
Urretxu-Zumarraga Karmakros taldeak antzerkiarekin lotutako ikastaro irekia antolatu du. Tailer bat egiten dute urteko, eta aurtengoan irakurketarekin eta testuekin estuki lotuta dago. Patxi Remiro Karmakroseko zuzendariaren arabera, «antzerkian ezinbestekoa da gidoia, baina interpretazioaren bidezidorretan testuekin ahaztu egiten gara».
Ahaztura horren konponbide, oraingoan testuekin jarriko dira lanean. Ana Perez aktoreak ikastaro trinkoa eskainiko die Karmakroseko kideei zein interesa duten herritarrei ere. Martxoaren 9an eta 10ean izango da, Zumarragako Zelai Arizti kultur etxean, goizez eta arratsaldez. Karmakroseko kideentzat doanekoa da ikastaroa, kide ez direnek 50 euro ordainduko dituzte izena ematerakoan. Izen-emate epea zabalik dago jada, eta horretarako Urretxuko zein Zumarragako kultur etxeetara jo daiteke.
Ikastaroari buruzko informazio gehiago bihar, Goierriko Hitzan