zoratuta nengoela esan zidan. Beste batzuek, berriz, arazorik ez nuela izango esan zidaten. Izan ere, gauza pisutsuak mugi-tzeko garabiak erabiltzen dira”, aipatu du Amelia Rehechok.
Lanbide eskolan oso gustura egon zela dio. “Klaseko guztiak mutilak ziren, 19 urteko neska bat eta ni izan ezik. Erdi mailako zikloa egin nuenez, gainontzekoek 19 urte zituzten eta nik 32. Dena den, oso ondo hartu ninduten. Irekia eta txantxazalea naizenez, ez ninduten ama bezala ikusten. Gazte jendearekin egotea oso aberasgarria izan zen eta, gainera, asko lagundu zidaten. Marrazketan-eta nik baino esperientzia handiagoa zuten, baina ikaskide batek izugarri lagundu zidan. Goi mailako zikloa egitekotan egon nintzen, baina lanean hasi nintzen eta asmoa alde batean utzi nuen”, aipatu du.
Salbatoreko Guerra Hermanos (GH) garabi enpresan egin zituen praktikak. “Nire bi anaiek bertan lan egiten dutenez eta ondo dabilen enpresa denez, bertara joan nahi nuen. Garabien motorretarako piezak egiten nituen eta, batzuetan, baita soldatze lanak ere. Oso gustura egon nintzen. 17 kiloko pieza bat eskuz altxatu behar nuen, baina ondo moldatzen nintzen”.
Gainera, enpresako gizonezkoek ondo hartu zuten. “Nire postuan sei gizonezko eta ni geunden eta primeran moldatu ginen. Asko lagundu zidaten. Beste postu batzuetan ere emakumezkoak zeuden eta haiek ere oso gustura zeuden. Hiru hilabete eman nituen praktikak egiten eta, teorian, kontratua egin behar zidaten. Beste pertsona bat antzerako egoeran zegoen eta, azkenean, hari deitu zioten. Iazko udaberrian izan zen hori”, oroitu du.
Irailean Osakidetzan hasi zen, baina GH enpresara itzuli nahi du. “2002ko oposaketetara aurkeztu nintzen eta administrazio, garbiketa eta sukaldeko lanetan aritu naiz. Ekaina arte bajan egongo naiz. Iazko oposaketetan emai-tza okerragoa lortu nuen eta ez dakit itzultzerik izango dudan. Dena den, ez nau kezkatzen. Haurra apur bat hazten denean, GH enpresara itzultzeko asmoa dut. Aurki jende asko jubilatuko da eta ea tokia lortzen dudan”.
Amelia Rehechok tailerra ospitala baino nahiago du. “Osakidetzan aldi bateko langile izanez gero, ez dugu oporrik eta jai-egunik eta ez dakigu non lan egitea suertatuko zaigun. Hamar egun toki batean, hamar bestean, orain goizez, orain arratsaldez… Lantegian, berriz, egutegi finkoa dugu. Asierrek, nire senarrak, behin-betiko kontratua du eta erreleboa alda dezake biok ordu berean lan ez egiteko. Senitartekoen laguntzarekin moldatuko ginatekeela uste dut”.
Gainontzeko neskak ere lanbide heziketa ikastera inongo erreparorik gabe joan daitezkeela dio. “Lantegietan jende espezializatua behar dute eta fresatzaile eta tornulari gutxi daude. Enpresariek neskak hartu beste erremediorik ez dute eta ondo lan egiten dugula jabetzen ari dira. Emakumezko batzuk gizonezko asko baino hobeak dira. Finagoak gara, beharbada lan hauetan denbora gutxiago daramagulako. Gizonezko askok egite hutsari ondo egiteari baino garrantzia handiagoa ematen diote”.
Poliki-poliki lantegiak emakumez betetzen ari dira. “Lanbide heziketa ikasi duten lagunak ditut eta haien pausoak jarraitzera animatu nintzen. Nire atzetik beste ezagun batzuk animatu dira. Nork esango zidan niri duela urte batzuk tailer batean lan egingo nuenik! Baina inguru honetan aukera ona da eta ez da lan zaila”.
Eugenio Gonzalez de Audikana: “Sinestuta hartu nuen lehenengoz neska bat tailerrerako: gainontzekoek baino zailtasun gehiago izan eta aurrera egiten dutenak onak izaten dira”
Zorionez, gero eta gehiago dira tailerreko lanak egiteko emakumeak hartzen dituzten enpresariak. Zumarragako industrialdeko Met-Meka metalizatu eta mekanizatu enpresan, adibidez, bederatzi langile dira eta horietatik lau emakumezkoak. Tailerrean sei lagun dituzte eta horietatik hiru neskak dira. Eugenio eta Kristobal Gonzalez de Audikana anaiak dira nagusiak.
