Euria egin zuen atzo Urretxun, baina ez zuen euriak San Martin jaia zapuztu. Antolatzaileak gustura daude, herritarren parte hartzea handia izan zelako.
Aterpe Jubilatuen Elkarteak eta San Martin auzoko bizilagunek ekintza ugari prestatu zituzten egun osorako. Buzkantza pintxoak eta txokolatea banatu zituzten, dantzaldia egin zuten jubilatuen elkartean eta musikak Urretxuko kaleak ere alaitu zituen iluntzean.
Martintxo txerria izan zen dena den atzoko eguneko protagonista. Arratsaldeko 17:00etatik 21:00etara egon zen ikusgai Gernikako Arbola plazan. Ordu horretan, 21:00etan, egin zen bi urdaiazpikoren zozketa. Zenbaki saridunak 263 eta 1063 izan ziren. Sarituek Urretxuko kultur etxean jaso beharko dituzte urdaiazpikoak azaroaren 20a baino lehen.
Parte hartzea
Antolatzaileek esan dutenez, arratsaldean antolatutako jolasetan 150 bat haurrek hartu zuten parte. San Martin auzoko bizilagunek ere izan zuten lana pintxoak eta txokolatea banatzen. Prestatuta zuten dena amaitu baitzen. Bestalde, urdaiazpiko zozketarako saldutako txartelekin 888 euro bildu ziren. Diru hori, oraindik zehaztu gabe dagoen irabazi asmorik gabeko herriko giza elkarte bati emango zaio.