Hamargarren urtea beteko du aurten Urretxuko eta Zumarragako Martxoan Bertsoa txapelketa herrikoiak. Bi herrietako bertso eskolak antolatu du aurten ere txapelketa eta Gorka Azkarate bertako kideak esan duenez, «egitarauaren bizkarrezurra antzekoa bada ere, beti saiatzen gara berritasunen bat edo beste sartzen». Aurten, gainera, urteurren borobila izanik, zerbait berezia ere egin nahi dute finalaren egunean.
Berrikuntzak aipatuta bi azpimarratu ditu Azkaratek: «txapelketaren kanporaketak datorren astean hasiko badira ere, bihar motorrak berotzen joateko bertso-kirol desafio umoretsua izango da Aizpurutxon». Bigarren berritasuna ere Aizpurutxon bertan lekutuko da, «martxoaren 2an, Urolaldeko Bertsolari Gazteen II. Aizpurutxo Sariketa egingo dugu».
Gainontzean, txapelketaren egitura aurreko urteetako bera izango da. Aurten, hamabost taldek hartuko dute parte, 45 parte hartzailek guztira. «Horietatik bederatzik, urtero-urtero hartu dute parte txapelketan», dio Azkaratek. Kanporaketak martxoaren 3an hasiko dira eta hilaren 17ra arte luzatuko dira, «ohi bezala, ostiraletan eta larunbatetan jokatuko dira, Legazpiko Arranon, Urretxuko Fox, Motz, eta Aldiri tabernetan eta Ezkio-Itsasoko Igartubeitin». Finala gaztetxean egingo da hilaren 23an.
Txapelketa baino gehiago
Martxoan Bertsoa txapelketa bat baino gehiago da, ordea. Horregatik, aurtengo egitaraua apirilaren 21era arte luzatuko da. Tartean, hitzaldiak, musikala, bertso afaria, sari banaketa ekitaldi bat eta lehiaketa ere antolatuko dituzte, besteak beste. Aurten aurreko urteetako bertso musikatuen saioaren ordez, bertso eskolako kideek musikal bat antolatuko dute. Labeaga aretoan izango da martxoaren 31n. Haurrentzako trebezia lehiaketa umoretsua ere izango da martxoaren 18an. 23an, berriz, Eskolarteko XXV. Bertsopaper lehiaketako sari banaketa egingo dute. Egitaraua isteko, bertso afaria Motz tabernan izango da aurten, apirilaren 21ean.