
Zumarragako osoko bilkurak berezitasun bat izan du oraingoan, EH Bildu koalizioaren baitako Aralar alderdiko Sebas Iturriotzek eta Josu Aztiriak hitza hartu baitute. 2013ko aurrekontuen gainean egindako ekarpenen gaineko bozketaren harira hitz egin dute. Aurrekontuei egindako emendakinen berri eman dute, aurretik Agurtzane Basabe Zumarragako Udaleko kontu-hartzaileak, «arrazoi teknikoak tarteko» EH Bilduk aurkeztutako 37 ekarpenak atzera botako zituztela iragarri badu ere.
Aurtengo aurrekontuak aurreko abenduan onartu zituen osoko bilkurak PSE-EE eta PP alderdien aldeko botoekin; Bilduk eta EAJk kontra bozkatu zuten. Urtarrilean 37 emendakin aurkeztu zituen EH Bilduk. Ekarpen horiek, nagusiki, aurrekontuetako hainbat sailetan aldaketak egitea proposatzen dute. Atzoko osoko bilkuran emendakin horiei buruzko eztabaida izan zen Zumarragako udaletxean. Osoko bilkuraren hasieran guztiak atzera botatzeko arrazoi teknikoak zerrendatu zituen Basabek, funtsean legeak ezarritako prozedurekin ez datozela bat esan zuen teknikariak.
Iturriotzek hitza hartu zuen, eta hitz egiteko aukera eskertu ondoren, beren asmoa «traba egitea» ez dela esan zuen: «Aurrekontu sozialagoak egitea da gure helburua, baita euskaldunagoak ere. Ez dira zenbaki soilak, argudioak ere dira. Eta, indar politikoei nahiz zumarragarrei horien berri eman nahi diegu. Ez dira EH Bildurenak, herritar guztiek bere egin ditzakete». Udal teknikariek egindako txostenarekin «erabat ados» agertu zen Iturriotz, «baina zergatik ez eztabaidatu? Gaur Emakumearen Nazioarteko Egunaren gaineko mozioaren alde bozkatuko duzue. Zergatik ez bihar presoen aldeko mozio baten alde?».
Ekarpenen mamia
Josu Aztiriak EH Bilduk egindako ekarpenen artean hainbat azpimarratu zituen: Zumarragako Udalak banku etikoarekin bat egitea, euskara batzordearen diru saila handitzea, mugikortasunarekin lotutako plan bat egitea Zumarragako goialdeko bizilagunen arazoak aintzat hartzeko, jangelatan lehenengo sektorea bultzatuko duen bertako produktuen kontsumoa sustatzea, WIFI puntu bat jartzea plazako arkupeetan, aire kalitatearekin lotutako diru sail zehatza, bosgarren edukiontziaren erabilpena sustatzeko plana edota bizikidetza eta giza eskubideak lantzeko mintegiak antolatzea.
Beste alderdien erreakzioak eta aho batez onartu zuten Emakumearen Nazioarteko Egunaren mozioaren gaineko informazioa bihar, Goierriko Hitzan