
2008an Udalak banatutako diru laguntzekin garatutako zazpi proiekturen berri ematen du ‘Beste mundu bat eraiki nahian’ izeneko erakusketak. Argazkiak eta informazio panelak erabili dituzte horretarako, eta leku bakoitzeko objektuak edo arropa ere badaude, erakusketa osatzeko asmoz. Gobernuz Kanpoko Erakunde bakoitzaren informazio orokorra ere jaso dute. Erakusketaren egun bakoitzean proiektu bana erakutsiko dute. Erakusketa astelehenean ireki zen eta ostegunera arte egongo da ikusgai.
Astelehenean Nikaraguako Ilargi Beltza erakundearen lana erakutsiko zuten argazkitan, atzo Indiako Asha-Kiranena; gaur Peruko Adeco elkartearena; bihar Mexikoko Juarez Hiriko ‘Nuestras hijas de regreso a casa’ egitasmoarena; eta ostiralean azken egunean, Guatemalako eta Nikaraguako proiektuenak. Egun honetan DOA (Denok Osasunaren Alde) mediku eta erizainek osatutako taldeak egiten duten lana erakutsiko da.
Ikasleekin lanketa
Goizetan ikasleentzako irekiko dute erakustokia. Guztira 12 urtetik gorako 400 ikasle inguru igaroko dira bertatik, gaia eskolako Agenda 21en barruan landu ostean. 45 minutuko azalpena jasoko du talde bakoitzak. Ciudad Juarezeko haurrek egindako poesien liburuxka bana emango diete, ikastetxean landu dezaten.
Urretxuko Udalak urteko aurrekontuaren %1 bideratzen du herrialde pobreetan proiektuak garatzeko diru laguntzetan. Aurten 101.000 euro eman ditu osotara, lau kontinentetan 20 proiektu lantzen laguntzeko.
Larunbata bitartean erakusketa 17:30etik 19:30era egongo da irekita. Igandean, aldiz, 12:00etatik 14:00etara ere zabalduko dute, Juan de Lizarazu aretoan.
- Ikusi jarraian erakusketaren bideoa: