Txikitatik izan zuen dantzari izateko grina. Bere zainetatik zehar hegaka zihoazen tximeleten laguntza izango balu bezala, irudi ederrak deskribatzen zituen bere gorputz argal eta hauskorrak dantza egitean.
Haurtzaroak eskaintzen duen babesa zuelarik, alaitasuna igortzen zuen bere begitarteak kristalezko oinak biolin hotsaren konpasean mugitzen ari ziren heinean. Ez zuen ez, inoiz ahaztuko, ehunka pertsonaren aurrean eskainitako emanaldia Lenin-en garaiko Moskuko antzoki itzel eta dotore batean. Ez zuten bere begiek bizitzako errealitaterik antzeman oraindik; hain ziren itsu eguneroko gatazka eta gertakarien aurrean… Soineko eta oinetako zuriek hiru biolin eta piano baten adiskidetasuna izan zuten gau hartan, eta neska txikiaren dantza-pausoek ikusleen begiradak argiztatu zituzten.
Tamalez, bizitzan zehar ilusioak izan arren, txikitan gozatutako babesa heldutasunaren elur malutek ezkutatu zuten behin betirako. Kale grisetan zehar paseatzean berebiziko ahaleginak egin behar izan zituen itxaropenaren arrastorik ez galtzeko. Etsipenez inguratuta egoteak nahaste egoera areagotu zuen bere buruaren barnean eta, era berean, ezbai moduko horretan mugitu bitartean tupusteko erabakiak hartu behar izan zituen. Ez zuen senarra nahi adina ezagutu, eta akats hark ondorio latzak ekarri zituen. Bera baino zortzi urte gehiago zituen gazte igeltsero batez maiteminduta utzi zuen familia hemezortzi urte zituela. Azkarregi ezkondu zen beharbada, eta hogei urte ez zituela hasi zen bularra ematen negu-minean.
Haurra eduki eta bi hilabetera bere buruaz beste egin zuen senarrak. Hotz sakonak eta alkoholak haren burua erabat nahasi zuten, eta inork ekidin baino lehen, su eman zion etxebizitzari bera barruan zela. Amak ihes egin ahal izan zuen non babestu jakin gabe eta jaioberria besotan zuela. Haurrak bularretik hartutako esneak likore usaina izan zuen denbora batez, eta baita emakumearen malkoek ere. Seniderik gertu ez eta etorkizunaren inongo imaginazio argirik gabe, hirian zuen lagun bakarraren etxean egon zen hilabete batzuez. Tabako usainak lagunaren etxebizitza zaharkituaren bazter guztiak hartu zituen berehala. Dantzariak leiho ondoan igaro zituen arratsalde ugari kez inguratuta, mamu gris baten antzera. Pentsamenduetan murgildu zen bere existentziaz erreflexionatuz; izan ere, bere lagunak ezin izango zuen denbora luzez zaindu eta are gutxiago dirurik laga. Urtebeteko haurrak amaren babesaren beharra zuen, baina egoera okertuz joan zen ez baitzegoen dirurik. Aitzitik, eta bere zorionerako, bihotzaren inguruan zuen izara beltzean zehar distira mesedegarriak aurkitzea lortu zuen. Txikitan erabilitako zapata txuri zorrotzak jantzi zituen ametsetan; soineko berriak josi zituen begiekin bere gorputz argal eta zuriaren inguruan; smoking beltza zeraman piano jolearen inguruan ikusi zuen bere burua dantza-pauso arinak eta dotoreak ematen; makilaje urdinez apaindutako zeruko begiek foku handiek proiektatutako argiagatik distira egiten… Bere haurtzaroan zehar begiztatutako bide guztiak itxi zituen bizitzaren esperientziak; denak bat izan ezik. Nahiz eta bere odoleko tximeletek hitzik ez egin hainbeste sufrimenduren ostean, ez zuten inoiz lo sakonik egin. Eguzki izpiek azal leuna zeharkatu balute bezala, haurtzaroko grina berpiztu zen modu batez.