Enpresa hau Gonzalez de Audikana anaien birraitonak sortu zuen Bergaran. Gero Zumarragara etorri ziren eta 2001ean Eugeniok eta Kristobalek hartu zuten gidaritza. Garai batean tornuak eta meategietarako makinaria egiten zituzten, CAF enpresarekin lanean hasi ziren arte.
Egun Beasaingo enpresarekin jarraitzen dute, baina beste bezero batzuk ere badituzte. Hala, aeronautikarako metalizatu lanak egiten hasi dira. Airbuserako pieza txikitxo bat egiten dute, adibidez. Ikerketa eta garapen (I+G) arloa lantzea funtsezkoa dela uste dute eta hiru langile horretan trebatzen ari dira. Horietatik bi emakumezkoak dira.
Met-Meka enpresaren tankerako gutxitan dituzte horrenbeste emakume. “Sektore honetako tailerretan zaila da hemen bezainbeste neska aurkitzea. Gainera, beste bi pasatu dira dagoeneko hemendik. Egia esan, gero eta neska gehiagok ikasten dute UGLEn”.
Gauzak asko aldatu dira Gonzalez de Audikana anaien birraitonaren garaitik hona. “Egun, mekanizatzeko ez da indarrik behar. Izan ere, pisuzko gauzak mugitzeko tresnak ditugu. Are gehiago, indarra erabiltzea ez da ona. Trebetasuna behar da. Emakumezkoek sentsibilitate handiagoz lan egiten dutela uste dut. Piezak txukun uzten dituzte, adibidez. Dena den, orokortzea ez da ona”.
Emakumezkoen lanaz ondo hitz egiten du, baina neska bat lehenengoz kontratatu zuenean, Gonzalez de Audikana ez zen apropos emakume baten bila joan. “Kasualitatea izan zen. Gure langile asko UGLEtik etortzen dira eta hango arduradunek guretzako aproposa zen neska bat zutela esan zidaten. Pertsona biziak eta maila onekoak behar ditugu, serie motzak egiten baititugu eta goiz bakarrean pieza ezberdinak egitea tokatzen baita. Duela hiru urte hartu genuen lehenengoz neska bat tailerrerako. Emakumezkoa eskaini zigutenean harritu egin ginen, ez baikenekien lan honetan trebatutakoak zeudenik. Harritu arren, ez genion matrikula begiratu. Sinestuta hartu nuen: gainontzekoek baino zailtasun gehiago izan eta aurrera egiten dutenak, onak izaten baitira”, aipatu du.
Lantegian zenbait egokitzapen egin behar izan zituen emakumeak hartzeko, baina merezi duela dio. “Aldagela bitan zatitu behar izan genuen, baina berdintasunaren aldeko apustua egin behar da. Kalean berdintasuna aldarrikatzea ondo dago, baina aukera denean horren alde lan egin behar da. Irabazten atera gara. Aldagelak ez egokitzeagatik teknikari on bati uko egin behar al diogu? Apustua egiten ez duenak, ez du irabazterik”.
Aipatu bezala, norbait kontratatu behar dutenean, ez dute begiratzen gizonezkoa ala emakumezkoa den. “Taldean ondo egokituko den pertsona behar dugu, ilusioduna. Gero eta neska gehiago trebatzen dira gure arloan lan egiteko eta hori da gure tailerreko langileen erdia emakumezkoa izatearen arrazoia. Tailer-burua den bat ezagutzen dut”.
Enpresari eta langile gehienek emakumezkoak ondo hartu dituztela uste du. “Burugogor batzuk emakumeak hartzearen aurka daude oraindik, baina euren kalterako da. Nire ustez jendea ohitzen ari da. Gure tailerrean gizonezkoek oso pozik hartu zituzten. Giroa hobetzeko eta saltsa pixka bat jartzeko balio izan du. Nik ikastolan egin nituen ikasketak eta beti neskekin ikasi dut. Hori ona da. Beste batzuek institutuan izan zuten lehenengoz neskekin gela berean egoteko aukera. Urduri zeudela, lotsagarri gelditzeko beldur zirela… gogoratzen dut. Tailerrean, antzerako zer edo zer gertatu zen: batzuek guraso moduan jokatzen zuten eurekin, baina azkenean neskak izan ziren eurei lezioak eman zizkietenak”.