Urretxu eta Zumarragak gertuen duten herria Legazpi da. Baita alderantziz ere.
Lau kilometro eskas besterik ez daude batetik bestera. Hala izanik, udalen eta herritarren arteko harremana oso estua izan beharko litzateke. Hala al da? Nahikoa ezagutzen al dugu elkar? Zer diote legazpiarrek gutaz? Nola ikusten gaituzte? Zertara etortzen dira gure bi herriotara? Galdera horiei erantzuteko lau legazpiarrekin hitz egin dugu: Kepa Urtzelai alkatea, hemengo ikastolan lan egin zuen Itziar Azpiroz, Josema Azpeitia eta Tere Madinabeitia kazetariak.
Zer harreman izan duzu zure bizitzan zehar Urretxu eta Zumarragarekin?
Gaztetan, irteten hasi nintzenean, eta Brinkolan bizi izanda trena hartu behar genuenez, lagunekin Zumarragara joaten ginen, eta han, zinera lehenengo, Tifffany’sera gero, eta Goldenera joaten ginen igande arratsaldeak pasatzera. Gero, asteburuak luzatu egin ziren, eta han jarraitu genuen gure juergak egiten, handiagoak ginenean dagoeneko Urretxuko aldapan, eta baita Tiffany’sen ere. Koadrila aldatuta nuen ordurako, eta erdia Legazpikoak ginen, neskak, eta beste erdia Urretxu-Zumarragakoak, mutilak. Lanean ere ibili nintzen, Bisasti AEK euskaltegian, eta han jende asko ezagutzeko aukera izan nuen. Orain nire harremana koadrilaren bitartekoa da alde batetik (inoiz elkartzen gara elkarte batean bazkaltzeko) eta lanekoa bestetik, Gidarako elkarrizketak, kale-inkestak, argazkiak eta abar egin behar izaten ditudalako.
Nola ikusten dituzu Urretxu eta Zumarraga?
Biek herri bakarra osatzen dute niretzat, gurearen aldean handia, eta horrek zerbitzu gehiago, komertzio gehiago, bizitasun gehiago ematen dio. Herritarrak ez ditut ikusten gure aldean desberdinak, baina bai iruditzen zait gu, legazpiarrok, pixka bat gutxietsi egin gaituztela edo. Arrazoia ez dut ulertzen, egia esan.
Inoiz Urretxu eta Zumarragarekiko baztertuak sentitu al zarete?
Ni behintzat ez naiz baztertua sentitu herri bezala. Nire ustez zerbitzu garrantzitsuenak jende gehien bizi den tokietan jarri behar dira, eta logikoa iruditzen zait ospitalea, ertzaintza… bertan kokatzea. Errepideei dagokienez, ez gara hain urruti bizi eta autobidea edo ibilbide luzeko trenak gelditzen diren geltokia bertan daude.
Legazpik bi herriekiko izaera ezberdina duela uste al duzu?
Nik ez dut ikusten Legazpi desberdina denik, txikiagoa bakarrik. Antzekoak gara, ez dugu eta ahaztu behar iraganean eta orainaldian industriak garrantzi handia izan duela eta horrek asko lotzen gaituela.
Urretxu eta Zumarragari inbidiarik ba al diezue zer edo zertan?
Nik behintzat ez. Hala ere, nik uste dut Legazpin badagoela konplejo pixka bat bi herri horiei dagokienez, han bizitza gehiago dagoela edo. Baina hori logikoa da, lehen esan bezala, handiagoa delako.
Eta zertan eduki beharko liekete inbidia Urretxu eta Zumarragak Legazpiri?
Hemen beti esan da Legazpin kultur mugimendu handiagoa dagoela, eta asoziazionismo gehiago ere bai.
Bi herriotako bizilagunok behar bezain harreman estua dugula uste al duzu?
Ez dugu elkar ezagutzen. Legazpikook badugu Urretxu-Zumarragara joateko ohitura, edo beharra, baina horkoak ez zarete Legazpira ezertara etortzen. Eta Legazpin badago zer ezagutu, zer erosi, zer egin…
Udalen arteko elkarlana behar bezain ona al da?
