
Beste gertakari historiko garrantzitsu bat Amabirjinaren agerpenei dagokiena da. 1931ko ekainaren 30ean ikusi zuten lehenengoz Amabirjina Bereziartu anaia-arrebek. Erromesaldiak hasi ziren eta Ezkio milaka lagunen bilgune bihurtu zen. Askok espasmoak, histeria-erasoak eta konorte-galtzeak izan zituzten. Starkie hispanista irlandarrak ere herria bisitatu zuen eta tradizionalistek eta eskuindarrek Ezkioko gertakaria euren mesedetan puzten ari zirela ondorioztatu zuen. 1933ko ekainean Ezkion basilika bat egitea debekatu zen eta irailean elizak behin betiko gaitzespena eman zion bertako jazotzen ari zenari. Dena den, oraindik hileko bigarren igandean jendea elkartzen da Anduagako zelaian arrosarioa errezatzeko.
Garrantzizko azken gertakari historikoa Ezkio eta Itsasoren elkartzea da. Bi herriek 1965ean bat egin zuten. Egun Ezkio-Itsasok 21 kilometro koadro ditu, bost auzotan banatuta: Ezkio, Itsaso, Alegi, Santa Lutzi eta Mandubia. Matximentaren zati bat ere berari dagokio eta Arriaran, berriz, Beasain izatera pasatu zen 1927. urtean. Beasain, Ormaiztegi, Gabiria, Azpeitia eta Zumarraga ditu inguruan. Herriko punturik altuena Izazpi mendiaren gailurra da, nahiz eta askok oraindik Zumarragan dagoela pentsatu.
Biztanleriari dagokionez, Ezkio-Itsasok 500 bizilagun pasatxo ditu. Asko baserrietan bizi dira, baina geroz eta etxebizitza gehiago daude. Aipatzekoa da XX. mende hasieran ia 1.400 biztanle zituela: Urretxuk gutxiago zituen eta Zumarragak 2.000 besterik ez oraindik. 80ko hamarkada arte biztanle kopuruak etengabe behera egin zuen, baina ordutik eustea lortu dute. Datozen urteetan haztea espero da, etxebizitzak egiten ari baitira.
Dena den, Ezkio-Itsasok aspaldi hasi zuen bere bilakaera. Bi udalerriak elkartu aurretik baserriak eta nekazaritza ziren nagusi, baina 60ko hamarkadan Santa Lutzi-Anduagako haranean industriak ezartzen hasi ziren. Urretxu eta Zumarragatik joan ziren gehienbat. Ordutik herriaren behealdeak sekulako aldaketa jasan du, industria eta azpiegituren eraginez. Gehiago aldatuko da, jarduera ekonomikoetara baldintza orografiko onak eskaintzen baititu eta Abiadura Handiko Trenaren geltokia jarri nahi baita. Goialdeak, berriz, garai bateko izaera mantentzen du eta hala jarraitzea nahi da. Hala, Ezkio-Itsaso egungo bizimoduaren eta tradizionalaren arteko konbinaketa da.
Industriaz gain, herritarrentzat zerbitzuak ere badaude noski. Santa Lutzi Zahar etxean liburutegia dago eta kultur etxe modura ere erabiltzen da. Bertan elkartzen dira Yartu kultur elkarteko kideak. Kirol instalazioei dagokienez, Santa Lutzin pista polibalentea dute eta Alegin urretxuar eta zumarragar askok erabiltzen duten pilotaleku estalia.
Eraikin erlijiosoen faltan ere ez dira, zazpi baitira: Ezkioko Migel deunaren eliza eta Santa Marinako ermita, Santa Lutziko eliza, Alegikoa, Itsasokoa eta San Lorentzoko eta Kizkitzako ermitak. Horrez gain, Amabirjina azaldu omen zen tokian irudia eta errezatzeko estalpea daude. Itsasoko elizako kanpandorreko erlojua 1730. urtekoa da eta horrenbestez Gipuzkoako zaharrenetakoa.
Beste monumentu batzuk ere badaude. Ezagunena Igartubeiti baserria da. XVI. mendekoa da eta oso gutxi aldatu da egin zenetik. Hori dela eta, Aldundiak garai bateko bizimodua nolakoa zen erakusteko erosi zuen. Mandubi zelaia trikuharria ere aipagarria da. Mandubitik Kizkitzara doan bidean dago eta bertan Kristo aurreko II. milurteko tresnak aurkitu ziren. Hariztizabal baserria eta Pott tailerra ere aipatzekoak dira. Batean ogia egiten dute bestean zeramika lantzen dute. Bietan bisitak hartzen dituzte, aurretik deituta.
