Urretxuko eta Zumarragako Udal Euskaltegiaren Mintzalaguna egitasmoa martxan dago, eta asteko 50 lagun inguru elkartzen dira euskaraz aritzeko. Egitasmo honetan parte hartu nahi dutenak, oraindik garaiz daude. Izena emateko, 943 72 33 10 edo 628 81 10 62 telefono zenbakira deitu behar da edo
marijo@uzue.net helbidera mezua bidali.
Mintzalaguna egitasmoaren helburua herritarrei euskaraz hitz egiteko aukera ematea da, eta talde bakoitzean gidari bat eta bizpahiru mintzalagun elkartzen dira, astean behin, ordu beteko saioan. Taldeak autonomoak dira. Kideek aukeratzen dute eguna, ordua eta jarduera: paseatu, kafea hartu, emanaldiren batera joan…
Euskaraz ulertu eta, maila apalean bada ere, hitz egiteko gai diren guztiak izan daitezke mintzalagun. Gidari, berriz, bere bizimodua euskaraz egiten duen edonor izan daiteke. Parte hartzea doan da eta ikasturtea maiatzean bukatzen da, afari-merienda batekin.
Egitasmo hau 2004-2005 ikasturtean jarri zuten abian eta balorazioa «positiboa» dela dio Maite Zaldua Udal Euskaltegiko zuzendariak. «Ikasturte amaierako meriendan balorazioa egiten dugu eta urtero parte hartzaile guztiek balorazio ona egiten dute. Gehienek urtero ematen dute izena».
Euskaltegiko arduradunak ere oso pozik daude. «Parte hartzen duten asko euskaltegiko ikasleak dira, baina gurasoak eta merkatariak ere badaude. Parte hartzen duten guztiei hobekuntza nabaritzen zaie».
Mintzalagunak egitasmoak, euskaldunen sarea zabaltzeko ez ezik, lagunak egiteko ere balio du. «Talde batzuk dagoeneko ez dira mintzalagun talde soilak, lagun taldeak baizik. Hala, noizean behin afariak egiten dituzte».
Atzo arratsaldean, bi talde
Atzo bertan, bi talde elkartu ziren. Biak bazkalostean, Zumarragako Arkupe tabernan. Talde bat Ana Garcia, Sonia Casales, Angela Fresno eta Maria Jesus Arregi gidariak osatzen dute eta bestea Maria Lurdes Salazar, Mari Jose Olazabal, Cristina Garces, Isabel Maria Rueda eta Mari Jose Cobos eta Mari Carmen Aranburu gidariek.
Oso gustura elkartzen direla eta, Mintzalaguna egitasmoari esker, geroz eta errazago hitz egiten dutela aitortu zuten guztiek.