Ez zait iruditzen harreman handiegirik dagoenik, indarrak batu eta kulturan, enpleguan, turismoan… gehiago egin daitekeela uste dut.
Zergatik merezi du Legazpira goiz pasa edo egun pasa joatea?
Jende asko etortzen da Legazpira, bidegorria aprobetxatuz. Paseoa ez da oso polita, baina distantzia aldetik erosoa da, eta Legazpin, lehen esan bezala, badago zer erosi, zer ikusi, eta zer egin (kultur programazioa oso zabala da). Plana? Seguru Urretxu eta Zumarragako askok ez dutela oraindik gure erdigune berritua ezagutzen, plaza eta udaletxe inguruarekin. Mirandaola oso paraje polita da, eta han ezinbestekoa iruditzen zait ola martxan ikustea. Eta Brinkola eta Telleriarteri buruz, zer esango dut ba, ni paraje haietakoa izanda? Dena den, Telleriartetik Brinkolara joaten direnentzako oharra: hura ez da bidegorria, eta bizilagunok bertatik ibiltzen gara kotxeekin.
Itziar Azpiroz: “Mankomunitatea sortu aurretik diskriminazio arriskua handiagoa zen, Beasain eta Ordizia indartsuak baitira”
Itziar Azpirozek Urretxu eta Zumarragako ikastolan lan egin zuen, baina bertan hasi aurretik dagoeneko harreman estua zuen gure bi herriekin. “14 urte genituenetik gure koadrilak Urretxuko koadrila batekin harremana du. 14 urtetik 18 urtera bitartean igandero-igandero Legazpira etorri ziren: dantzaldira joaten ginen, mendira…”, oroitu du. Lagunak Urretxukoak zirela eraginda, Urretxuko giroa Zumarragakoa baino hobeto ezagutzen zuten. “Sanjoanetan, Santa Anastasietan… Urretxura joaten ginen. Euskal Jaia izugarri gustatzen zitzaigun. Oso giro ona genuen. Bertatik ez zen bikoterik irten, baina harreman estua genuen eta oraindik lagunak gara”.
Urretxu eta Zumarraga oso ezberdin ikusten zituzten. “Nire ustez Legazpiko jendeak harreman handiagoa izan du Urretxurekin Zumarragarekin baino. Txikiagoa zen eta giro gehiago zuen. Zumarraga handi ikusten genuen: azpiegitura gehiago, zine handia, denda gehiago, tren geltokiak, hotela… Gainera, Legazpik ez zituen sendagile kontsulta pribatuak, optikoak, hizkuntza akademiak, batxiler eta lanbide heziketa ikasketak, notaritza… zituen. Batera premiaz joaten ginen eta bestera festa egitera. Bi herri bezala ikusten genituen, nahiz eta batera dauden”.
Hala, “Legazpitik ikusita” askotan bi udalek indarrak ez dituztela behar bezainbeste batu iruditzen zaio. Urretxu eta Zumarraga artean pike “sanoa” nabaritzen zuten, baina bi herri hauen eta Legazpiren artean ez zegoela pikerik dio.
Betidanik Legazpitik hona etortzeko joera hemendik hara joatekoa baino handiagoa izan dela uste du, baina ez du uste euren herria mankomunitate barruan baztertua dagoenik. “Mankomunitatea sortu aurretik diskriminazio arriskua handiagoa zen. Izan ere, Ordizia eta Beasain oso indartsuak dira. Goierri barruan bazterrean gaude, baina Urretxu, Zumarraga, Ezkio-Itsaso eta Legazpi elkarrengandik hurbil daude”.
Dena den, oraindik gauza askotarako Zumarragara joan beharra dutela dio. “Ospitalea, Ertzaintza, UGLE, notaritza… bertan daude. Gainera, Legazpin tren gutxiago gelditzen dira eta Zumaiara, Bilbora eta Iruñera joaten diren autobusak ez dira Legazpitik pasatzen. Komunikazio mailan baztertuak sentitzen gara”.
