Zumarraga Lantzen sozietate anonimo unipertsonal gisa dago izendatuta. 2005. urtean sortu zuten Anton Arbulu alkate sozialistaren agintaldian. Ordutik, Zumarragako udalak egindako lan garrantzitsuenen ardura izan du. Guztira, hamar milioi inguruko aurrekontua kudeatu du, orain arte, Zumarraga Lantzenek.
Sozietatearen ardurapean egon dira, esate baterako, Zelai Arizti parkearen eta kultur etxearen eraikuntza, baita lur azpiko aparkalekuarena ere. Lantzenek egin ditu kontratazioak eta sozietatearen ardura izan da bertako garajeen salmenta. Geltoki intermodaleko lanak ere Zumarraga Lantzenek kudeatu ditu. Egun, Antioko interpretazio zentroko lanen ardura dauka.
Azken urteotan udal batean baino gehiagotan sortu dituzte ezaugarri hauetako enpresak, EAJ buru zuen Gipuzkoako Foru Aldundiaren oniritziarekin. Sozietate hauek sortzeak dakartzan onurei buruz galdetuta, Zumarragako Udaleko teknikari batek erantzun du: «merkataritza-sozietate baten antzera funtzionatzen du. Udalaren jardunean guztia BEZ zerga tarteko egin behar da, derrigor.
Legalitatearen barruan, horrelako sozietateek BEZa kentzeko aukera ematen dute». Zerga-sistemarekin lotutako onurak dituzte, finean, Zumarraga Lantzen bezalako enpresek. Hori dela eta, pisu ekonomiko handia duten lanei ekiteko erabiltzen dituzte, batez ere.
Beste ezaugarri bat da, sozietatearen kontseiluan udal teknikariek ez dutela parte hartzen, ordezkari politikoak bakarrik elkartzen dira. Sozietate hauek betebeharrak dituzte eta ikuskaritzak egiten dizkiete; baina, udal jardunaren barruan, neurri batean, organo independenteak dira. Izan ere, izapideak betetzeko epe ezberdinak dituzte, baita bestelako zerga eta kontrol sistema ere, besteak beste.
Biharko Goierriko Hitzan, Zumarraga Lantzenen kudeaketa Mikel Serrano alkateak eta Fernando Fariñas alkateordeak abendura bitartean bere esku hartuko dutela iragarri eta gero, sozialisten adierazpenak, eta Bilduko eta EAJko bozeramaleen iritziak.