Abenduaren 17tik Iosu Garai legazpiarraren eta Carlos Mediavilla urretxuarraren argazkiak ikus daitezke Donostian. Josu Fernandez, Cesar Lera eta Diego Lopezekin batera, Huelvako (Andaluzia, Estatu espainiarra) Riotinto meategietan ateratako argazkiak jarri dituzte ikusgai. Lanak Club Vasco de Camping elkartearen egoitzan (Prim, 35) egongo dira ikusgai, hilaren 30a arte (astelehenetik ostiralera, 16:30etik 20:30era).
Garai eta Mediavilla Legazpiko Ikatza elkarteko kideak dira eta urte asko daramatzate argazkiak ateratzen. Riotintora joateko aukera suertatu zitzaienean, ez zuten zalantzarik izan. «Ekainean izan ginen bertan. Riotinto paradisu bat da, bereziki argazkilarientzat. Izan ere, bertan sekulako argazkiak, formak eta testurak aurki ditzakegu. Banekien toki ederra zela, baina bertara joan arte ez dago irudikatzerik», esan du Mediavillak.
Diego Lopez sevillarraren eskutik ezagutu zuten paraje hura. «Gipuzkoako Argazkilari Elkartearen egoitzan ikastaroa bat eman zuen eta Iosuk eta biok izena eman genuen. Riotinton beste ikastaro bat eman behar zuela esan zuen eta bi aldiz pentsatu gabe eman genuen izena. Izan ere, sekulako argazkilaria da. National Geographic aldizkariarentzat lan egiten du, besteak beste».
Iosu Garai eta Carlos Mediavilla
Sevillarrak primeran ezagutzen du Riotinto. «Suhiltzailea da eta, meategien gainetik askotan hegan egin duenez, oso ondo daki zeintzuk diren argazkiak ateratzeko toki onenak. Lau egun eman genituen bertan. Gauez esnatzen ginen eta eguna argitzerako bertan geunden. Une batetik bestera koloreak asko aldatzen dira. Oso ikusgarria da. Toki batzuetan lanean ari dira eta zaindariei izkin egin behar zaie. Garai batean 10.000 lagunek lan egin zuten bertan. Oso toki handia da», aipatu du Mediavillak.
Beste hiru lagunekin batera, erakusketa ireki dute. «Iosuk eta biok bertako testurei, formei eta koloreei eman diegu garrantzia. Cesar Lerak, ordea, meategi barrutiko instalazioen argazkiak atera zituen batez ere. Sekulako argazkilaria da. Pelikuletan lokalizazio lanak egiteko deitzen diote. Lopez, berriz, Finlandiara joan behar da ikastaro bat ematera».
Beste hiri batzuetan
Lerari esker, erakusketa Estatu espainiarreko beste hiri batzuetara eramango dute. «Donostian 50 bat argazki bakarrik jarri ditugu, lokala ez baita oso handia. Ez dira asko, askoz ere argazki gehiago atera baikenituen. Gu ez gaude gure lanak Gipuzkoatik kanpo ikustera ohituta, baina Lerak oso argazki onak direla eta erakutsi egin behar direla esan du».
Oraingoz, oso gustura daude jendearen harrerarekin. «Oso toki onean dago eta jende askok ikusi ditu argazkiak».
Etorkizunera begira, Andaluzia hobeto ezagutzeko asmoa du. «Lopezek oso ondo ezagutzen du herrialde hura eta berarekin joan ahal izatea pribilegioa da. Perretxiko biltzaile batek zizalekuak erakustea bezala da. Cazorla eta Grazalema mendilerroetara joateko asmoa dut», aipatu du urretxuarrak.