Bizitzako aukerarik onena izango zelakotan eta azken denbora horretan jasandako sufrimendutik urrundu nahian, Stalingradora trenez bidaiatu zuen, han hasiko baitzen buruan zuen bizitza berria. Hala ere, erabaki horren esanahia nahiko gogorra bilakatu zen bat-batean, ezin izango baitzuen bere ume txikia berarekin eraman. Bere bizitzaren ziurtasun ezetik eta arriskuetatik urrundu nahi zuen semea denbora batez behintzat, baina bere lagunaren esku uztea ez zen erabaki erraza izan, inondik ere. Negar egin zuen umearen aurpegia ikusten zuen bakoitzean, behin bere helmugara iritsita, ez baitzen erraza izango hura berriro ikustea. Inoiz baino gehiago grabatu zitzaizkion begi txikien adierazpena, urre koloreko ilearen leuntasuna, azal zuria eskuekin laztantzean nabaritutako ukimen gozoa…
Herriko lagunak bere gurasoen etxera joateko asmoa zuen Moskura, eta hirian bizitza hobea izateko aukera zegoela pentsatzeak nolabaiteko lasaitasuna eman zion dantzariari. Gurasoen etxearen helbidea eman zionean, eskutitz ugari bidaliko zituela baieztatu zion lagunari. Ondoren, besarkada luze hunkigarri baten ostean, eskerrak eman zizkion egindako guztiagatik.
Stalingradon froga batzuk pasa ondoren Estatu Batuetara bidaiatzeko aukera eskaini zioten beste hainbat emakume dantzari errusiarrekin. Garai hartako ikuskizunik harrigarrienetako batean parte-hartzaile izateak harrotasun puntu bat sortu zion bere baitan. Baina haurtzaroan sentituak ez bezala, tximista bezain azkar egin zuen alde. Ez zen hura sentimendu alaien haria bere bizitzaren soinekoan josteko unea. Garaiz zen bizitza berri hartan pozik sentitzeko, bere semearengandik oso urrun sentitzen baitzen. Ahul sentitu zen hasieran, eta momentu batzuetan erabakitakoaz damutzera iritsi zen. Hala ere, eta Stalingradoko portuan mila malko isuri arren, irmotasunez heldu zion hartutako erabaki gogorrari. Baltiko itsasoan isladatutako ilunabarraren argi gorria zeharkatu zuen itsasontziak Amerika aldera.
Estatu Batuetan aurkitutako egoerak ez zuen bere barneko zulo beltza estali. Bere ikusmenak ez zuen kolorerik antzematen jungla ezezagun hartan, eta are okerrago sentitu zen hainbat diskriminazio sozialen lekuko eta biktima izatean. Askok atzera begiratzen zuten bere ondotik pasatzean inongo begirunerik gabe. Norbaiten antza al zuen? Noraino iristen zen hiri hartan atzerritarrekiko beldurra edo nazka hura? Hala eta guztiz ere, bere ile kizkur eta horia kale grisetako argia izan zitekeela pentsatu zuen, eta egiarekiko ezjakintasunez beteriko ehunka begirakuneren esanahia aldatzeko ahalegina egiten saiatu zen. Atzerritar zikin baten mamua soilik ikusten zutenen aurrean bere talentua erakusteko gura izan arren, ezjakin guzti haien lurra zapaltzearen arrazoia kontatzeko beharra sentitu arren, hitzak gordetzea erabaki zuen. Ez zuen bere betiko ametsetik banandu nahi, eta nahiago zuen bere burua anonimatuan gorde.
