
Hogeita hamalaugarren urtez ospatuko da datorren igandean Dantzari Txiki Eguna Urretxun. Lurra dantza taldearen ardura izan da hasieratik jaialdi hau antolatzea. Juan Luis Elgarresta, Lurrako kideak gogoratzen duenez, «hasieran aldarrikapen kutsua» zuen festa bazen ere, gaur «asko aldatu» da. Euskal folklorearen adierazpen izaten jarraitzen du egun honek, baina gehiago da «haurrek urte guztian ikasitakoa erakusteko» agertoki bat, beste ezer baino.
Gipuzkoako eta Nafarroako «bederatzi taldek» hartuko dute parte aurten: Aurtzaka (Beasain), Amets Bide (Ordizia), Altsasuko dantzariak (Altsasu), Gure Txeru (Getaria), Ereintza (Errenteria), Larraiza (Lizarra), Korosti (Legazpi), Irrintzi (Zumarraga) eta Lurra (Urretxu). Dantzari eta arduradunen artean «500 bat pertsona» bilduko direla aurreikusten du Elgarrestak. Goizean, 11:00etan elkartuko dira talde guztiak Pagoetako plazan. Handik kalejirari hasiera emango diote, 12:00ak eta 13:30 bitartean herriko kaleak zeharkatuko dituzte, tartean dantza egiteko geldialdiak eginez Gernikako Arbola plazan amaitzeko.
Urretxuko Dantzari Txiki Egunak berezitasunik badu, «haurrek dantza egiteko denbora asko» dutela da. Gainontzeko herrietan, «arratsaldeko dantza saioak murrizteko» joera dagoen bitartean, Urretxun, hori mantentzearen aldeko apustua egin dute. Arratsaldean, 17:30ean Gernikako Arbola plazan egingo duten jaialdian, esaterako «talde bakoitzak 10 minutuko denbora izango du nahi dituen dantzak egiteko», azpimarratu du Elgarrestak.
Haur asko dantza taldeetan
Horretan ere, ezberdinak dira Urretxukoak; zenbait herritan «derrigorrezko dantzak jartzen dituzte, talde guztiek dantzatu beharrekoak». Urretxun talde bakoitzari askatasuna ematen zaio nahi dituen dantzak aukeratzeko, «izan ere, gerta daiteke dantza bera modu ezberdinean dantzatzea herri bakoitzaren arabera».
Antolaketari dagokionez, urteek eta esperientziak laguntzen dutela dio Elgarrestak, «behin eginda, hurrengoak antolatzea errazagoa da». Hala ere, parte hartzaile guztientzako bazkariak antolatzea da urtero, «kezka gehien» sortzen duena. Lan horretan, dena den, «taldeko gurasoen laguntza handia» izaten dutela dio Elgarrestak, eta beraien prestutasunari esker, «guztia errazagoa» izaten dela.
Dantza taldeak osasuntsu daude, «haur asko hasten dira». Arazoa jarraipenean dago, ordea. «Adin batetik aurrera gutxi dira jarraitzen dutenak», amaitu du.