Barkatuko diguzu Ander, baina Santa Lutzi bezperan agindu genizun eskubaloi jokalari-trapitxeroaren inguruko artikulurik ez da izango gure txoko honetan.
Izan ere, pentsatu dugu, gure azken lerro hauek alperrik galtzea litzatekeela, batez ere, egun hauetan, baita gu bezalako zumarragar petoengan, urtarrilaren 2tik aurrera geratu zaigun hutsune izugarriaren alboan.
Lerro hauek idazterako orduan otu zaigu ziur inoiz Iburreta kanpoan elkarrekin abestuko genuen Izarren hautsa dotoreari lerro batzuk lapurtzea, baina bi pailazook —hitzaren esanahirik txarrenean— egiten dugun honi, deitu kazetaritza, euskalgintza edo tunantearena egitea, zu sortu zinen enbor beretik sortutakoa dela esateari astakeria iritzi diogu. Ezer izatekotan zuhaitz horri ateratako onddo bat, baina probetxuzko elikagairik gabea izango litzateke.
Abesti egokiak bilatzerakoan, 2012.eko lehen aste mingarri horretan ikusi, entzun eta irakurritakoaren ondoren, agurrean ere, lezioa eman diguzula iruditu zaigu Jose Mari, eta hortik izenburutzat hartu dugun Ruperrena. Herrigintza hitzak esanahirik badu egun hauetan ikusitakoaren oso antzekoa behar luke.
Jakin badakigu, azken urte hauetan hemen idatzitako zenbaitzuk Jose Marirengan malaletxeren bat edo beste sortuko zutela. Ordorikarekin jarraituz, tamalez, Berandu gabiltza barkamena eskatzeko, baina uste dugu gure arteko alderik handienak tonuan izango genituela. Azken honetan asmatu ote dugun ere ez daukagu oso argi baina tira, hauxe da gure estiloa.
Urte hauetan beste inor mindurik sentitu bada har ditzala beretzat Jose Mariri azken Egurra partitzen honetan eskainitakoak. Abentura honetan, ia beharturik sartu ginen eta ahal izan dugun bezala defenditzen saiatu gara, besterik gabe.
Jon Torner
Jon Ormazabal