P { margin-bottom: 0.21cm; }Zelai Arizti kultur etxeko areto nagusian, Zumarragan, Arte Ederretako Udal Eskolako ikasleen lanak zintzilikatu dituzte. Eskolako 14 urtetik gorako 50 ikasle ingururen lanak dira, hiru teknika ezberdinetan landutakoak: tinta, pastela eta gouache-a. Dorleta Ugarteburu irakaslea da Arte Ederreko eskolan, «ehun lan inguru erakusketatik kanpo utzi ditugu toki faltagatik», esan zuen aurreko ostiraleko inaugurazioan.
Erakusketan ikusi ahal diren lan gehienak gouache teknika erabilita egindakoak dira, Laura Zendoia eskolako beste irakaslearen arabera, «tenpera bezalakoa da, baina hainbat geruza onartzen ditu, eta kolore oso indartsuak geratzen dira paper gainean». Tinta ere landu dute, lumatxoz egin dituzten lan gehienetan eraikinak irudikatu dituzte, «teknika honetarako aproposak dira eraikinak» esan zuen Zendoiak. Pastelak erabilita egindako margoetan gaia librea izan da, eta loreak zein paisaiak irudikatu dituzte ikasleek, besteak beste.
Erakusketa zabalik egongo da apirilaren 21a arte. Astelehenetik ostiralera 17:30etik 20:30era, eta larunbatetan eta jaiegunetan 12:00etatik 14:00etara eta 18:00etatik 20:30era.
