Itunpeko irakaskuntzaren hitzarmenaren pean lan egiten duten ikastetxeek egun osoko greba egingo dute gaur Gipuzkoa, Araba eta Bizkaian. Ikastolak, kristau eskolak eta lanbide eskolak daude sektorean. Zumarraga eta Urretxuren kasuan, ikastolak eta Lizeoak eta La Salle ikastetxeak egin dute bat greba deialdira.
Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailaren eta itunpeko irakaskuntzaren artean finantzazio marko berria sinarazteko helburua du protestak. EILAS, ELA eta LAB sindikatuek bat hartuta egin dute grebarako deialdia, eta itunpeko ikastetxe guztietako langileek baietza eman diote, gehiengoz. Gaur, beraz, ez da ohiko eskola eta hezkuntza zerbitzurik izango ikastetxe horietan.
Aldaketa
Gaur egun indarrean dagoen hitzarmena «zaharkituta» geratu da, eta oraingo beharretara egokitzeko akordio berria beharrezkoa dela adierazi dute hiru sindikatuek. Orain hamasei urte, 1992an sinatu zuten Hezkuntza Sailak eta ikastetxeek ituna, zentroen finantzaketa eta langileen baldintzak ordaintzeko zehazten duen araua.
Datuak
Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako 361 ikastetxetako 12.200 langile daude greba egiteko deituta, horietatik 11.600 irakasleak eta gainontzeko 600ak bestelako lanetan aritzen direnak. Itunpeko ikastetxeetan 159.266 ikasle ari dira ikasten EAEn. Langileen ordezkariek adierazi dutenez grebak jarraipen zabala izango du gaur; Gipuzkoan, adibidez, ia erabatekoa izango da lanuztea.
Gaiarekin lotuta, Goierri mailako datuak irakurri Goierriko Hitzan.