Cabaret-ak guztiz ezezagunak izan ez arren, ez zekien gehiegi ikuskizun hari buruz. Ordea, dantzarekiko zuen trebetasun eta argitasunagatik eta itxurazko edertasunagatik hautatua izan zen. Hiri amerikar hartako kaleetatik zehar “Josephine Baker’s Cabaret, February 12th at 8 p.m., Atlantic Theatre” bezalako kartel ugari ezarri zituzten. Ikuskizuna prestatzeari ekin zioten bost astez, non buruzagi moduko gizon aberats jasanezin baten oihuak entzun behar izan zituen, emakume haiek guztiak ez zutela ezertarako balio esanez. Beste dantzariek ez ezik berak ere gertutik usaindu zuen gizonari ahotik zerion ron kiratsa bere denborarik ez galtzeko esan zionean: “Don’t waste my time, stupid stranger!” Halakoetan burua makurtu eta “no, Sir” esaten zion. Beranduago, hamar orduko entseiuetatik ostatura bueltatzean, partekatutako logelako komunean sartzen zen negar egitera.
Laster ahul sentitu zen berriro ere. Egun erdia antzokian ematen zuen oihu latzak jasaten, soineko exotiko eta ikaragarriak probatzen eta otorduak errespetatzeke. Ametsetako piano jole dotorearen irudipena kea bezala desagertu zen, eta hainbeste frustrazio kanporatu nahian eskutitz luzeak bidaltzen zituen astero Moskura.
Ikuskizunerako pare bat egun geratzen ez zirela, berokia eta lepokoa jantzi zituen antzokitik gaueko bederatzietan atera zenean. Josephine Bakerren ahots leuna zuzenean entzuteak nolabaiteko lasaitasun sentsazioa zabaldu zuen bere gorputzean zehar, egun latz eta nekagarrien ondorioz sortutako ezinegona ezabatu zuten nota musikalak bezala. Abeslariaren ahotsa paisaia izoztu bateko lore gorri eta bizia bezala ikusten zuen; irudi esanguratsua benetan. Zoritxarrez, abeslariaren ahotsa eta honen irudi poetiko berezia bere burutik alde egin zuten handik gutxira, gau hartan bertan, babes handiagoko leku abstraktu baten bila joan balira bezala.
Bizkarra adreiluzko horma baten kontra zuen gizon zaharkitu baten ondotik igaro zen ostatutik gertu. Ilezuria zen, gorputzez nahiko argala eta begiak urdin sakonekoak. Begirada galdua zuen, eta bakarrik hitz egingo balu bezala mugitzen zituen ezpain lehortuak. Ez zen gizonak dantzaria ikusten zuen lehenengo aldia. Hura ikusi zuen lehenengo egunetik bere ezpainak laztandu nahi izan zituen. Bere ezpainek zer edo zer berezia zuten berarentzako, inork ulertu ezin zezakeen zerbait, hitzez azaldu ezin daitekeena. Konturatzeke, gizona bere atzetik joan eta esku batez ahoa estali zion. Emakumeak ahal izan zuen moduan borrokatu zuen arren, gizonak erraztasunez lortu zuen kale itsu batera eramatea. Zabor-ontzi batzuen kontra bultzatu zuen masailean zauri bat egin ziolarik. Malkoek masaileko zauria ukitzen zutela, garrasika hasi zen laguntza eske, baina inguru haietan inor ez zegoela zirudien. Zutik jartzen saiatu zenean gizonak lepotik heldu eta hormaren kontra bultzatu zuen. Begiak urduritasunez mugitu zituen alde batera eta bestera norbaitek egoera haren aurrean zerbait egin zezan eskatuz bezala, baina kaleak guztiz hutsik zeuden. Arnasa hartzeko zailtasunak zituen arren, garrasika jarraitu zuen beldurtuta. Gizonak, esku batez lepoa heldu ziolarik, beste eskuarekin laban zorrotz eta distiratsu bat atera zuen praketako atzeko patrikatik eta bere biktimaren lepora gerturatu zuen. Irribarre maltzurra eginez emakumearen ezpainetara gerturatu zituen bereak eta ingelesez hitz egiten hasi zitzaion zurrumurruka. Alkohol eta tabako kiratsa zerion amerikarrari. Dantzariak labanaren xafla hotza bere larruaren kontra nabaritu zuen unean ezin izan zuen gihar bat ere mugitu. Gizonaren ezpain latzak berarenak ukitu zituztenean sufrimenduz eta minez beteriko negar-tanta bakarra erori zen