Arratsaldeko lauetan hastekoa bazen ere, atzeratuta hasi da Gipuzkoako Eskolarteko kimuen eta infantilen txirrindularitza txapelketa. Euripean ekin diote gaztetxoek. Kimuek bi buelta eman dizkiote kilometro eta erdiko zirkuituari. Infantilek hiru buelta eman dituzte, eta amaitu aurretik denbora onenak egin dituztenak bost buelta egin dituzte. Nesken bi mailetako txirrindulariek elkarrekin egin dute proba, izan ere, bi neskek baino ez dute parte hartu kimuen mailan.
Kimuetan Eider Mancisidor izan da onena, eta infantiletan Arantza Garikano. Mutilei dagokienez, kimuetan Ioritz Manterolak jantzi du txapela eta infantiletan Julen Mundinek. Herriko sariak jaso dituzte Edorta Perezek kimuetan eta Urko Peñagarikano infantiletan.
