Hermosak bigarren urtez jaso du CIA IMC-Unesco Composition saria, Akordeoi Jotzaileen Nazioarteko Konfederazioak urteko pieza onenari ematen dion saria da.
Zer da jaso berri duzun sari hori zure soinujole unibertsoan?
Saria ematen duen epaimahaian umetatik mirestu ditudan soinu jotzaile eta irakasle asko daude, eta haiek nire lana aukeratu izanak barru-barrutik betetzen nau.
Musikagile naizenetik, norberaren piezak mundu osoko jotzaileek interpretatuko dituztela jakiteak izugarri pozten nau. Sari hauek norberaren lanari bultzada ematen diote, eta hori eskertzekoa da.
Iaz ‘Paco’ lanagatik jaso zenuen saria, orain ‘Zheng Zai’ piezagatik. Nolako pieza da?
Pekingo (Txina) Kontserbatorio Zentralak enkargu bat egin zidan. Tibeteko melodia tradizional batzuetatik edan nuen, eta haiei musika minimalista eta mendebaldeko erritmoak gehitu nizkien. Pieza hau horren ezberdinak diren bi kulturen arteko zubi izateko xedearekin sortu nuen.
Salzburgon (Austria) jaso berri duzu saria. Nola joan zen?
Nazioarteko Akordeoi Jotzaileen Konfederazioak toki batean banatzen ditu sariak. Soinujoleon topaleku bihurtzen da hiri hori. Nazioarteko kideak zertan ari diren ikusteko gune ezin hobea, joera berriak ezagutzeko toki aparta eta oso giro atsegina sortzen da, aspaldiko lagunekin egoteko parada ere egoten delako.
Sarietako bat elkartearen batzorde artistikoak urteko pieza onenei ematen diena da. Lehenengo finalistak aukeratzen dituzte eta nork bere lana aurkezten du hala zuzenean nola aurretik grabatutako bideoan. Epaimahaiak bere erabakia ematen du jarraian eta, aurten, sekulako poza sentitu nuen neu nintzela jakin nuenean.
«Zheng Zai pieza bi kulturen arteko zubi izateko xedearekin sortu nuen»
Zeintzuk dira orain esku artean dituzun proiektuak?
Malandro Hirukotearekin [tronpeta, kontrabaxua eta soinua] iberiar musika, tangoa, jazza eta musika klasiko garaikidea batuko dituen diskoa prestatzen ari gara.
Bakarka ere ari naiz, eta azken urteotan sortutako piezekin diskoa kaleratzeko asmoa daukat; horri datorren urtean helduko diot. Datozen hilabeteetan, bestalde, Uruguai, Mexiko, Serbia, Finlandia, Belgika, Portugal eta Espainian kontzertuak lotuta ditut eta haiek prestatuko ditut buru-belarri. Bien bitartean, Santanderreko (Kantabria) kontserbatorioko irakasle lanari segida emango diot; ilusioz beteta naukate ikasleekin burutuko ditudan proiektuek.
Zati bat sortzen ematen duzu eta bestea sortutakoa zabaltzen. Nola egiten da hori eguneroko bizitzan?
Sortzea, beti ere, gure lanaren zatirik ederrena da. Baina gero, ezinbestean, sortutakoa ikasi eta maila duin batean jotzeko gai izan behar zara eta horrek jotzea eskatzen du; beste musikariekin entseguak egin, musikarien artean koordinatu, trenak, hegazkinak edo dena delakoak lotu…
Sortzeaz gain, sortzen duzun hori ezagutzera eman behar duzu kontzertuen bitartez, disketxeekin argitara emanez eta komunikabideen bidez. Egun Internet sekulako tresna da gure lana zabaltzeko, izan ere, sortutakoari zabalkundea emateko lan horrek ordu asko kentzen dizkigu… Edozein kasutan, Internetek lan hori erraztu digula ukaezina da.