
Urretxu-Zumarragatik Azkoitiara doan errepidea eraberritu behar du Gipuzkoako Foru Aldundiak eta lan horien nondik norakoak definitze aldera herritarrak inplikatuko dituen prozesu parte-hartzailea martxan jarri du. Ekarpenak jasotzeko epea asteartean itxi behar bazuten ere, irailaren 12ra arte luzatu dute.
Mondragon Unibertsitatearen aholkularitzarekin errepide horrek ukitzen dituen udalerri guztietako (Azkoitia, Urretxu, Zumarraga, Antzuola eta Bergara) herritarrel osatutako taldea eratu dute jada. 50 herritarrak erroldak hartuta zotz eginda aukeratu dituzte.
Talde horretan landuko dira beste herritarrek, taldeek edota alderdi politikoek helarazitako ekarpenak eta iradokizunak. Ekarpenak egiteko postontziak jarri dituzte udaletxeetan eta gune bat ere ireki dute Interneten (www.gipuzkoapartehartzen.net).
Gi-631 errepidearen (Zumarraga-Zumaia) 13 kilometroko tartean egin daitezkeen eraberritze lanak zehaztu nahi ditu Diputazioak, «herritarren iritziak aintzat hartuz». Momentuz, ingenieritza enpresa batek 27 irtenbide proposatu ditu. Lehen zatia egiteko (Azkoitiko irteerari dagokiona, Etxesaga-Igara) zortzi aukera leudeke. Azkoititik Aizpurutxora arteko zatia egiteko hiru proposamen aurkitu ditu enpresa horrek. Aizpurutxo auzoaan zeharbide bat egiteko asmoa dago.
Ekarpen guztiak biltzen dituztenean hasiko dira taldearen bilerak egiten, eta foro horretatik aterako da Foru Aldundira helaraziko duten proposamena. Proiektua zein izango den erabakitzeko azken hitza erakundeena izango da.