Beste era bateko turismoa nahiago dutenek, makina bat festa aurkituko dituzte Ezkio-Itsason. Ez da harritzekoa, auzo bakoitzak bere jaiak baititu. Ezkion San Migel eguna ospatzen da maiatzaren 8an, Santa Lutzin San Pedro eguna ekainaren 29an, Alegin Santa Maria Magdalenari dagokiona uztailaren 22an eta Itsason San Bartolome abuztuaren 24an. Horretaz gain, irailaren 8an erromeria izaten da Kizkitzan. Festa egun hauetarako guztietarako hainbat ekitaldi antolatzen dira eta jatekorik eta edatekorik ez dira falta noski. Dena den, Ezkio-Itsason urte guztian dago ondo jateko eta edateko aukera. Izan ere, hainbat taberna eta jatetxe dituzte. Erakargarrienak Ezkioko, Itsasoko eta Mandubiko ostatuak dira.
Bost auzotan sakabanatuta bizi diren herritarrak elkartuz hamaika erronkari aurre egiteko lan egiten ari den herria.
Ezkio-Itsaso zer den eta bertako bizimodua nolakoa den jakiteko modurik onena bertara joatea eta bizilagunekin hitz egitea da, noski. Santa Lutzi auzoko kultur etxean izan gara ondoko herriko lau lagunekin: Ezkioko Aitziber Etxezarreta, Tomas Etxaniz eta Ruth Idiakezekin eta Itsasoko Pilare Mujikarekin. Lauak herria suspertzeko lan itzela egiten ari den Yartu kultur elkarteko kideak dira.
Zer esango zeniekete urretxuar eta zumarragarrei Ezkio-Itsasori buruz?
Aitziber Etxezarreta (A.E.): Hasteko, bizitza duen herri txiki bat dela esango nieke. Ez dela Zumarragako auzo bat. Askorentzat gure herria “aldapa jaitsi eta hor dagoen hori” besterik ez da.
Tomas Etxaniz (T.E.): Legazpi, Urretxu eta Zumarraga 10.000 biztanleren bueltan dabiltza eta jende askok ez daki zer den 500 biztanleko herri bat. Hiritar bati zaila egiten zaio herri txiki baten izaera uler-tzea. Gainera, bi herriren batura gara eta gune oso sakabanatuak ditugu.
Ez al da tristea urretxuar eta zumarragar askok zuen herria horren gutxi ezagutzea?
A.E.: Ezagutu, ezagutzen gaituzte. Badakite hemen zer edo zer dagoela, baina hemen dagoen hori herri bat dela ez zaie buruan sartzen.
T.E: Normala dela uste dut. Tolosarrei Leaburuz edo Hernialdez galdetuz gero ezer gutxi esango dute.
Ruth Idiakez (R.I.): Ez dute hona etortzeko beharrik.
A.E.: Ez da herri txikiekin bakarrik gerta-tzen. Donostiarrek badakite Bergara non dagoen, baina ez dute ezagutzen.
Pilare Mujika (P.M.): Ezagutzea tokian tokikoekin harremana izatea da.
T.E.: Hor dago koska. Zer lotura du Ezkio-Itsasok Legazpi, Urretxu eta Zumarragarekin? Non elkartzen gara? Eskolei dagokienez, adibidez, sakabanatuta gaude. Sare publikoan dagokigun eskola Ormaiztegikoa da, baina ikastola indartsua Urretxukoa dugu. Lan munduari dagokionez, oso gutxik lan egiten dugu herrian bertan.
Herri sakabanatua duzue eta erdibidean egoteak are gehiago banatzen zaituzte, beraz.
A.E.: Edozein zerbitzuren bila kanpora joan beharra dugu eta beharren arabera gora edo behera jotzen dugu.
P.M.: Ezkiok eta Itsasok joera ezberdinak dituzte. Ezkiokoek gehiago jotzen duzue Urretxu eta Zumarragara eta guk Beasain edo Ordiziara. Halakoxe herria dugu. Ez da arazoa, gure egoera baizik.
Egoera hori ahalik eta hobekien eramaten saiatzen zarete, noski. Bizilagunek elkar ezagutzeko hainbat ekimen antolatzen dituzue.
A.E.: Ekintzak antolatzen ditugu topaguneak sortzeko. Guztiok elkartuko gaituen eskola, taberna edo denda ez dugunez, beste era batera egiten dugu.
P.M.: Nahi hori oso barneratuta dugu. Lan handia egiten dugu ekitaldiak antolatzeko eta jendeak beraietan parte hartzea lortzeko. Asmatzen ari garela esango nuke.