Azkenaldian, bidegorriari eta Lenburren ekimenei esker, urretxuar eta zumarragarrek Legazpira lehen baino gehiago jotzen dutela uste du. “Hango jende dezente ikusten da herrian. Lehen enkargu batzuetara etortzen ziren, baina gutxi. Telleriarte, Brinkola eta herriaren erdialdea gehienek ezagutuko dituzte, baina auzoak inork gutxik”.
Bere ustez merezi du Legazpira joatea. “Mirandaolako parkea eta burdin museoa, Txillida Lantoki museoa, artzaintzaren ekomuseoa, ogiaren txokoa, paseo bikainak bidegorritik barrena Brinkolara, Barrendiolako urtegira eta Guriditegira, paisaia, merkataritza, festak, taberna giroa, pintxo bikainak… ditugu”.
Bera urte luzeetan egunero etorri zen, ikastolan lan egin baitzuen. Oraindik ere sarritan etortzen da, hemen egindako lagunak bisitatzera. “Hilean behin joaten naiz, lagun asko baititut. Gainera, beti hemen ibili beharrean, batzuetan bidegorrira joan eta hara joaten naiz. Lehengoan San Kristobalera joan nintzen. Santa Barbara eta Irimo aldera ere joaten naiz noizbehinka”.
Kepa Urtzelai: “Kirol-arloan beti egon da pikea, batzuetan desatsegina, baina egia esan ez dakitzergatik”
Zer harreman izan duzu zure bizitzan zehar Urretxu eta Zumarragarekin?
Gazteago ginela, aste bukaeretan, bereziki larunbatetan, nire koadrilarekin Urretxura joaten nintzen. Gogoan ditut Goldenen bizi izandako une ederrak. Bestalde, nola ez, Urretxu, Zumarragako eta “geltokiko” jaietara eta Santa Lutzi feriara ere joaten ginen. Gaur egun, berriz, aste bukaeran jendea gutxi mugitzen da, normalean bakoitzak bere herrian gelditzeko joera du eta guk ere nahiago dugu Legazpin bertan gelditu. Festetan, berriz, hor izaten gara.
Nola ikusten dituzu Urretxu eta Zumarraga? Eta bertako herritarrak?
Bai Urretxun, bai Zumarragan herria, beste askotan bezala, aldatzen ari da, hobekuntzak han eta hemen ikusten dira. Herri bakoitzak bere izaera du, hori begi bistan dago. Beraien artean tira bira ugari izaten dituzte eta beraien identitatea ondo gogorarazten dute; nor nongoa den garbi asko uzten dizute.
Inoiz Urretxu eta Zumarragarekiko baztertuak sentitu al zarete?
Guk daramagun denbora laburrean Mankomunitate mailan ondo konpontzen gara. Tarteka gai komunak mahai gainean jartzen ditugu eta denon artean azterketa lana egin eta irtenbide egokiak bilatzen saiatzen gara. Kirol arloan, berriz, beti egon da pike giroa, batzuetan desatsegina, baina egia esan ez dakit zergatik.
Urretxu eta Zumarragari inbidiarik ba al diozue zer edo zertan?
Gu oso pozik eta harro gaude Legazpin, horregatik jarraitzen dugu gure herrian!
Eta zertan eduki beharko liekete inbidia Urretxu eta Zumarragak Legazpiri?
Hori zuek esan beharko duzue. Legazpin edozein asteburutan giro ona egoten da. Bestalde, natura gustatzen zaionarentzat aukera ugari ditugu.
Udalen arteko elkarlana behar bezain ona al da?
Mankomunitatea horretarako eratuta dago, Urola Garaiko gai komunak elkarrekin lantzeko. Denok dakigu elkarlana ez dela erraza izaten, iritziak eman eta entzun, errespetuarekin hitz egin, ekarpenak aztertu, adostasun batera iritsi… baina aurrera egin nahi badugu, elkarrekin egin beharko dugu lana.
Zergatik merezi du Legazpira goiz pasa edo egun pasa joatea? Ze plan gomendatuko zenieke urretxuar eta zumarragarrei?
Ni neu oso mendizalea naiz eta aukera ugari ikusten ditut. Horien artean Korostiaga mendira igo, Arrolamenditik Ardanbidetako aterpera joan, bertan hamaiketakoa egin eta ondoren herrira jaitsi. Aizkorrik ere aukera handiak ematen ditu.
