Zumarragako udalbatzako kideek harrera ofiziala egin zioten atzo goizean Filipinetako Legazpi hiriko alkate Geraldine B. Rosaliri. Udaletxeko harreraren ondoren Miguel Lopez de Legazpiren estatua, Antioko baseliza eta Legazpi dorretxea ikusi zituzten.
Filipinetako Legazpi hiriak 200.000 biztanle inguru ditu, eta 7.107 irlaz osatutako uhartediaren erdialdean kokatuta dago. Albay izeneko probintziaren hiriburua da, eta merkataritza gune garrantzitsua da. Bere izena Lopez de Legazpi kolonizatzaile zumarragarrarengatik hartu zuen. Hori dela eta, Espainiako hainbat hiri ezagutu eta gero, Rosal alkateak Zumarragan geldialdia egin zuen atzo.
Udaletxeko areto nagusian opariak aldatu zituzten Legazpiko eta Zumarragako alkateek. Mikel Serrano Zumarragako alkateak Antioko baselizako grabatua eta herriko kulturaren berri ematen duten zenbait liburu eman zizkion, besteak beste. Rosalek Albay probintzian dagoen Mayon sumendiko irudia eman zion.
Jarraian, Euskadi plazan dagoen Lopez de Legazpiren estatua ikusi zuten. Estatua 1897. urtean egin zuen Aniceto Marinas eskultoreak. Legazpi hirian estatua honen erreplika dago. Alkate filipinarrak kolonizatzaileak zer zapaltzen duen galdetu zuen, «hori galdetzen digute han». Maskara bat zapaltzen ari dela erantzun zioten, «Lopez de Legazpi kristau sinestuna zen, eta Filipinetako idolo faltsuak zapalduko balitu bezala irudikatu zuen eskultoreak», esan zion Antonio Prada Zumarragako artxibozainak.
Antonio Prada Zumarragako udal artxibozaina
«Legazpi kolonizatzailea izan zen, ez konkistatzailea»
Antonio Prada (Zumarraga, 1963) Zumarragako udal agiritegiko arduraduna da. Miguel Lopez de Legazpiri buruzko informazio oparoa dauka. Izan ere, XVI. mendearen aurretik Zumarraga nolakoa zen azaltzen duten eta bertako Legazpi sendiak izandako rolaren inguruko lanak idatzi ditu.
Nor izan zen Miguel Lopez de Legazpi?
Ez dakigu zehazki zein datatan jaio zen. Badakigu, hala ere, 1501 urteko irailaren 29a baino lehen jaio zela. Eskribau izateko 25 urte izan behar ziren gutxienez, datu horrek hurbildu gaitu bere jaiotze datara. 1572an zendu zen Manilan (Filipinak). Garai hartan Zumarragan zegoen familia garrantzitsuenaren kidea zen. Konkistatzailea baino, kolonizatzailea izan zela esango nuke, ez baitzen arma zalea.
Filipinetara joan aurretik Mexikon izan zen, ezta?
Eskribaua izateko ikasi eta gero, Mexikora joan zen. Han ezkondu zen eta sekulako dirutza bildu zuen.
Noiz joan zen Filipinetara eta zergatik?
65 urte zituela joan zen, 1565. urtean. Andres de Urdaneta fraide ordiziarrak Felipe II.a Espainiako erregeari Legazpi Filipinetako espedizioaren buruzagi izendatzea gomendatu zion, gizon zuzena zelakoan. Urdanetarekin batera joan zen Filipinetara, eta Lopez de Legazpik Manila hiria berreraiki zuen.
Bertan zendu zela esan duzu.
Bai. Hil zenean bere etxea arpilatu zuten, baina ez zuten bilatutako aberastasunik aurkitu. Gutxirekin bizi izan zen Legazpi Filipinetan, bere ondasun guztiak Mexikon zituen.