Zer ekimen dituzue?
P.M.: Ekimen nagusia kultur elkartea bera da. Ekintza asko antolatzen ditugu, erritmoa hartu dugu eta sarituak senti-tzen gara. Urte guztian antolatzen ditugu ekintzak: ikastaroak, antzerki saioak, erakusketak…
Herritarrak elkartzeko behar horretatik sortu al zen Yartu kultur elkartea?
P.M.: Egia esan, Igartubeiti baserriaren inguruan sortu zen. Dena den, helburu bakarra ez zen Igartubeiti sustatzea; baita kultura bultzatzea ere. Igartubeitik ere asko biltzen gaitu: Sagardo Astea, bertan ekoizten dugun sagardoa botilatan sartzea… Gure artean sare indartsu bat dugu. Iaztik, gainera, auzolana bul-tzatzen ari gara.
T.E.: Herri honetan beste batzuetan lortu ez dutena lortu dugu: belaunaldi ezberdinetako jendea elkartzea. Yartuk ekitaldi guztietan adin ezberdinetako jendea elkartzea lortu du. Herri handietan hori ezinezkoa da.
P.M.: Duela urte batzuk antzezlan bat prestatu genuen eta herriko haurrak eta zaharrak elkarrekin antzerkia egiten ikustea oso hunkigarria izan zen. Ekitaldi hura idealizatuta daukat: elkartasunaren eta musu-truk egindako lanaren eredu izan zen.
Herri parte hartzailea duzue, beraz.
A.E.: Hala da. Ekitaldi guztietan gutxi gaudela esaten dugu, baina propor-tzioan herri handietan baino askoz ere partaidetza handiagoa izaten dugu.
Azken urteotan Urretxu eta Zumarragako jende dezente etorri da Ezkio-Itsasora bizitzera. Horiek ere parte hartzen al dute?
A.E.: Denetik dago. Batzuk integratu dira, baina auzune osoak eratu dira eta horietan bizi diren batzuk ez dira integratu. Herriko giroan ez dira murgiltzen. Banaka etorri direnak edo baserri-inguruan jarri direnak hobeto integratu dira.
P.M.: Eraikinak berak erakusten du hori: bizkarra ematen dute, setiatuta daude… Egungo joera da: urbanoa dena landatar guneetara eramatea. Kontraesankorra da.
A.E.: Herri guztietan gertatzen da: bloke berrietan inork ez du elkar ezagutzen.
P.M.: Dena den, beti izan ditugu kontuan gure asmoetan. Bloke horietan bizi direnek haurrak ludotekara ekarri dituzte, baina hazi direnean galdu egin ditugu. Ez dugu nahikoa denbora izan lotura hori sendotzeko. 12 urte azpiko 60 bat haur bizi dira herrian. Hor daude, baina eskolarik ez dugu. Hori da gure tragedia.
Egunen batean eskola izatea lortuko duzuela uste al duzue?
A.E.: Bi saiakera serio egin ditugu eta dagoeneko nekatuta gaude.
T.E.: Masa kritikoa falta zaigu. Haurrak baditugu, baina oso sakabanatuta.
P.M.: Bi eta hiru urtekoekin hasi beharra dago eta iaz zazpi firma lortu genituen. Eskola sortu daiteke, baina iraupena ziurtatzea zaila.
A.E.: Iaz ia lortu genuen eskola sortzea, baina arazoa goitik etorri zen. Haur kopuru bat eskatu ziguten eta kopurua lortu genuenean egitasmorik ez genuela bota ziguten. Eurak izan ziren kopuruari garrantzia eman ziotenak eta!
P.M.: Hala ere, kopurura ozta-ozta heldu ginen.
T.E.: Etxebizitza berriak egiten ari dira eta bertara 80 familia etorriko dira. Hemendik lauzpabost urteetara eskola eskatzeko inongo arazorik ez izatea espero dut.
Herritarrak elkartzeko beste egitasmo garrantzitsu bat Ezkio eta Itsaso lotuko dituen errepidea da.
A.E.: Hori da beste gabezia nagusia. Ez dakigu Foru Aldundiak bide hori egiteko benetako asmorik duen. Orain hiru aldiz egin behar dugu bidea: jaitsi, lautadan segi eta igo. Bide hori guretzat oso garrantzitsua da; baina Foru Aldundiari oso garestia iruditzen zaio, ez baitio errentagarritasunik ikusten.
P.M.: Ezin da dirutan baloratu.
Beste beharrik ikusten al duzue?
