
1. Orokorrean BITARTEANen ofizialki euskarak ere bere tokia izan dezan ahalegin berezia egin beharra dago, ohituraz garai baten gaztelaniaz baino ez zirelako egiten idatziak, bilerak eta agerbide ofizialak. Kontuan izanik BITARTEANen euskaraz ez dakien jendea badagoela, erakundearen jardunean bi hizkuntzen erabilera bermatuko da, euskarari lehentasuna emanez.
2. Bi hizkuntzen kudeaketan, eta batez ere idatzietan, euskarari lehentasuna emateko ereduak eta irizpideak zehazteko Urola Garaia udal-elkarteak Legazpi, Urretxu eta Zumarragako Udaletako teknikariekin elkarlanean osatutako txostenetan oinarrituko dira (txosten hori Merkataritza Euskaraz, Urola Garaiko Merkataritza Guneetan euskara sustatzeko ekimenaren barruan, 2007. urtean antolatutako "Euskaraz nola idatzi" ikastaroan landu zen). Txosten horren eguneraketa Urretxuko eta Zumarragako udaletako euskara zerbitzuen esku dago, eta zalantzak bertan argitu daitezke.
3. Batzar Nagusietan zuzendaritzak euskararen eta gaztelaniaren presentzia bermatu beharko ditu. Zuzendaritzak gaiak gaztelaniaz jorratzeko asmoa badauka, ongi etorria, agurra eta gai bakoitzaren hasiera edo aurkezpena euskaraz egingo dituzte. Zuzendaritzako kideek euskaraz ez badakite, eginkizun hori UGGASAko teknikariak edota beste edozein kidek har lezake.
Zuzendaritzak gaiak euskaraz jorratzeko asmoa badauka, gai bakoitzaren laburpena eta datu garrantzitsuenak gaztelaniaz ere emango dira. Itzulpenekin bilera ez luzatzeko beste aukera bat izango litzateke gai bakoitzaren laburpena eta datu garrantzitsuenak jasoko dituen orri bat banatzea aurretiaz parte hartzaile guztiei.4. Batzar Nagusietan kide bakoitzak hitz egiterakoan egiten duen hizkuntza aukera, bai euskaraz zein gaztelaniaz, errespetatu egingo da. Batzarreko kideen artean elkar ulertzeko arazorik ez balego ez litzateke itzulpenik beharko, bestela laburbilduz itzuliko da.
5. Kide guztiei zuzendutako idatziak euskaraz eta gaztelaniaz, bietara, idatziko dira. Ahal izan ezkero, orri berean eta bi zutabetan, beti ere, hizkuntza biak bereizi eta euskarari lehentasuna emanez. Goiburuak, data, helbideak, taulak, diru kontuak eta erraz edo grafikoki ulertzen diren datuak euskaraz idatzi daitezke, gaztelaniaz errepikatu beharrik gabe.
6. Zuzendaritza bileretan gai zerrenda eta deialdiak (baleude) euskaraz eta gaztelaniaz, bietara, idatziko dira; hala ez egiteko arrazoi bakarra erdaldun elebakarrik edo euskaldunik ez egotea litzateke.
7. Zuzendaritza bileretan zuzendaritzako kideek erabakiko dute bilerako hizkuntza, beti ere kide bakoitzak hitz egiterakoan egiten duen hizkuntza aukera, bai euskaraz zein gaztelaniaz, errespetatuz. Zuzendaritzako kideen artean elkar ulertzeko arazorik ez dagoen heinean ez da itzulpenik egingo.
Akta kide guztiei edo beste erakunde bati bidaltzekoa bada, bilera ondoren itzuliko da bigarren hizkuntzara eta idazterakoan bi hizkuntzen trataerako irizpideak kontuan izango dira.8. Karteletan, esku orrietan, zozketa orritxoetan, egutegietan eta oro har argitalpen guztietan euskara lehenetsiko da, beti ere Urola Garaiko Merkataritza euskaraz ekimeneko ikastaroetarako osatutako "Euskaraz nola idatzi" txostenean oinarrituta. Gainera, mezu grafiko eta ulergarrietan euskara hutsean ere egin ahal izango da.
9. Ikastaroetan komenigarri da euskararen presentzia bermatzea, besterik ez bada aurkezpena eta zabalkundea egiterakoan. Aldi berean, orain arte arrunta izan ez den arren, komenigarria litzateke eskakizuna goraka doan heinean euskaraz emandako ikastaroak aurreikustea, adibidez urte guztiko eskaintzaren barruan ikastaroren bat euskara hutsean eskaintzen hasiz, beti ere eskaerari begiratuz.
10. Gaztetxo eta umeentzako ekintzak edo ekimenak euskara hutsean antolatuko dira, hartarako baliabide guztiak euskaraz izan daitezela aurreikusiz: teknikariak, monitoreak, idatziak…