
Aurreko astean Mikel Serrano alkateak udal gobernukideekin eta PPko zinegotziarekin egindako agerraldian proiektu berria aurkeztu zuten Antioko interpretazio zentrorako. Proiektu hori osoko bilkurara eramango dute datorren asteartean, hilak 22. PSE-EEk gehiengo absolutua duenez eta jakinda EAko eta PPko zinegotzien babesa duela, proiektuari onespena emango diotela aurreikus daiteke.
Aurreko egitasmoarekin alderatuta 200 bat metro koadro gutxiago izango ditu interpretazio zentroak, 1.309 metro koadro hain justu. Ideia lehiaketa irabazi zuen proiektuarekin alderatuta 200 bat metro koadro gehiago ditu, hein berean, udal gobernuaren azken proposamenak. Hirigintza Batzordea herenegun bildu zen eta eztabaida egon zen.
Antiguarekin plataformaren ekimenak
Bihar 11:00etatik 13:00etara Euskadi plazan udal gobernuak osoko bilkurara eramango duen proiektuaren berri emango dute Antigurekin plataformako kideek. Ideia lehiaketa irabazi zuen proiektuaren antzik ez duela berretsi du plataformak eta Udala, jatetxe handi bat egiteko asmoarekin itsututa dagoela gaineratu dute. Herriko balkoietan jartzeko kartelak ere banatuko dituzte biharko ekimenean. Jada, herriko zenbait lekutan ikusi daitezke kartelak.