laban-xaflara. Gardena izan arren, malko hura bere bihotzaren ispilua balitz bezala jokatu zuen, eta tantatxo horretatik labanari begira geratu zitzaion urtebeteko umearen aurpegi errugabea, baina geroago bere amaren begietara iritsi ziren harenak. Begirada samurra zen haurrarena… Momentu batean, gizonaren hutsegite bat aprobetxatuz, labana eskutik kendu eta sabelean sartu zion harik eta gizona lurrera erori zen arte. Ez zekien zergatik egin zuen, eta odolak kale itsuaren bazterrak zikintzen zituen bitartean, ez zekien zer egin. Beldurtuta zegoen, oso beldurtuta. Gizon hura hilzorian zegoela zirudien, errudun sentitu zen, baina handik alde egin zuen negarrari eutsi ezinik…
* * *
Bi egun beranduago abeslariaren atzeko dantzarien artean zegoen ikuskizuna hasteko zegoela. Guztiak beltzez jantzita zeuden, nahiko dotorea zen smoking batekin. Honen azpian alkandora zuria zeramaten gorbata beltzarekin, eta kapela beltz batek begi bat ezkutatzen zien. Eszenatokia gortina erraldoi batzuek ezkutatu zuten zortziak arte. Bitartean, oihalaren beste aldean, ongi jantzitako jendea hasi zen besaulkietan esertzen, gehienbat dirudunak.
Zortziak puntuan isiltasuna nagusitu zen antzoki osoan zehar. Aurkezpen labur baten ostean gorrimin koloreko gortinak lehen musika notekin batera igo ziren. Josephine Bakerren ahotsa aretoan zehar hedatu zen, eta dantzariek ahots berezi haren interpretazioa egin zuten, ahots ederra eta sentsuala, sentimenduz eta poderioz betea.
Hasieran, emakume dantzaria ez zegoen nahi bezain kontzentratuta. Burua eszenatokitik urrun zuen eta oroitzapenik gertukoenak kale itsuko gizonaren odolez eta garrasi lazgarriz estalita zeuden. Bere dantza-pausoak berak kontrolatuko ez balitu bezala sentitu zuen. Hala ere, saxofoien eta pianoaren musikak urrun entzuten zituen arren, dantzan jarraitzeko gai izan zen. Bere oinek egur beltzeko oholtzaren gainean mugimendu arin eta biziak deskribatzen zituzten heinean, bi egun lehenagotik sentitutako erruduntasuna baretzen hasi zela sentitu zuen, erasotzailea ez baitzen bera baino errugabeagoa.
Come taste the wine, come hear that band
Come blow your horn, start celebratin’
Right this way, your table’s waitin’
No use permittin’ some prophet of doom
Wipe every smile away,
Life is a cabaret old chum
So come to the Cabaret!
Abestiaren amaiera gerturatzean, abeslariak piano gainean eserita abestu zuen irmotasunez eta poderioz.
Start by admitting from cradle to tomb
There isn’t that long a stay
Life is a Cabaret, old chum
It’s only a Cabaret old chum
And I love a Cabaret!
Beste hamar abestiren ostean kontzertua amaitutzat eman zen. Gainontzeko neskekin batera aldagela zaharkitu batean sartu zen ikuskizunerako arropak txukuntasunez zintzilikatzeko. Argiztatutako ispiluaren aurrean makilaje guztia kentzeko eseri zenean harrotasun puntu bat nabaritu zuen egindako emanaldiagatik. Une hartan argilunak somatu zituen begiak ixtean, eta bere semearen begirada ez zen malko bakar batean ere islatu. Denbora gehiegirik galdu gabe ostatura bueltatzeko prestatu zen, eta behin ohean etzanda egonda, gutun luze bat idatziko zuela pentsatu zuen, Moskura bidaltzeko. Paris, Berlin eta Chicago bezalako hiriak etorri zitzaizkion burura; izan ere, dantzari taldeak urtebeteko jira egiteko asmoa zuen beste hainbat herrialdetan ikuskizun berarekin jarraitzeko. Aldageletatik atera eta antzokiko eskailera nagusietarako bidea egiten ari zuenean, poztasuna sentitu zuen aspaldiko partez, benetako alaitasuna. Baina tximeletaren hegoak hauskorrak diren bezala, eta ilunabarraren argia ahula eta goibela den moduan, horrelakoa bilakatu zen bere existentzia bala hark gorputza zeharkatu zionean.
