
Hainbat dira urte guztian zehar Urgadiel elkarteak antolatzen dituen ekintzak. Guztiak ere, herritarren artean gaixotasunaren inguruko informazioa zabaldu eta aholkularitza emateko helburuarekin antolatzen dira. Pasa den azaroaren 14an Diabetesaren Nazioarteko Eguna izan zela eta hainbat ekintza antolatu zituzten. Gaurkoa, aurtengo guztien artean azkena izango da.
Nerea Egaña Zumarragako Ospitaleko endokrinoak hartuko du parte gaur arratsaldeko hitzaldian. Medikuak hala eskatuta antolatu du Urgadielek gaurko solasaldia. Elkarteko kideen eta medikuaren arteko lehendabiziko harremanak finkatu nahi dira gaur, etorkizunean gaiaren inguruan elkarrekin lan egiteko helburuarekin.
Hitzaldia elkarteko bazkideei bereziki eta herritar guztiei orokorrean dago zuzenduta. Gaur arratsaldeko 19:00etan hasiko da Zumarragako Zelai Arizti kultur etxean.
Argazkia: Urgadiel elkarteko kideak azaroan egindako azukre probetan.