
Urretxuko eta Zumarragako Bi-Tartean merkatarien elkarteak bosgarren stock azoka antolatu du asteburu honetarako. Ostiraletik igandera arte egongo da irekita aukeren azoka hau, ohiko lekuan, Ederrena pilotalekuan. Antolatzaileek esan dutenez, bertan «kalitatezko produktuak preziorik onenean eskuratzeko» aukera ez da faltako.
Guztira hogei dendek hartuko dute parte aurtengo edizioan. Estetika, kirol arropa eta materiala, lentzeria, etxerako tresnak oinetakoak, paper dendak eta moda izango dira, besteak beste salgaien artean. Aurtengo edizioan azpimarratzeko berrikuntza Godoy Bike & Ride dendak antolatuko duen bizikleten bigarren eskuko merkatua izango da.
Merkatu honen bitartez bizikletak elkartrukatzeko, saltzeko edo erosteko aukera izango da. Hala interesa dutenek etxean daukaten bizikleta eramateko aukera izango du, merkatuan salgai jartzeko. Baita, gustukoren bat aurkituz gero, erosteko ere. Bizikletak biharko 12:30etik aurrera jasoko dituzte Ederrena pilotalekuan bertan. Igandean, 14:30ean itzuliko dituzte saldu gabe gelditu diren horiek.
Azoka ostiraletik igandera
Azoka ostiral arratsaldetik igande eguerdira arte egongo da irekita. Bihar, 17:00etatik 21:00etara irekiko ditu ateak, larunbatean 10:30etik, 14:30era goizean, eta 17:00etatik 21:00etara arratsaldea, eta 11:00etatik 14:30era, amaitzeko igandean. Sarrera ohi bezala, doakoa izango da eta gaztetxoenen aisialdirako Haurren Txokoa antolatuko dute.
Stock azokan parte hartuko duten denda:
- Xarmanki
- Bidegorri
- Intersport Loramendi
- Kuttun, Pergola
- Milar Lagun
- Baby
- Kux Kux
- Mirentxu
- Txiki oinetakoak
- Instituto Optico
- Aitxu
- Boca Boca
- Itak
- Junbiju
- MIA
- Arry moda
- Xuxu
- Tipi-ttapa.