P.M.: Itsasoko gunea indartzeko beharra genuen eta lortu dugula uste dut. Etxe berriak daude, jende gazte gehiago dago, dinamika sortu dugu…
R.I.: Alde horretatik, Ezkio pobreagoa dela uste dut. Lagun gutxiago gaude eta horietatik oso gutxi gara gazteak. Beharbada Udalak etxebizitzak egin beharko lituzke gazteak erakartzeko.
Zuena bezain herri sakabanaturik ezagutzen al duzue?
T.E.: Ataun, baina San Gregorio eta Aia gune handi samarrak dira gureen aldean. Itsason 50 bat pertsona eta Ezkion 30 bat bizi gara. Gainera Ezkiokoen erdia baino gehiago 60 urtetik gorakoak dira. Itsason erdia baino gehiago gazteak dira eta horrek aurrera egiten lagundu dio.
P.M.: Dena den, gure bileretara gunetik kanpoko baserrietakoak ere etortzen dira.
T.E.: Egia da. Itsasok beti mugimendua izan du. Ezkiokook, berriz, Santa Lutzira jo dugu. Itsasoko auzoa, Alegi, ez da Santa Lutzi bezain indartsua.
Bestelakoan, Ezkio eta Itsasoren artean alderik ba al dago? Asko aldatu al da zuen arteko harremana bi herriak batu zirenetik?
P.M.: Lotura asko indartu dugu. Topaguneak ditugu. Dena den, egia da denek ez dutela parte hartzen. Batzuk batzearen aurka zeuden eta posizio hori mantentzen dute. Kultur etxe honetara etortzea oztopatzen dien barrera psikologikoa dute.
A.E.: Gizakiok halakoak garela uste dut. Urretxu eta Zumarragan, Azpeitia eta Azkoitian… berbera gertatzen da.
P.M.: Bat egitearen ondorioa da.
T.E.: Baina lehenago ere bazegoen Ezkioren eta Itsasoren arteko pikea.
Bat egitea ona izan zela uste al duzue?
P.M.: Ez dakigu Ezkio eta Itsaso egun nolakoak izango ziren elkartu ez balira.
T.E.: Nire ustez, bere garaian ez zen ona izan. Hasteko, ez zirela nahi zutelako elkartu esan behar da. Horren ondorioz, zer edo zer egin nahi zen bakoitzean oztopoak azaltzen ziren. Ezkiok Itsaso baino biztanle gehiago izan du beti eta urte hauetan guztietan Udalaren %80 Ezkiokoek osatu dute. Alkateari dagokionez, ia beti Ezkiokoa izan da.
P.M.: Itsason bigarren mailakoak sentitu gara beti.
T.E.: Zerbitzu guztiak Santa Lutzin daude. Ezkion eta Itsason bakar bat ere ez dugu. Udaletxea, kultur etxea, mediku etxea… dena Santa Lutzin dago.
Zergatik elkartu zineten?
P.M.: Bestela Zumarragak Ezkio hartuko zuelako. Ezkio eta Itsaso ez ziren kaudimendunak (solbenteak) eta herri handiagoak irentsiko zituzten beldur ziren. Itsaso Gabiriarekin elkartzekotan egon zen. Beste herri batzuk ere elkartu eta banandu ziren, baina Foru Aldundiaren agirietan onar daitekeen banantze bakarra Ezkio eta Itsasoren artekoa dela jartzen du. Batzea une eta koiuntura zehatz batean hartu zen erabakia izan zen, baina ez da hausturaren aldeko dinamikarik sortu. Itsasok sekulako biztanle beherakada pairatu zuen 1960tik 1980ra bitartean eta nire ustez banantzea horregatik ez zen eman. Itsason asko hitz egiten dugu herri independentea izateaz, baina ea nork ematen duen pausoa… Sekula ez dugu hain garbi hitz egin gai honetaz komunikabideetan…
T.E.: Nire ustez arazoa hori da: ez dugula hitz egin. Garbiago eta sarriago hitz egin izan bagenu, ez afarietan… Urteetako zama sentimentala mahai gainean jarri beharko genuke. 2008an halako herri txikien independentziak ez du zentzurik, alderantzizko bidea hartu beharko genuke: elkartu egin beharko ginateke zerbitzu gehiago eta hobeak lortzeko. Nik kuestionatzen dudana Urola Garaia mankomunitatea da. Egun ez du zentzurik.
Bestelakoan, nola ikusten duzue etorkizuna? Jende asko dago Santa Lutzi ingurura begira.