Josema Azpeitia: “Legazpiarron irudipenez urretxuar eta zumarragarrek beti gutxietsi egin gaituzue”
Zer harreman izan duzu zure bizitzan zehar Urretxu eta Zumarragarekin?
Betidanik oso harreman estua izan dut. Txiki-txikitan ez hainbeste, baina hala ere urtero-urtero Legazpi eskoletara hurbiltzen ninduen aitak bertako erredakzio lehiaketan parte hartzeko. Aurkeztu nintzen guztietan saridunen artean gelditu nintzela esan dezaket. 14 urterekin Jose Mari Iparragirre institutuan ikasten hasi nintzen, beraz, Zumarraga eta Urretxuko lagun pila bat egin nuen bertan pasatu nituen lau urteetan, baita makina bat parranda egin ere. Unibertsitate garaian ere, nahiz eta Bilbon ikasi eta bizi, nire pisu kide gehienak Urretxukoak ziren, eta urte horietan zehar askotan jaisten ginen, larunbatetan gehienbat, Urretxura. Adin horrekin ere, 16 eta 25 urte bitartean, inoiz ez genion huts egin ez Santa Lutzi egunari, ezta ere urtean zehar Zumarragan eta Urretxun ospatzen diren jai gehienei ere: jai nagusiak, Geltokietakoak, Eitzagakoak, Leturietakoak… guztietara joaten ginen. Golden eta Tiff ere ezagutu genituen eta gure dantza patetikoak bertan erakutsi inongo lotsarik gabe. Zorionez, bideodun mugikorrik eta Youtuberik ez zen oraindik. Azken hamabost urteetan, gainera, ZUM Edizioak sortzeak eta Urola Garaiko Gida koordinatzeak harreman profesionalagoa sortu dit Urretxu eta Zumarragarekin.
Nola ikusten dituzu Urretxu eta Zumarraga? Eta bertako herritarrak? Zer irudi uste duzu dugula Legazpin?
Hau, azken finean, bizkaitar eta giputxien arteko harremanak eta txisteak bezalakoa da. Topiko batzuk ezarrita daude eta nekez desagertuko dira, nahiz eta, informazioa eta teknologia berrien poderioz bi herriguneen arteko distantziak murriztu. Legazpiarrentzat, zumarragarrak eta urretxuarrak beti harroputzak izango dira, handiak, sorbaldaren gainetik begiratzen gaituzten horietakoak. Gure irudiz, legazpiarrei, beste bi herrietatik, beti gutxietsi egin gaituzte, ez gaituzte aintzakotzat hartu. Topikoak direla esaten dut, baina beti egon dira eta beti egongo dira, alde batean zein bestean beren jarrerarekin topiko hauek indarrez mantentzen ahaleginduko diren lagunak.
Inoiz Urretxu eta Zumarragarekiko baztertuak sentitu al zarete?
