Zumarragako kaleak hustu egingo dira bihar, eta festetako egunik handienean zumarragarrak Antioko baselizaren inguruetara bilduko dira hango erromeriaz gozatzeko. Bihar Santa Isabel eguna da.
Pasa dira jada heldu zein haur danborradak, ikusi dira su artifizialak eta dantzarien erakustaldiak. Gaurkoan asko izango dira indarrak gorde eta goiz erretiratuko direnak, hala ere, aukera hori baztertzen dutenek badute zer egin. Idi probak goizean hasi dira eta iluntzera arte luzatuko dira Euskadi plazan. Gaztetxoek ere badute zer egin, Grand Prix delakoa izango dute La Salle Legazpi eskolako patioan 18:30etik aurrera, eta kuadrillen afaria izango da ondoren, 21:00etan Zelai Arizti parkean. Egitarauak ekintza gehiago ere badakar.
Bihar, Antion egongo da jaien epizentroa. Bertara igotzeko, Zumarragako Udalak doako autobus zerbitzua jarriko du urtero bezala. Autobusak 10:00etatik aurrera joan etorrian ibiliko dira 20:00etara arte. Autobusak parrokia aurretik irtengo dira.
Argazki rally-a ere izango da, 15. aldia da udalak Argazkia taldearen laguntzarekin rally hau antolatzen duela. Parte hartzaileek 09:00etatik aurrera eman beharko dute izena udaletxeko arkupeetan.
Ondoren, Antiora begira jarriko da Zumarraga.