A.E.: Etorkizuna ilun ikusten dut: asko ari zaigu kostatzen herri izaera lortzea eta galduko dugun beldur gara. Abiadura Handiko Trenak herria erdi-erditik ebakiko du eta elkarketa zaildu egingo du. Beheko aldea lo-hiria bilakatuko da eta Urretxu eta Zumarragaren auzoa garen sentsazioa areagotuko da. Azkenaldian Urretxuk eta Zumarragak barruko industria guneak kendu eta hona behera bidali dituztela ikustea besterik ez dago.
P.M.: Behekoak ere badatoz… Gipuzkoako landa-eremu on bakarrak ditugu eta dena zementuz beteko dugu.
Gauza onik ikusten al diozue etorkizunari?
T.E.: Erronka Ezkio eta Itsaso indartzea da, baina baliabide gutxi ditugu. Mankomunitatean gaudenez, Anton Arbulu presidentearengana joan beharko dugu eske.
P.M.: Herri bakoitzak dituen hektareen arabera banatuko balitz dirua…
T.E.: Hona enpresak besterik ez dituzte ekartzen, baina behealdean jende mordoxka bizi da eta ezin dugu egin existituko ez balitz bezala. Geroz eta indar handiagoa izango du, baina gora ere begiratu beharra dugu. Horrek ez du esan nahi Ezkio eta Itsasoren artean herri berri bat egin behar dugunik. Beste helburu bat epe ertainera Santa Lutzi zerbitzuekin indartzea da.
Gaia aldatuz, nola ikusten dituzue Urretxu eta Zumarraga?
P.M.: Esan bezala, Itsasokook Beasain aldera jotzen dugu. Dena den, gora bidali gintuzten ikastera.
A.E.: Herri bezala ez dugu joera bat. Bakoitza bere beharren arabera joaten da Urretxu eta Zumarragara.
P.M.: Ni hango kiroldegira joaten naiz.
A.E.: Santa Lutzikook erosketak egitera bertara joateko joera dugu.
T.E.: Urretxu eta Zumarragako jendearentzat Ezkio-Itsaso ez da existitzen. Beraien mundua urbanoa da eta gurea landakoa. Politikoek euren hiru herrietan enbarazu egiten ziena Ezkio-Itsasora bidali dute eta zapaldutako anaiak sentitzen gara. Bestalde, gure herriaren goialdea gauza mitiko bezala ikusten dute.
Goierriko mankomunitatean hobeto egongo zinetela uste al duzue?
T.E.: Nik hala uste dut.
A.E.: Antzekotasun handiagoa dugu Goierrin dauden herri txikiekin Legazpi, Urretxu eta Zumarragarekin baino.
T.E.: Gure erronka Gabiria eta Ormaiztegirekin harremanak estutzea da.
Zer esango zeniekete urretxuar eta zumarragarrei?
A.E.: Ez dagoela urrutira joan beharrik dena ikusteko… Ezkiora oinez etorri daitezke eta Ezkiotik Itsasora ere oinez joateko bidea badugu.
P.M.: Asko joaten dira Izazpira eta Kizkitzara, baina hortik ez dira pasatzen. Seguru askok ez dakitela Mandubia Itsaso dela.
Zer esaten dizuete Urretxu eta Zumarragako ezagunek?
R.I.: Etortzeko esaten diet, baina oso gu-txitan etortzen dira. Egia esan, hemengo bizimodua eta Urretxu-Zumarragakoa oso ezberdinak dira.
T.E.: Onerako eta txarrerako. Hemen bizi-tzea okerragoa dela pentsatzen dut askotan. Ezkio-Itsasoko biztanleen %50 bakarrik bizi da landa eremuan. Gainontzekoak eremu mistoan bizi dira, txarrerako: ez dira batekoak ez bestekoak.
Hirietako etxebizitzetako erosotasun guztiak al dituzue dagoeneko?
A.E.: Telebistarekin eta Internetekin ez dugu arazorik, baina baserriak sakabanatuta daude eta gasik ez dute. Kolektorearekin loturarik ere ez dugu.
T.E.: 50 urteko saltoa eman dugu, baina bidean gauzak utzi ditugu. Zenbait baserritan ez dugu fosa septikorik, bideetan arazoak dituzte, adineko jendeari eta umeei ezin diegu zerbitzu duinik eskaini…
P.M.: Bizimodu hau guk egindako aukera ere bada eta landa-eremuarekin lotutako hainbat proiektu aurrera ateratzen laguntzen digu.
T.E.: Kaletarrek kaleko bizimodua anonimatua ematen dielako maite dute, besteak beste, eta herri txikiek hori ezin dute eman. Ezkio-Itsasora etortzeak anonimatu hori galtzea eta bertako dinamikan parte hartzea suposatzen duela ere argi utzi behar da.