Errepideak edo azpiegituretan baino beste zenbait detailetan. Euskal komunikabide batean gaudenez, adibide esanguratsu bat aipatuko dut. Egunkaria itxi zutenean, Legazpin inoiz eman den giza mugimendurik handienetakoa sortu zen indarrez ixildutako egunkaria babesteko. Egia da Euskal Herri guztian eman zela baina Legazpin bereziki bizia izan zen, leherketa baten modukoa. Egunkariko arduradunek ere onartu ziguten Legazpi eredugarria izan zela. Baina, ekaitza pasata, komunikazio proiektu berria garatu zenean, Berria eta eskualdeetako Hitzak sortuz, Legazpi erabat baztertuta gelditu zen. Inork ez gintuen bileretara gonbidatu eta eskualde mailako erabaki guztiak Zumarraga eta Urretxu mailan hartu ziren. Kasu horretan bai esan daiteke oso baztertuak sentitu ginela. Legazpik komunikabide hauetan betetzen duen espazioa ikusita, oso oker ez geundela esan daiteke. Bestalde, antzeko sentimenduak ditut batzuetan, pertsonal eta profesional mailan, nire lanean. Ia hamabost urte daramat nire ideia pertsonal bat aurrera eramaten: eskualde osoan, postontziz postontzi banatzen den gida bat argitaratzen, eskualdearen ideia, instituzioetatik harago eramaten duen proiektu bat garatzen, ahalegin handiz eta lan izugarria egiten. Ez da legazpiarrak legazpiarrentzat egindako lan bat, eskualde mailakoa baizik, eta inguruan ditugun eskualdeetan parekorik ez duena. Gure lanak suposatzen duen ahaleginaren %70a Zumarragako eta Urretxuko postontzietara joaten da, baina bertako udaletxeetako besaulkiak berotzen dituzten ipurdien jabeei bost axola zaie. Ez dira batere inplikatzen gure komunikabidearekin. Ez daude behartuta, baina beste kasu batzuetan sikiera publizitatea egiteko tarteka erabiltzen dituzte komunikabideak. Ez da gure kasua. Inpresioa dut guk hilero kontrakoa erakutsi arren gauza arrotz bat bezala ikusten gaituztela. Eta sekulako kontraesanetan erortzen dira. Maiz ikusten ditut bai Urretxu, bai Zumarragako udalen gehiengoaren ideien kontrako eskuin muturreko egunkari batean, herritar guztien diruarekin ordaindutako publizitate espazioak, nahiz eta herritar guztiak, ezta gehienak ere, medio hori ez erosi eta ez irakurri. Aldiz, herritar guztien eskuetara iristeko bermea eskaintzen duen medio bakarra, aldiz, gutxietsi egiten da instituzioen aldetik. Baina badakigu politikariei, futbolariei bezala, golak sartzea eskatzen zaiela, hauen kasuan botoak lortzea, eta ez logikoak, justuak edo azkarrak izatea. Horretarako, partikularrak daude eta, zorionez, eskualdeko enpresek, dendek, jatetxeek… aldizkariaren garrantziaz jabetu dira eta sostengatzen gaituzte, moralki zein ekonomikoki.
Legazpik bi herriekiko izaera ezberdina duela uste al duzu? Eta zer antzekotasun?
Hirurek dute izaera ezberdina. Legazpi herrikoiagoa da. Duela urte batzuk Bolondresak izeneko liburu bat argitaratu genuen, eta hau ere eskualde osoan zabaldu. Legazpin interes ekonomikorik gabeko 36 elkarte daude, eta Zumarraga eta Urretxun, 43 guztira. Biztanle kopuruan dagoen desberdintasuna kontuan hartuta (Zumarraga eta Urretxuk Legazpi bikoizten dute), datu esanguratsua da. Gure azken liburuan (Gastronomia elkarteak) ere ikusten denez, Legazpin 14 elkarte daude, Zumarragako kopuru bera… alde horretatik Legazpi oso herri bizia da. Urretxu ere oso herrikoi eta bizia da, are gehiago, elkarte eta mugimenduek Legazpin baino fundamentu gehiago dutela esango nuke. Legazpin mugimendu askok denborarekin indarra galtzen dute. Argi ikusi dugu euskararen aldeko mugimenduetan, gaztedi mugimenduetan, kultur taldeetan… Urretxun, berriz, nire irudipenez hobeto antolatzen dira taldeak. Zumarraga guztiz desberdina da, herri langileagoa, mugimendu gutxiagorekin… bakarrik lo egiteko herri bat izan gabe, hiru herrietatik kontzeptu horretara gehien hurbiltzen dena.
Urretxu eta Zumarragari inbidiarik ba al diezue zer edo zertan?
Izatekotan, Urretxuri inbidia pixka bat diot herri-sentimenduari dagokionez. Ni oso legazpiarra sentitzen naiz eta Legazpi saltzen dut joaten naizen toki guztietan, baina ikusten dut nire bizilagun askok ez daudela bereziki harro beren legazpiartasunaz. Askotan pentsatzen dut lehen aipatu dudan fundamentu falta hortik datorrela, legazpiarrek ez dugulako erabat sinesten legazpiar bezala gauza handiak egiteko gai garela. Urretxuarrak, berriz, harro daude urretxuar izateaz eta lau haizetara zabaltzen dute beren jatorria. Hori bai, ez dakit zein puntutaraino hau ere ez den izango Zumarraga hain gertu izatearen ondorioa, txikiak handiak irents ez dezan egindako garrasia…
Eta zertan eduki beharko liekete inbidia Urretxu eta Zumarragak Legazpiri?
