Datorren larunbatean, azaroak 29, Beldur Barik topaketak egingo dituzte Urretxun eta Zumarragan. Gaur, Emakumeenganako Indarkeriaren Kontrako Nazioarteko Egunaren atarian, aurkezpena egin berri dute Zumarragako Zelai Arizti kultur etxean. Bertan izan dira: Izaskun Landaida Emakundeko zuzendaria, Ibon Uribe Eudeleko Berdintasun arduraduna eta Galdakaoko (Bizkaia) alkatea, Xabier Legarreta Bizkaiko Foru Aldundiko berdintasun zuzendaria, Laura Gomez Gipuzkoako Foru Aldundiko berdintasun zuzendaria, Mikel Serrano Zumarragako alkatea eta Oihane Zabaleta Urola Garaia Mankomunitateko lehendakaria zein Urretxuko alkatea. Topaketak aurkeztu dituzte eta Oihane Zabaletak gogoratu du orain bost urte
Matraka emakume gazteen talde legazpiarrak batailatu zuela Beldur Barik proiektua. Ordutik, gero eta gehiago dira gazteek proiektuaren baitan egiten den ikus-entzunezko lanen lehiaketara aurkezten dituzten lanak. Aurten, hain zuzen,
224 lan jaso dituzte; horietatik
zazpi Goierri garaiko lau herrietako gazteenak.
Izaskun Landaida Emakundeko zuzendariak esandakoan hiru hitz gako azpimarra daitezke: erakundeen arteko
elkarlana Beldur Barik proiektuari dagokionez, gazteen
talde lana ikus-entzunezkoak egiterakoan –224 lan horien atzean gazte asko dago, talde bakoitzak hamar kide har ditzake- eta emakumeenganako indarkeriaren jatorria generoen arteko
ezberdintasuna dela. Landaidak esan duenez, gazteek bidalitako lanetan eraldaketa sumatu dute:
“Lan gehienak ez dira indarkeria fisikoan zentratu, indarkeria hori eragiten duten faktoreetan baizik”.
Ibon Uribe Eudeleko ordezkariak tokiko erakundeen lanari jarri dio azpimarra. Izan ere, Beldur Bariken jaso dituzten lan gehienak 10.000ti behera biztanle dituzten herrietatik jaso dituzte. Bide batez,
sarean lan egiteak proiektu hau herri txikienetara zabaltzeko aukera ematen duela ere adierazi du. Kopuru zehatzak eman ditu Uribek, hala nola, 59 udalerrietako eta sei mankomunitatetako lanak jaso dituztela esan du, “guztira 90 bat herrietatik datozen lanak dira”. Bideoetan jarrera aktiboagoak identifikatu dituztela berretsi du Uribek,
“Gazteek hainbat jarrera antzeman dituzte: emakumeek ez dituztela hainbat kirol egiten, janzkera motagatik kritikak jasotzen dituztela, mutilek neskei txaten bidezko kontrola ezartzen dietela sakelakoaren bitartez edota estereotipo matxistak indarrean daudela, esaterako: mutilak ezin direla sentiberak izan”.
Xabier Legarreta Bizkaiko Foru Aldundiko berdintasun zuzendariak Genero Indarkeriaren Behatokiak zehaztu berri dituen zenbait adierazle azaldu ditu. Hain zuzen,
indarkeria jasaten duten emakumeen soslaia gero eta hauskorragoa dela ondorioztatu du Behatokiak Legarretaren arabera: “Emakume gazteak, jatorri atzerritarrekoak, familia kargak dituztenak eta indarkeria ez da, gainera, nozitzen duten arazo bakarra. Arazo horiek, oro har, laguntza zailtzen du”. Edozein kasutan, biktimei eman beharreko laguntza ezinbestekotzat jo eta gero, indarkeria saihesteko bidea egin behar dela nabarmendu du Legarretak.
Laura Gomez Gipuzkoako Foru Aldundiko berdintasun zuzendariak, bere aldetik, emakumeek pairatzen duten
ezberdintasun materialean jarri du arreta: “Badakigu ezberdintasun horren gainetik ere indarkeria egon badagoela asko baitira ezberdintasunari bultzada ematen dioten bozgorailuak. Dena dela, baliabideen ezberdintasunari heldu egin behar zaio”. Gomez Urola Garaiko berdintasun teknikaria izan zen urteetan eta, ordutik, mankomunitatean martxan jarri diren egiturak goraipatu ditu, tartean, jabekuntza eskola.
Larunbateko topaketen egitaraua:
- 16:00-16:30. Ongi etorria, autobusean iritsiera Zumarragako Zelai Arizti kultur etxera.
- 16:30-19:30. Tailerrak (gure gorputzaren jabe: hilekoa bizitzeko moduak, desiraren laborategia, autodefentsa feminista eta rap feminista)
- 19:30-20:00. Kalejira.
- 20:00-20:30. Mokadutxoa
- 20:30-22:15. Sari banaketa Urretxuko Labeaga aretoan eta lanen emanaldia
- 22:15. Irteera autobusez Urretxutik.
Informazio gehiago:
Beldur Barik