Butak21 zineklub taldeak ziklo berriari ekingo dio datorren ostiralean. Hamar film emango dituzte maiatzera bitartean, eta horietatik erdia hainbat jatorriko zuzendarien lehenengo fikzio pelikulak dira. «Hamar filmetik bost zuzendari berriek sortutakoak direla konturatu ginen zikloa osatu ondoren», azaldu du Julen Arakama Butak21 zineklubeko kideak.
Datorren ostiralean, Zumarragako Zelai Arizti aretoan, 22:15ean eskainiko dute lehenengo filma. Infancia clandestina pelikulak emango dio hasiera 23. zikloari. Argentinan sortutako film hau Benjamin Avila zuzendariaren lehenengo fikzio lana da, aurretik dokumentalak egin dituen arren.
Zikloak hartuko dituen zuzendari berrien beste lanak ondokoak dira: Yeo-haeng-ja (Bizitza berri bat), The Guard (Irlandarra), Submarine (Urpekoa) eta Insensibles. Oraingoan ere, zineklub taldeko kideek harik eta ziklorik «anitzena» osatu nahi izan dute. «Konturatuta gaude ikuslegoa film batzuetara etortzen dela eta beste batzuetara ez. Hori dela eta, jatorri, genero eta estilo ezberdineko pelikula bilduma osatzen saiatzen gara».
Filmen aukeraketarako beste irizpide bat «sortu berriak» izatea da. Insensibles filma, esate baterako, estreinatu gabe dago, eta Amour pelikula egunotan ikusgai dago. Taldekideek ez dituzte film guztiak ikusi, baina «intuizioa» erabiltzen dute zikloa osatzeko. Arakamaren arabera «pelikulek egindako ibilbideari ere erreparatzen diogu. Orain gutxi Haneke-ren filmak Oscar sarietarako bost proposamen jaso berri ditu».
Bonuetan egin dituzten berrikuntzak bihar, Goierriko Hitzan
Kontsultatu filma bakoitzaren xehetasunak:
- 2013-01-25: INFANCIA CLANDESTINA
- 2013-02-08: THE GUARD (IRLANDARRA)
- 2013-02-22: YEO-HAENG-JA (BIZITZA BERRIA)
- 2013-03-08: LAPOLLONIDE
- 2013-03-22: SUBMARINE
- 2013-04-12: THE MASTER
- 2013-04-19: DE ROUILLE ET DOS
- 2013-05-10: HARA-KIRI
- 2013-05-24: AMOUR
- 2013-05-31: INSENSIBLES
