Urretxuko Udalak Sarraldeko garbiketa lanak hasi ditu. Horrekin batera, erabilgarri dagoen eremua herriterrei ireki die. Urretxuarrek eremua ezagutzea eta bertako espazio bati lehenbailehen erabilera ematea da helburua. Lehen fase honetan, espazio honetako lurzorua garbitu, ingurumen txostena egin, leihoak konpondu, hondakinak sailkatu eta kudeatu eta lehen egokitze obrak egingo dituzte. Aurtengo aurrekontua 138.500 eurokoa da eta dirua udalak eta aldundiak ipiniko dute.
Udalak parte hartze prozesu bat jarri zuen martxan eta hortik talde eragilea sortu zen. Honek Irimo Foroa antolatu du industrigunea eta egitasmoa herritarrei ezagutzera emateko eta ekarpenak jasotzeko. Urrian bigarren foroa egingo dute eta horren ondoren erabakiko da Sarralden zer egin. Plaza estali bat egiteaz hitz egin dute, besteak beste.
Irimoko prozesuaren helburua espazio hau herrian integratzea da. Ondorengo baldintzak izango dituen espazio publiko bat sortu nahi dute: garapen ekonomikoa, soziala eta kulturala oinarri izango dituena, inguruarekiko, ingurunearekiko eta pertsonekiko arduratsua, ekonomiko jasangarria, behar ezberdinei erantzungo diena eta, etorkizuna baldintzatu gabe, eraldaketa progresiboa eta malgua izango duena.
Lehen foroa asteartean hasi zen, bisita gidatuarekin. Asteazkenean talde eragileak bere burua aurkeztu zuen eta bizilagunek industrigunearekin izandako harremanari buruz hitz egin zuten. Atzo hitzaldiak egon ziren. Horra hor egitaraua:
Irimoko Lehen Foroa
Uztailak 11, ostirala
- 18:30. Hitzaldia. Barne garapeneko politiken birpentsaketa. Udaletxeko sarrerako aretoan.
- 19:15. Hitzaldia. Banakako ekoizpenetik, auzo fabriketara. Udaletxeko sarrera aretoan.
Uztailak 12, Larunbata
- 11:00. Tailerrak. Ekoizpen pertsonalerako teknologietara sarrera eta haur eta gazteentzako elektronika eta robotika tailerra. Santa Barbaran. Izena eman behar da: 943 03 80 80 edo irimoph@gmail.com.
Uztailak 18, ostirala
- 18:30. Hitzaldia. Luis Astiazaran Gipuzkoako industria arkitektonikoan. Udaletxeko sarrerako aretoan.
- 19:15. Hitzaldia. Europan lehiaketako proiektua. Udaletxeko sarrerako aretoan.
Uztailak 19, larunbata
- 11:00. Tailerra. Hiriak eta ekofeminismoa. Udaletxean edo Santa Barbaran.
Goierriko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jaso nahi dituzu? Horretarako zure babesa ezinbestekoa zaigu. Egin zaitez HITZAkide! Zure ekarpenari esker, euskaratik eginda dagoen tokiko informazio profesionala garatzen eta indartzen lagunduko duzu.
Egin HITZAkide