
Goierriko eskualde osoari dagokion lurralde antolamendu plana behin betiko izaerarekin onartu du Eusko Jaurlaritzak, atzo jakinarazi zuenez. 2025era arteko indarra izango du LZP Lurraldearen Zatiko Planak. Hiri antolamendua, komunikazio bideak, etxebizitza guneak, natur eremuak eta lurzoruaren erabilera arautuko ditu LZPk, lehenbiziko aldiz Goierriko eskualdea unitate bakartzat hartuta garatuko duen planteamenduarekin. Udalerrien mailan arau subsidiarioen pareko litzateke LZP eskualde neurrian, baina udalerriz gaindiko eraginarekin.
Beasain-Zumarraga area funtzional gisa indartu nahi du planak, eta eremu hori garatuko du bereziki. Baina Goierri osoari eragingo dion antolamendua ere badakar. Hirigintza eta zerbitzu ordenazioan unitate bakar bezala funtzionatu beharko baitu eskualde osoak, LZPren arabera.
Lau multzo handitan garatu dute Goierriko eskualde-egiturako Lurraldearen Zatiko Plana: eskualdearen espazioaren ordenazioa, oinarrizko azpiegiturak (garraiobideak, komunikazioak eta zerbitzuak), bizilekuak, eta espazio irekiak eta ekipamenduak. Eskualdeko baliabide naturalak, paisaje eta ingurumen balioak «zaindu eta babestea» da beste helburu bat.
Hainbat ekinbide
Planaren txostena oso zabala eta xehetasunez josia da. Traza nabarmen batzuk aipatzearren, gure herriei reagiten dietenetako batzuk:
-Beasain-Zumarraga korridorea antolatzea. Bi eskualde-buruen bitarteko bailara egituratuko da «azpiegitura-euskarri zentrala» bihurtuz, bi buruen arteko lotura indartzeko. Bizilekuak eta ekonomia-jarduerarako guneak eraikitzeko eremu potentzial izendatzen du planak Ormaiztegi-Gabiria-Ezkio-Itsaso lerroa. AHTren trazatua eta Ezkio-Itsasoko tren geltoki berria han izango dira. Gi-632 autobidetik zuzeneko lotunea eraikiko litzateke hara, Santa Lutzia auzoaren parean.
-Herrien sistema hierarkizatu. Lau mailatan: bi hiri-multzo buruak (Beasain-Ordizia-Lazkao eta Zumarraga-Urretxu-Legazpi Oria Garaia eta Urola Garaia azpi-eskualdeen buru gisa); herriguneak (biztanle gutxiago dituztenak); landa eremuetako herriguneak; landaguneak.
-Garraio zentroak. Beasaingo eta Zumarragako tren geltokiak eskualderako garraio zentro bihurtuko dira, intermodalitatearen kontzeptuarekin (trena, autobusa, aparkalekuak; merkataritza eta zerbitzu guneak).
-Garapen korridoreak. N-1 eta Beasain-Durango (Gi-632) ardatzak izango dira sarbide nagusiak.
-Ekonomia jarduerarako eremu berriak, Beasain-Zumarraga korridorean. Hiru esparru proposatzen dira, «bat behintzat promozio publikokoa». Beste bat Igartzola haranean egin nahi da, salgaien eta garraioaren sektorerako.