Asteburu honetan hasi da Gipuzkoako gizonezkoen giza proba txapelketa Aian. Urretxu, Zizurkil eta Aiztondo-Oarso taldeek neurtu dituzte indarrak, txapelketako lehenengo kanporaketan. Azkenean, Urretxuko taldea izan da irabazlea, bigarrenari plaza bateko aldea aterata. Urretxuarrek 52 plaza, zinta bat eta 2 metro osatu dituzte Aiako tiraldian. Mikel Elgarresta taldeko kidea egindako markarekin «oso gustura» agertu da. Txapelketari begira «bigarrenari plaza bateko aldea ateratzea abantaila handia da, gainera», esan du.
Guztira zazpi taldek hartuko dute parte aurten guztira Gipuzkoako txapelketan. Taldeak bi multzotan banatuta —A eta B— jokatuko dituzte kanporaketak. Urretxuri B multzoa egokitu zaio zoriz Zizurkil eta Aiztondo-Oarsorekin batera. A multzoan arituko dira, bere aldetik, Berrobi, Orio, Mendaro eta Debako taldeak. Azken biak, aurten lehenengo aldiz arituko dira.
Igande arratsaldean giroak lagundu ez bazuen ere, jendez bete zen Aiako probalekua. Antolatzaileek esan dutenez, 375 bat pertsona bildu ziren ikuskizunaz gozatzera. Tiratzaileak pisatu ostean, 18:00etan eman zitzaion hasiera probari. Urretxu izan zen pisuan sartu zen talde bakarra, «Zizurkilek eta Aiztondok 2 eta 16 kiloko gain kargarekin jokatu behar izan zuten», zehaztu du Elgarrestak. Zozketa bitartez erabakita Zizurkilgo taldea izan zen tiratzen lehena. «Hasieran oso ondo hasi ziren, baina amaiera aldera erritmoa asko jaitsi zuten». Azkenean, 47 plaza eta 0,63 metro osatu zituzten.
Aiztondo-Oarso taldearen txanda izan zen hurrena. «Oso indartsu ikusi nuen taldea. Tiraldia oso modu erregularrean hasi eta amaitu zuen. Egindako marka oso ona izan zen, nahikoa lan izan genuen hura gainditzen», dio Elgarrestak. Izan ere, Aiztondo-Oarsok 51 plaza, zinta 1 eta 1,23 metro osatzea lortu zuen azkenean.
Urretxuarrak aurretik
Erlojua zainduz hasi zuen tiraldia Urretxuko taldeak, azkeneko poztuan: «Lasai hasi ginen, baina erritmoa azkartuz joan ginen amaierarako». 52 plaza, 2 zinta eta 2,23 metrorekin txapelketako lehenengo postua eskuratu du, momentuz Urretxuko taldeak. Hurrengo kanporaketa ekainaren 22an jokatu du B multzoak Urretxuko probalekuan; A multzokoek, aldiz, ekainaren 29an eta uztailaren 13an Orion eta Mendaron. Urretxuarrek herrian irabazteko asmoz hartuko dute kanporaketa, «herrian oraindik ez dugu inoiz irabazi. Ea arantzatxo hori kentzerik badaukagun».
Finalera multzo bakoitzeko bi talde onenak pasatuko dira, «bi kanporaketak kontutan hartuta, metro gehien batzea lortu dutenak». Finala abuztuaren 4an jokatuko dute Aian.
