Hilabete daramat sakon lo egin ezinik; edo bi, agian. Xabier txikiak gauez negar egiteari aspaldi utzi izanagatik, ezin dut loaren magalean garai batean bezala kulunkatu.
Ezta oheratu aurretik lankide batek gomendatu zidan pilula ustez eraginkorra irentsita ere. Ez dago modurik. Eta ez dut lehengora itzul naitekeenik uste. Hori da okerrena.
Ohe berean lo egiten jarraitzen dugu Anderrek eta biok oraindik; gela ezberdinetan lo egingo bagenu ere berdintsu izango litzateke, ordea. Hasieran bezala, bion gorputzek elkarren ondoan jarraitzen duten arren, elkarrengandik kilometrotara gaudela iruditzen zait niri. Ez dakit zer iruditzen zaion Anderri, baina uste berekoak garela esango nuke. Belarrira esandako hitz goxoak eta elkarrekiko begirada maitekorrak iraganeko kontua dira, iragan urruneko kontua. Edo hala dirudi, behintzat.
Goizeko 6ak. Betiko orduan, gaur ere, iratzargailuaren txirrin hots ozena. Orduak eman ditut txirrinaren zain, iluntasunera ohitutako begiak zabalik, sabaira begira. Garai batean lozorrotik ateratzen ninduen txirrin hots gogaikarria, ohetik braustakoan altxarazten nauen eztenkada zorrotza bilakatu da azkenaldian. Egun, antzina munduan gehien gorroto nuen hotsaren zain egon ohi naizela esan daiteke. Sinestezina da gauzak zenbat alda daitezkeen hain denbora gutxian. Komuneko bidean, ez da erraza egun berri bati aurre egiten lagunduko didaten indarra eta gogoa biltzea. Ander lo dago oraindik; komuneko ispiluari begira nagoela argi entzun dezaket logelatik datorren zurrunga hotsa, Anderrek duen patxadaren isla. Sarritan pentsatu izan dut, neuretzat nahi nukeela berak duen patxada.
Urteak ez dira alferrik igaro; ez dago munduan erlojurik, denboraren joana etxeko komuneko ispiluak baino hobe neurtuko duenik. Ispiluak ez du sekula gezurrik esan, ezta esango ere. Aspaldi utzi zenion gazte izateari, Maider, diosta azkenaldian goizero ispilu isekariak. Arrazoi du, agian. Anderren maitasun keinu eta hitz politak bakanagotzen joan ahala hasi zen ispilu lotsagabea ni iraintzen. Eta jasangaitza zait, zenbaitetan, bere barre algaren ozena. Ukabilkada batez ispilua mila zatitan apurtzea ere pasa izan zait burutik sarritan. Nahiko lan daukat, ordea, nire bihotz zartatuak bidean galtzen dituen zatitxoak etengabe lurretik jasotzen, erratzarekin ispilu birrinduaren mila zatiak komuneko zorutik biltzen hasteko. Ezinezkoa litzateke, gainera, zati guztiak jasotzea, horrelakoetan beti geratzen baita zati txikiren bat lurrean, inoiz berealdiko beiraki izandako beira apurtuaren lekuko betiereko gisa. Eta, aurrerantzean komunera oin hutsik sartzeko beldur izateaz gain, lekuko horrek berdintsu gogoraraziko lidake ispiluaren berbaldia. Alferrik, beraz.
Xabierren jaiotzak Anderren eta bion arteko harremana berbideratuko zuela uste nuen. Argi nuen, bederen, nekez berbideratuko zuela gure artekoa ezerk, Xabierren jaiotzak berbideratu ezean. Anderrek ere pozik zirudien, bizkor igaro zen haurdunaldiak iraun bederatzi hilabeteko itxaronaldi patxadatsuan. Xabier munduratu zen unean ere, nire ondoan egon zen, atzerako keinu zirkinik egin gabe. Berezia izan zen Xabier argira bultzatzeko egin behar izan nuen naturaz gaindiko indarra Anderren eskua eta besoa estutuz orekatzea. Biok bat ginen, behingoz. Xabierren ailegaerak batu gintuen, azkenik! Edo hala uste nuen.
Garai batean harreman estuagoa genuen amak eta biok. Badakit mesede latza egiten digula egunero egunero Xabier zaintzearen ardura hartu zuenetik. Ez dakit nola ordainduko diogun egiten duen guztia. Ez dago diruz ordaintzerik amak ematen digun laguntza. Berak ez du dirurik nahi, gainera. Sekula ez da dirutza handien jabe izandakoa gure ama, baina bizitza guztian zehar duintasunez lan egin ondorenen, ordaintzea gehien kostatzen diren mesedeak: diruz ordaindu ezin direnak. Zer eman, bizitzaren hondarrean berea behar ez lukeen lan bat borondate osoz musutruk egiten ari denari? Maitasuna, agian. Eta horretatik gutxi dago etxe honetan. Gau batean etxeko leiho guztiak zabalik utzi eta maitasunak alde egin izan baligu bezala geratu zaigu etxe hau: inolako maitasun arrastorik, zahartzaro lasai xamar bat igarotzeko moduan da uneotan. Eta horiek dira, hain zuzen.
Xabierrekin egoteko denbora gehiago izatea nahiko nuke. Ia ohartu ere egin gabe hazten ari dela iruditzen zait. Agian ez du oraindik bere benetako ama ni naizenik sumatu ere egin. Atzo besoetan hartu nuen aspaldiko partez eta ez zuen bakerik izan haur gizajoak amonaren besoetara itzuli artean. Hura haurraren negarra. Nire bihotza arrakalatu zuen, alde batetik bestera, haurraren negar kontsolaezinak. Hego haizearen eragina edo, nonbait. Hala pentsatzera behartu dut neure burua.
Gorka Azkarate