
Eusebio Toledano (1951) ez da Zumarragan jaiotakoa baina haurra zen Euskal Herrira iritsi zenean, eta bertan jaiotakotzat dauka bere burua. Zumarragako Zelai Arizti kultur etxean lumatxoz egindako lanen bilduma inauguratu berri du Zumarragako eraikin eta txoko bereziak titulupean. Martxoaren 3ra arte irekita egongo da erakusketa.
Zumarragako eraikin bereziak margotu dituzula iragartzen du erakusketaren tituluak.
Bai, ez daude, halere, Zumarragako tokien marrazkiak soilik, Legazpiko Mirandaola burdinola, Beasaingo Igartza jauregia edo Donostiako Haizearen Orrazia ere marraztu ditut. Argazki zabarrak ere erabili dituzu, ala? Bai, esate baterako, La Salle ikastetxeko eraikin nagusia argazki zahar bat oinarri hartuta marraztu dut.
Zergatik erabiltzen duzu lumatxo teknika?
Guztien artean gehien gustatzen zaidana da.
Zein da teknika horren berezitasuna?
Oso errealista da. Dena delako tokiaren argazkia ateratzen dut, eta irudia paperera eramaten dut. Eskalan marrazten dut lehenengo arkatzez, eta lan hori amaituta, lumatxoa hartzen dut. Tinta txinatarra eta ura nahasten ditut, hartara itzalak eta sakonera lortzen ditut, bestela lumatxoz lerro soilak baino ez baitira marrazten.
Zenbat denbora ematen duzu lan bakarra marrazteko?
30 ordu inguru edo. Xehetasunez betetako marrazkiak dira; are gehiago lupa erabiltzen ditut marrazteko.
Eta zenbat lan aurkeztu dituzu Zelai Ariztin?
34 lanek osatzen dute bilduma, guztiak jarri ditut salgai.
Betidanik landu duzun afizioa al da?
Umetan hasi nintzen margotzen, baina zaletasuna dugun askok lanagatik utzi egiten dugu. Orain, erretiroa hartuta nago, eta marrazteko denbora gehiago daukat.
Erakusketa hau, zehazki, nolatan sortu zenuen?
Duela hiru urte bilduma bat sortzea erabaki nuen, Zumarragako eraikinak eta txokoak marraztu nahi nituen, eta bilduma osatu nuenean erakusketa egitea pentsatu nuen.
Zure lehenengo erakusketa da, ezta?
Bai, eta urduritasunak ere sortu dizkit, baina behin inauguratuta egonda pozik nago orain.
Etorriko al dira gehiago?
Bilduma hau amaitu eta gero egur tailari denbora gehiago eskaintzeko asmoa daukat. Bi zaletasunak uztartu izan ditut, baina erakusketa dela eta, taila alde batera utzi dut azken urteotan.