Ikusleak antzokiko sarrera nagusian bilduta zeuden hizketan eta kopa dotoreetatik txanpaina edaten. Eskailera nagusiak jaitsi zituenean kalera irten zen zuzenean ostatura joateko. Izandako esperientzia berriari buruz idazteko grina zuen, bere semeak aurrerantzean jakin zezan bere amaren lehen antzezpenari buruz.
Gertakariak azkarregi jazo ziren gau hartan, inork ez baitzuen denborarik izan gertatutako guztiaz konturatzeko. Dantzariak ez zuen inoiz imajinatu hiltzat eman zuen gizonarekin aurkituko zenik malko bakar batek bustitako ganibetaz zauritu eta gero. Bere bizitzako une hartan erokeria hutsa zen bala bat bere barneko argia tupustean itzaltzeko gai izango zela pentsatzea… Espaloi hotzaren kontra hilda erori aurretik hiltzailearen aurpegi desitxuratua ikusi zuen, zeinek etsipenez negar egiten baitzuen, buruari tinkotasunez eutsiz.
Kalea gertakizuna ikusten ari zen jendez gainezka zegoenean, dantzariaren begiak errealitatearekiko urrun zeuden. Ez zuen inoiz jakin gizonaren adimen-urritasunak halako bihotz gabekeria egitea bultzatuko zuenik. Zorigaiztoko gizonak ezpain haiek laztandu nahi izan zituen egun batzuk atzerago, baina batek daki zer egin zukeen sastada bat jasan izan ez balu. Gau hartan, eta jende guzti haren aurrean, gizona bere biktimaren ondoan belaunikatu eta muxu eman zion, hainbeste egunez desiratutako muxua. Lekukoak zur eta lur geratu ziren; inork ez zuen ezer esaten. Hiltzaileak bere hatzekin laztandu zituen emakumearen ezpainak urrea balira bezala, eta bat-batean, inork espero gabe, bere buruaz beste egin zuen pistola berberarekin. Bere gorpua dantzariarenaren gainean erori zen, besarkatuta egongo balira bezala. Inork ez zuen aurkitu egoera hura azaltzeko deskribapenik, esanahi egokirik, guztiz adierazkaitzak baitziren gizonaren adimen kaltetuaren nahiak; hala ere, gertaera malenkoniatsu haren bukaera argi eta garbi agertu zen ehunka lekukoen aurrean.
* * *
Dantzariaren gorpua Errusiara eraman zutenean hileta xume bat ospatu zen kanposantu bateko zelai eguzkitsu batean. Bertan bere gurasoak, lagun mina eta hamalau hilabeteko umea zeuden. Haurra izan ezik, gainontzekoak hunkituta zeuden aurpegi serioarekin. Denek zekiten norbaitek hil egin zuela, baina inork ez zuen ezagutzen errealitate haren zergatia.
Tximeleta zuri bat haurraren eskuineko sorbaldan leuntasunez pausatu zen bere amatzakoaren eskutik helduta zutik zegoenean. Umeak intsektuaren edertasuna behatu zuen, honek bere sorbaldan geldirik jarraitzen baitzuen. Irribarre egin zuen. Hego haien zuritasunean bere amaren aurpegia islatuta ikusten ari zela zirudien. Bere pusketa bat izango balu bezala sentitu zuen, eta nahiz eta aspekturik gehienetan ezezaguna izan, bere amaren arimaren puska hark maitasuna eta samurtasuna eman zion.