Bizitzen ari garen maitasun
istorio hau tarteko,
azken aldian “eskenak” dira
errutinaren ordezko.
Askotan nola sentitzen naizen
pertsonai baten antzeko
uler nazazun hobeto
saiatu nahi nuke lepo. (bis)
Hortaz, laztana, fotogramarik
ez dut barruan gordeko
hiru puntako triangelua
bertsotan borobiltzeko. (bis)
“Bi mila eta bat odisea”
egin zuen haren pare,
maitea zara izugarrizko
ausardia baten jabe.
Baina aukeran nahiago zaitut
herabeetan herabe
hitz goxoenen mirabe
nire magalean bare. (bis)
Zuri eskerrak abentura hau
ateratzen zait debalde,
izarrak uki ditzaket eta
lurretik mugitu gabe. (bis)
Nerabezaro garaietako
marrazki zaharren kontura,
“Piztia eta Ederra” filmak
sortu ohi zidan lilura,
neska xarmant hark munstroarekin
bizi zuen amets hura
hedatu zedin mundura
jarduten nintzen gustura. (bis)
Sentimenduei dagokienez
metamorfosi modura
zure laguntzaz piztia zena
goitik behera edertu da. (bis)
Iñigo Legorburu