Langileek urtarrilaren 24an hasi zuten greba. Vending enpresa bat da eurena (lantokietan kafea, edari freskagarriak… saltzen dituzten makinak egiten, konpontzen eta produktuz betetzen dituzte). Madrileko Lan Ministeritzak onartu zuen Enplegua Araupetzeko Espedientearen ondorioz, kaleratuak izan diren hamabi lankideak berriz lanera itzultzea lortu nahi dute. Agerraldian, hitzarmen hori CCOO eta UGT sindikatuetako ordezkariekin adostu zutela salatu dute; euren enpresan "ordezkaririk ez duten sindikatuekin", alegia.
Arazoak Autobar enpresak Deman erostean hasi ziren. Erosketa gauzatu eta gutxira, Deman enpresako lau langile kaleratu egin zituzten. Kaleratze gehiago egongo zirela ere esan zieten eta Enplegua Arautzeko Espediente bat (gaztelaniaz ERE gisa laburtzen dena) onartu zuten. Espediente hau salatu dute gaur langileek, eta euren lan baldintzak Euskal Herrian (Urnietan duten egoitza nagusian), eta ez Madrilen negoziatzeko ere exijitu dute. Salatu dutenez, UGT eta CCOO sindikatuek "baietza" eman zieten Demaneko langileen kaleratzeei. "Benetan lotsagarritzat" definitu dute hori. Hala, kaleratzeak gauzatu bezain pronto, Demaneko langileek, "asanbladaren gehiengo zabalaren" oniritziarekin, greba mugagabea hastea erabaki zuten. Ordutik, salatu dutenez, Autobar enpresak grebalariak "mehatxatu" ditu, eta "multinazionaleko beste enpresa batzuetako langileak eskirol gisa erabili nahi izan ditu, bereziki kafe makinetan".
Langileek jakinarazi dutenez, baina, "protestei esker, eskirol penagarri hauen jarduna geldiaraztea lortu dugu". Horrez gain, enpresaren Madrilgo ordezkariekin ere bilera egitea lortu zuten atzo. Protestekin aurrera jarraituko dute, ez baitute nahi zuten erantzuna jaso.
Bukatzeko, eurek zerbitzuak eskaintzen duten enpresetako langileen aldetik jasotzen ari diren elkartasuna ere eskertu dute grebalariek.