
Interpretazio zentroaren inguruan, baretuta zegoen eztabaida berriz piztu da azken asteetan, Udalak, ideia lehiaketan aurkeztutako proiektuaren gainean egin nahi dituen aldaketak tarteko.
Zumarragako PSE-EEk interpretazio zentroa izan zitekeenaren aurre-proiektu bat aurkeztu zuen aurreko legegintzaldian. Aurre-proiektu honek oposizioko alderdi politikoen eta herritar gehienen gaitzespena jaso zuen, testuinguru hartan osatu zen Antiguarekin herri plataforma ere. Egoera hartan, udal gobernuak, herriko zenbait eragileren onespenarekin, ideia lehiaketa bat deitzea onartu zuen. Lehiaketa Ventura+Limona arkitekto talde kataluniarrak irabazi zuen.
Ventura+Limonak proposatutako proiektuari Udalak egin nahi dizkion aldaketak, iruzurtzat jo ditu Antiguarekin plataformak. Beste hainbat gauzaren artean interpretazio zentroaren eraikitako azalera %50 handitu nahi duela eta aurrekontua 600 mila eurotan handituko duela leporatu dio udal gobernuari.
Gaiarekin inguruan euren ezadostasuna adierazteko, datozen asteetan mobilizazioak deituko dituela jakinari zuen atzoko agerraldian herri plataformak. Mobilizazioen gainean herritar batek egin zuen galderari erantzunez, hirigintza batzordeak bilerak egiten dituenetan Zumarragako plazan elkarretaratzeak egiteko asmoa dutela argitu zuen.
Gipuzkoako Foru Aldundiak gaiaren inguruan izango duen erantzunkizuna zein izango den galdetuta, etorkizunean Aldundiak ez duela zentroa mantentzeko diru-laguntzarik emango esan zuten. Amaitzeko, herritarrak egingo diren ekintzetan parte hartzera animatu zituzten.