Ekainean jarri zuten martxan eskolara oinez joateko egitasmoa Urretxun eta Zumarragan, martxoan aurkeztu bazuten ere. Hasierako esperientzia probakoa soilik izan zen. Arduradunak dena den, egin dute hasierako balorazio bat eta hau guztiz positiboa izan da. Urretxuko Gainzurin 11 haur hasi ziren egitasmoan eta Urretxu-Zumarraga Ikastolan 66 ume hasi baziren ere 100ek bukatu zuten.
Sumatu duten gabezia handiena baina, arduradun faltarena izan da. Gainzurin bost gurasok hartu zuten parte eta Ikastolan berriz 11k. Eskola bakoitzean adin desberdinetako haurrek parte hartu dute.
Kanpaina informatiboa
Proiektuak aurrera egin dezan eman beharreko pausoei buruz ere hitz egin zuten Milazangoaren balorazio bileran. Umeentzako ibilbideen mapa antzeko bat egingo dute, eta publizitatea egiteko logoa jarriko dute geraleku bakoitzean. Gainera, beharrezkoa den tokietan udaltzainen laguntza eskatuko dute.
Irailean Milazangori buruzko publizitatea eta informazioa bidaliko diete ikasleen gurasoei. Parte hartu dutenekin bilerak egingo dituzte, boluntario gehiago hortik lor daitezkeela iritzita. Eskola barruan irakasleek gaia landuko dute ikasleekin.