
Euskal Herriko erlezain ekologikoen lehenengo topaketa egingo dute bihar Urretxuko Aikur erle museoan. Gisa honetako topaketa bat egiten den lehenengo aldia da eta Aikurren «harro» daude Aitor Otegik esan duenez, ekimen honetarako euren etxea aukeratu izanagatik. Topaketa Euskal Herriko nekazaritza ekologiko elkarteen kolektiboak EHKOlektiboak, eta Biolur Gipuzkoako nekazaritza ekologikoaren elkarteak antolatu dute.
Topaketa honen helburu nagusia elkarren arteko ezagutza handitu eta elkarlana bultzatzea izango da. Baita, erlezaintza ekologikoaren egoera zein den den aztertu eta aurrera begira dituzten erronkak aztertzea. Erlezaintza ekologikoa jarraitu beharreko parametro batzuen arabera arautzen da Otegiren hitzetan. Eman dituen adibideen arabera: «Erleei ematen zaizkien tratamenduak ekologikoak behar dute, ez kimikoak. Edo, erleak ezin dira edozein lekutan eduki, kutsadurarik gabeko ingurune bat behar du izan». Biharko jardunaldiaren erronka, haratago doa, araudien gainetik «aurrera pausoak eman nahi dira», zehaztu du.
Hauxe da biharko zehaztu duten egitaraua:
- 10:30-10:45: EHKOlektiboaren aurkezpena. Helburuak eta metodologia.
- 10:45-11:45: Talde txikietan banatuta, gai ezberdinen inguruko hausnarketa.
- 11:45-13:00: Talde handian bilduta aztertutako gaiak komunean jartzea. Eztabaida.
- 13:00-14:15: Bazkaria.
- 14:30-16:30: Hitzaldia Biolur elkartearen eskutik. Erlezaintza ekologikoaren oinarriak eta Barroa gaixotasunaren artapenerako erlauntzen landa ikerketa.
Aikur museoa berriz irekita
Bestalde, urtarrilean eta otsailean museoa itxita eduki eta gero, gaurtik aurrera ohiko ordutegian irekiko dutela jakinarazi dute Aikurretik. «Asteburu eta jai egunetan 11:00etatik 14:00etara». Astean zehar taldeak bakarrik hartuko dituzte, eta «garrantzitsua da aurretik jakinaraztea».