Emakume bat errepide luzean lasterka doa. Trafikoaren kontra, bazter-bazterretik. Bide ertzean kolore guztietako autoak daude aparkaturik, horiak, berdeak, beltzak, zuriak.
Haien albotik pasatzean, garbitu egiten ditu eta lehortu. Izan ere, euria iragarri dute irratian eta harrigarria bada ere euria ari du.
Korrikalaria urduri doa, usu baino urduriago eta berak espero baino arinago. Zangoak baino astunagoa nabaritzen du burua. Lasterka daramatza oinak, zapatila zuriek behartzen diote pausoa. Ez ditu pauso luzeak ematen; luzeak baino indartsuak dira emakumearen saltoak. Badirudi asfaltoan bere aztarna utzi nahi duela: “Julia, Atila femeninoa, hemendik pasa zen”.
Argala da, argaletan argala, eta euriaren eta haizearen kontra borrokan, are argalagoa dirudi. Ukalondoak laurogeita hamar graduko angeluan tinko eta ukabilak gogor itxita, besoekin hartzen du inpultsoa. Ezker zangoa aurreratzean eskuin besoa aitzinatzen du, eta alderantziz, ezker besoak abantzatzerako atzean du oraindik eskuin zangoa. Bular txikikoa da eta ez zaio apenas mugitzen. Haize boladak elastikopean sartzen zaizkion arte. Orduan puztu egiten zaio soin-enborra, eta hegan doala ematen du.
Gogor ari du euria: putzuetan olatuak sortzen ditu; automobilen azpira zipriztin eginda sartzen da; emakumearen zapatila eta galtzerdietan ez da ur gehiago kabitzen, bide ertzean ez da arimarik ikusten, soilik aterkiak eta aterkiak. Kolore guztietakoak: gorriak, urdinak, beltzak, berdeak, loredunak, marradunak, arrosak…
Burua gorputza baino aurrerago darama: gogoak zabaltzen dio bidea. Petrolio koloreko ileak erabat korapilatuta ditu. Pauso eta pauso artean, eskuin eskuaz, aurpegian itsasten zaizkion motots solteak atzera bidaltzen ditu. Ezker masailean behera zuena kendu du aurrena: ahoan sartzen zitzaion. Bi pauso aurrerago, kopeta alde batetik bestera zeharkatzen zion ilea belarri atzera eraman du. Aurpegia garbitzeko aprobetxatu du keinua: euri tantak bekainetan, betileetan, sudurrean eta ezpainetan behera isurbide gehiegitxo irekitzen ari ziren. Irribarrez doala dirudi, baina irribarrea neke eta sufrimendu extremoak eragindakoa da: hortzak estututa, sudurra zimurtuta, begiak ia negarrez.
Joanean-joanean, emakumea bidegurutze bat zeharkatzekotan da. Ezker zangoko zapatilan jarri du bere soin meharreko pisu dena. Besoak sorbaldetatik zintzilika laga ditu. Ezkerrera begiratu du aurrena, eskuinera hurrena: libre. Eskuin zangoa altxatu, malkorra erlaxatu, bi salto txiki eman, eta badoa aurrera. Geldialdia segundo bakarrekoa izan da, baina bere bizitza osoa bezain motela iruditu zaio. Aharrausi bat, begi kliska bat, eta berriro ezker-eskuin, ezker-eskuin eta ostera berdin; korrika doa.
Aurrera egiteko sentsazioaren beharragatik-edo, ez zaio asko kostatu erritmoa berreskuratzea. Helmuga parean ikusteko ilusioagatik-edo pausoak luzatu eta bakandu egin ditu. I’ve paid my dues time after time eskuin zangoarekin pauso luzea, segundo bat airean eta berriz asfaltora. I’ve done my sentence, but committed no crime ezker zangoarekin pauso luzea, segundo bat airea eta berriz asfaltora. Jabetu da bukatzen ari dela. Besoak altxatu ditu, biak batera ahalik eta goren. Bi alboetara begiratu du txalo bila, baina ez ditu eskatu behar izan. Txalo zaparrada bat eskaini diote.
Helmugako pankartaren inguruko poste, baranda eta banderatxoak propagandaz beteta daude. Kolore guztietako mezuak dituzte, gorriak, berdeak, laranjak, urdinak… Haizeak harrotzen ditu eta sekulako iskanbila sortzen dute. And I need to go on, and on, and on, and on. Emakumea zoratzeko bidean dago, lasterketa hasi denetik zeharkatu nahi zuen marraren gainean jarri da tente, geldi-geldi, orrazten. Petrolio koloreko ile guztiak atzerantz bildu ditu estu-estu. Motots altu airosoa egin du eta photofinisheko kamara non dagoen galdetu du. We are the champions, my friends, and we’ll keep on fighting till the end. We are the champions, we are the champions…
Lehenengo argazkian keinu jostaria egin dio kamerari. Bigarrenean, bi eskuak ahora eramanez musuak zabaltzen atera da. Hirugarrenean, korrika ari denaren itxura egin du. Laugarrenak, helmugako marra ekilibristen soka balitz bezala, haren gainetik ibiliz harrapatu du. Bosgarrenean, negarrari eman dio. Seigarrena, ez diote ateratzen utzi antolakuntzakoek. Besoetatik helduta bazter batera eraman dute. Eta orduan, txirrindulariak tropelean sartu dira.
Amaia Artolazabal Amilleta