Zumarragako ArcelorMittal siderurgia multinazionaleko lantegian negoziaketa mahaian ari dira langile batzordeko ordezkariak eta zuzendaritza. Gaur bildu da mahaia eta etzi berriz bilduko dira. Gaurkoan luzeak egiten dituzten ArcelorMittaleko lantegi guztietako langile batzordeek aho batez onartutako proposamena eraman diote enpresaren zuzendaritzari: soldatak bi urtean izoztu eta lanaldiari igoerarik ez ezarri; lan hitzarmena bi urtekoa izatea eskatu diote.
Aitor Maestro UGTko ordezkaria da Zumarragako ArcelorMittaleko langile batzordean, eta negoziaketa mahaian parte hartzen ari da. Gaurko bileran enpresak «begi onez ikusi zuen soldatak izozteko proposamena guztiok adostuta eraman izana, hala ere, gehiago eskatu dute». Maestrok soldatak izoztea jaistea dela onartu du, baina jaitsiera «bai ala bai» onartu beharko dutela uste du « hitzarmena etetea okerragoa delako». Multinazionalak gaur urrats bat gehiago eskatu die «langileok soldatak jaisteko prest gaudela adieraztea nahi du, bestela hitzarmena bertan behera utziko dute». Lan hitzarmena etetea, multinazionalak lan erreformari helduko diola esan nahi du.