
Iñaki Zabala alkateak, Urretxuko Udalaren izenean, gutuna igorri zion atzo Zumarragako Udalari, Z.2.4 Plan Bereziaren inguruan negoziatzen hasi ezean Zumarragako Udalaren aurkako neurri administratiboak edota judizialak hartuko dituela jakinaraziz. Herenegun iluntzeko Osoko Bilkuran eman zion Zumarragako Udalak azken onespena planari. Geltoki intermodalaren lanak, esate baterako, planaren barruan daude.
Z.2.4 esparruko Plan Bereziaren hasierako onespenaren berri Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean izan zutela adierazi du gutunean Urretxuko Udalak. Alegazio epea abuztuan izana ere deitoratu dute, «udaletako jarduna ia geldirik aurkitzen denean». Zabalak sinatutako gutunak dioenez, «Plan Bereziaren osatze prozesua eta onespena Urretxuko Udalari ezkutatzeko asmoz egin dela esan daiteke eta hori ez da fede onaren eta elkarren ondoan dauden bi herriren artean espero diren harremanen erakusle». Urretxuko Udalarekin «hitz egin gabe» hartutako erabakia ordenamendu juridikoarekin bat ez datorrela ere nabarmendu dute gutunean.
Trafiko arazoak konpontzeko «negoziaketa serio bat berehala» irekitzen ez bada, planteamendu hori administratiboki edo judizialki aurkaratuko dutela jakinarazi dute. Urriaren 10era arteko epea eman diote Zumarragako Udalari «erantzun egoki bat» emateko, bestelakoan Urretxuko Udala neurriak hartzen hasiko dela iragarri dute.
- Hemen duzue Urretxuko Udalak irailak 30ean Zumarragako Udalari aurkeztutako errekerimendua .
- Xehetasun gehiago Goierriko Hitzak argitaratutako albistean.