Urretxu-Zumarragako gaztetxeak 11. urteurrena ospatzeko festa egin du asteburuan. 2002ko ekainaren 22an zabaldu zituen ateak gaztetxe berriak lehenengoz, Urolako trena izan zenaren geltoki zaharrean. Ordutik, urtero ospatu izan dute urteurrena ekaina guztian zehar.
Ekintzak hil guztian zehar luzatuko diren arren, pasa den larunbatean ospatu zuten egun handia Ez galdu norantza lelopean. Aurretik, ostiralean, haurrentzako jolasak antolatu zituzten gaztetxean. Arratsaldean bertan bildu ziren haurrek «aurpegiak margotzeko eta maskarak eta muralak egiteko aukera» izan zuten, besteak beste, Idoia Armenteros Urretxu Zumarragako Gazte Asanbladako, ZUGAko eta gaztetxeko kideak esan duenez.
Larunbat goizean gaztetxeko pilota txapelketako finalekin hasi zuten eguna. Partidei 13:30ean eman zieten hasiera Urretxuko Ederrena pilotalekuan. Antia eta Oliveira gazteek osatutako bikoteak eraman zuen sari nagusia, «gaztetxeko kamiseta bana eta patxaran botila bat». Gaztetxe kanpoan egokitutako jantokian egin zuten, ondoren bazkaria. Guztira, «120 bat pertsona» bildu ziren, eta toki faltagatik, batzuk gaztetxe barruan egin behar izan zuten otordua.
Bazkal ondorenean, kantaldia egin zuten Mikel Karton, Itziar eta Physis US nomos bakarlariekin. Egunari amaiera emateko kontzertuak antolatu zituzten gaztetxean: Bolbora, Zurraia, Teodora Barbie eta herriko La banda del Cuervo taldeak aritu ziren. Armenterosek esan duenez, «egun osoan zehar jende dezente» ibili zen antolatutako ekintza guztietan «adin tarte ezberdinetakoak».
Egun handia larunbatean izan bazen ere, datozen asteetarako ere makina bat ekintza daude antolatuta. Ostiral honetan, «Jon Plazaola eta Alopecia en la lengua bikotearen bakarrizketak» egongo dira, 22:30etik aurrera. Gazte asanbladak «txosna baten egitura egin du auzolanean», kanpotik alokatzeak suposatzen duen dirua aurrezteko. Hori horrela, goizean «txosna muntatzen ikasteko ikastaroa eskainiko dugu eta arratsaldean, kontzertuak izango dira».
Ekainaren 18tik 23ra «bigarren Baserri Astea» antolatuko dute gaztetxean egitarau oparoarekin. Aste guztian zehar hitzaldiak, eztabaidak eta emanaldiak antolatu dituzte, baina asteburuari begira pilatuko dira ekintza gehienak. Ostiraletik igandera konposta egiten ikasteko ikastaroa, azoka eta mendi irteera bat antolatu dituzte, besteak beste.