Aurrekoarekin lotuta, Legazpik ez dauka irentsiko dion herri handirik ibaiaren bestaldean. Bere neurria du eta antza denez ez da gehiago handituko. Txikiagoa da, lasaiagoa, trafiko gutxiago du… eta bere izaera mantentzen du. Zumarraga eta Urretxu, azken finean, fisikoki hiri bat osatzen dute eta sozialki gero eta nahastuago daude. Zubi asko eraiki dute, onerako eta txarrerako, herri izaera gero eta antzekoagoa da biotan eta antzekotasun hori handitzen joango da. Azken finean, bat izatera kondenaturik dauden bi herri dira.
Bi herriotako bizilagunok behar bezain harreman estua dugula uste al duzu? Hain gertu egonik, nahikoa ezagutzen al dugu elkar?
Hemen, bi herritar mota dago: kultur mugimenduetan inplikatzen dena eta herri informazioa jarraitzen duena, eta herrira lotara joaten dena eta inguruan dagoenari erreparatzen ez diona. Lehenengoen kasuan, harreman estua dago eta beti egon da, eta gainera, gaurko teknologiek eta komunikabideek harreman hori errazten dute. Bigarrengoen kasuan ez dago erremediorik. Nola izango dute ondoko herriarekin harremanik auzoko bizilagunak ezagutzen ez badituzte?
Udalen arteko elkarlana behar bezain ona al da?
Nik dakidala gaur egun Zumarraga eta Urretxuren artean badago harreman hori, baina Legazpirekin ez hainbeste. Dena den, tristea da baina hau politikarien kontua da eta udaletxeetan alderdiek agintzen duten bitartean inoiz ez da egongo herriak behar duen elkarlana, koiuntura politikoak agintzen duena baizik. Gogoan dut Legazpi eta Urretxun hasieran EA eta gero Hamaikabatekoak izan ziren agintariak izan genituen garai luzea. Egoera desberdina zen. Askotan ikusten genituen Urretxu eta Legazpiko alkateak, bat eginik, alderdikerietan, Zumarragakoa kritikatzen, herritarren bozeramaleak balira bezala… Begira orain non gelditu diren. Elkarlana herritarrek eta elkarteek bultzatu behar dugu. Pleno aretoetako besaulkiak okupatzen dituzten ipurdien jabeei begira baldin bagaude… jai dugu.
Zergatik merezi du Legazpira joatea? Ze plan gomendatuko zenieke urretxuar eta zumarragarrei?
Lehen galdetu didazu zertan eduki beharko lieketen inbidia Urretxu eta Zumarragak Legazpiri eta badago aipatu ez dudan gauza bat: pintxoak hartzeko bikaina da Legazpi. Zumarraga eta Urretxukoei bi plan gomendatuko nizkieke. Ostiralekoa ahal dutenei eta igandekoa besteei. Ostiralean etorriz gero patxadaz gozatu azokaz, laneguna denez Zumarragakoa baino askoz lasaiagoa baita. Ondoren, pintxoen xenda hasi: Oilarra, Katilu, Xarpot, Iñaki, Andres-Enea, Gurrutxaga eta ikusgarriena, Azpikoetxea. Denetan topatuko dituzue berezitasun gomendagarriak. Igandean etorriz gero museoen xenda da galdu behar ez dena. Goiz etorri, hamarrak aldera, eta Lenburren eskutik langileen ibilbidea egin kapera, eskola eta etxebizitza bisitatuz. Hirurak zoragarriak dira. Ondoren, Mirandaolan, 12etatik aurrera, burdinola martxan ikus daiteke igandero (martxotik azarora) edo hileroko lehenengo igandean. Eskualdeko inor ez litzateke hil beharko Mirandaola martxan ikusi eta sortzen den dardara, zarata eta berotasuna sentitu gabe.