Zumarragako Buzkantza Egunak eguraldi ona izan zuen atzo bidelagun eta Euskadi plazan jende asko ibili zen eguerdira bitartean. IX. Pintxo Lehiaketako sari banaketa egin zuten eta
Berri tabernari eman zioten lehenenego saria odolki bola piper beteengatik, pintxo originalaren saria Saski tabernak jaso zuen. Ordurako, Euskadi plazako arkupeak artisau postuz beteta zegoen, eta larunbateko azokan baserritarrak jarri ohi diren gunean
Urola eskubaloi taldeak jarritako txosna zegoen, han eman zituzten dastatzen Jesus Mari Debaren eta Fernando Salegiren buzkantzak. Txosnaren alboetan salmenta ere egin zuten Mujikakoek eta Debakoek. Josetxo Goenaga zumarragarra ere bertan zegoen bere sendabelarrak eta idatzi berri duen liburua saltzen. Horrez gain, herri kirol erakustaldia ere egin zuten eta Xabier Zaldua aizkolaria Urretxu-Zumarragako giza proba taldeko lagunei gailendu zitzaien. Zaldua gustura agertu zen egindako lanarekin eta udaberri parterako apusturen bat botatzeko prest dagoela esan zuen.
Goierriko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jaso nahi dituzu? Horretarako zure babesa ezinbestekoa zaigu. Egin zaitez HITZAkide! Zure ekarpenari esker, euskaratik eginda dagoen tokiko informazio profesionala garatzen eta indartzen lagunduko duzu.
Egin HITZAkide