ArcelorMittal metalgintza arloko multinazionalak Zumarragako lantegia aldi baterako itxiko duela jakinarazi dio langile batzordeari. Itxiera behin behinekoa izango dela esan duen arren, enpresak ez du inolako eperik zehaztu. Zumarragako Arcelor lantegiaren –lehen Orbegozo zena– zuzendaritzak herenegun eman zion erabakiaren berri langile batzordeari. Itxiera irailaren bukaeran edo urriaren hasieran gauzatuko da. Eraikuntzan erabiltzeko altzairuzko hariak ekoizten dituzte bertan, besteak beste.
Albistea gaur goizean eman du EiTB taldeak. Zumarragako plantaren itxiera salmenten jaitsierak eta kostu elektrikoen hazkundeak behartutakoa dela adierazi dute. Iazko udaberrian Zumarragako ArcelorMittaleko langile batzordeak zuzendaritzarekin luze negoziatu eta gero, %12ko soldata jaitsiera onartu zuen, baita lanaldiaren handitzea ere. Langile batzordeak, bere aldetik, bideragarritasun plana eskatu dio zuzendaritzari, “aldi baterako itxiera birpentsatuko dutelakoan gaude jokoan 400 langile baino gehiagoren lanpostuak baitaude”.
Zumarragako ArcelorMittalen 375 langilek egiten dute lan, baina gehiago dira enpresak eskualdean sortzen dituen zeharkako lanpostuak. Arantza Tapia Eusko Jaurlaritzako Garapen Ekonomiko eta Lehiakortasun sailburuak Euskadi Irratian gaur goizean egindako adierazpenetan multinazionalak bere egoerari irtenbidea emateko aukera ezberdinak aztertu dituela esan du, “erreforma energetikoak lantegiak lehendik zuen lehiakortasun arazoa larritu egin du”. Tapiak “malgutasuna” eskatu die zuzendaritzari nahiz langileen “egoerari irtenbide egoki bat” emateko.
ArcelorMittal taldeak Zumarragako lantegia –lehen Orbegozo zena– aldi baterako ixteko erabakia hartu du. Atzotik ahoz aho zebilen kontua, baina gaur zabaldu dute hainbat komunikabidek. CCOO sindikatuko Enrique Barattak azaldu duenez, enpresaren zuzendaritzak atzo eman zien lantegia ixteko asmoaren berri; itxiera “Espainiako zuzendaritzaren aginduz” datorrela azaldu diete gainera, langileen ordezkariei. Erabaki horrek, 375 langileri eragingo lieke. Barattaren arabera, Zumarragako zuzendaritzak bideragarritasun plan bat aurkezteko asmoa du, baina horrek, langileen lan baldintzak okertzea ekarriko luke.
Eraikuntza lanetan erabiltzen diren altzairuzko hariak ekoizten dituzte Zumarragako lantegian. Planta horrek, ordea, galerak izan ditu aurten, salmenten jaitsierak eta kostu elektrikoen hazkundeak eraginda. ArcelorMittal taldeak ere, 264 milioi euroko galerak izan ditu aurtengo lehen hiruhilekoan. Euskal Herrian 2.900 langile ditu Arcelor Mittalek, Bizkaian, Gipuzkoan eta Nafarroan. Goierriri dagokionean, Zumarragakoaz gain, Olaberrian ere badute lantegi bat –lehen Aristrain zena–.