
Deskargako tunelaren irekierak, Debagoienara doazen goierritarrei ez ezik, errepide zaharraren ondoan bizi direnei eta lan egiten dutenei ere mesede egin die. Tunela ireki dutenetik askoz ere lasaiago bizi dira.
Martxoaren 25ean Gipuzkoako Foru Aldundiak Deskargako tunela inauguratu zuen. Ordutik, Debagoienara doazen goierritarrek ez dute Deskargako mendatea igaro behar eta lehen baino minutu batzuk gutxiago behar dituzte doazen tokira heltzeko. Ez dira tunelaren irekiera eskertu duten goierritar bakarrak, ordea. Deskargara bidean bizi direnak eta lan egiten dutenak ere pozez gainezka daude. Izan ere, tunela ireki dutenetik, oso jende gutxik erabiltzen du errepide zaharra.
GI-632 zaharra oso errepide arriskutsua zen tunela ireki zuten arte. Deskarga Barrena baserriko Joxe eta Luzio Leunda anaiek ondo dakite hori. Euren etxea errepide ondoan dago eta sarrera oso arriskutsua da. Azkeneko hamarkadetan beldurrez irten dira errepidera, baina tunela ireki dutenetik begiak itxita atera daitezke ia.
Leunda anaiak Deskarga Barrenan jaio ziren eta duela 30 bat urte herrira joan ziren bizitzera, baina eguna baserrian ematen dute. Izan ere, ganadua eta erleak dituzte bertan. Hala, asko poztu dira tunela ireki dutelako. «Gure etxeko sarrera-irteera oso txarra da eta orain askoz ere lasaiago irteten gara errepidera. Lasai begiratzeko eta irteteko aukera dugu. Lehen trafiko handia zegoen eta ziztu bizian irten behar ginen. Sekulako auto ilarak sortzen ziren eta batzuetan 5-10 minutu ematen genituen zain». Istripuak ere egon ziren. «Gure baserrian hiru etxebizitza daude eta bizilagun bat kamioi batek jota hil zen».
Zarataz eta kutsaduraz ez dira horrenbeste kexatzen. «Zaratara ohitu egin ginen. Gainera, Vascongadoetako trenak zarata gehiago ateratzen zuen! Iratzargailurik ez genuen eta trena erabiltzen genuen iratzargailu bezala». Oraindik eguneko lehen trenak zein ordutan pasatzen ziren gogoratzen dute Deskarga bideko bi anaiak. «Merkantzia-trena 06:00etan pasatzen zen eta bidaiariena 07:00etan».
Trenaren tunela autoena egin duten toki berean zegoen. «Oinez pasatzen genuen tunela. Zertarako? Antzuolako baserri bateko gereziak hartzeko! Perretxiko bila ere joaten ginen paraje haietara».
Ez ziren Irun-Brinkola linean bezainbeste tren pasatzen, noski. Errepidean ere trafikoa egun baino askoz ere txikiagoa zen. «Gure behiak errepide ondoko larreetan egoten ziren. Kamioiren bat edo beste eta autobusa bakarrik pasatzen ziren. Gauean errepidea epel egoten zen eta etzan egiten ginen».
Bizilagunek 5-10 minutu behar zituzten batzuetan errepidera irteteko
Deskarga bidean bizi direnek istripu asko ikusi dituzte urte hauetan guztietan
Tunela ireki dutenetik, berriro behiak errepide ondora ateratzeko eta errepidean etzateko moduan daude. Garai bateko kontuak gogoratzeko aukera eman die, behintzat. «Egun, gure baserrian, Deskarga Zaharren eta Santiñen bakarrik bizi da jendea, baina lehen Deskarga gaineko Kaminero Etxean eta Fermiñenen ere jendea bizi zen. Kaminero Etxearen ondoan taberna bat zegoen eta igandero erromeria egiten zen bertan. Hor ikasi genuen dantzan eta hortik egin genuen salto herriko plazara. Gure tranpolina izan zen!», diote txantxetan.
Deskargan bolatokia ere bazegoela gogoratzen dute. «Antzuolako, Legazpiko eta Urretxuko jendea etortzen zen. Taberna hura duela 40 bat urte itxi zuten».
Kontu zaharragoak ere gogoratzen dituzte. «Autorik ez zegoen garaian, hemengo baserritarren idiak erabiltzen zituzten bidaiariek merkantziak Deskargako alde batetik bestera eramateko. Eta Fermiñene baserrian bidaiariek ostatu hartzen zuten».
Langileen iritzia Deskargan, baserriak ez ezik, enpresa batzuk ere badaude. Gas Garin butano banatzaileak, adibidez, bertan du biltegia. Santi Garin nagusia eta Victor Herrera langilea gustura ageri dira. «Errepide honetan trafiko handia zegoen eta istripu bat baino gehiago ikusi dugu. Izan ere, gure biltegiaren aurrekoa igoera hasi aurreko azken zati zuzena da eta jendea kamioiak aurreratzen saiatzen zen. Guk ez dugu sekula istripurik izan, baina kontu handiz ibili garelako. Bagenekien arrisku handia zegoela eta oso ondo begiratzen genuen errepidera irten aurretik».
Tunela ireki zutenetik, baserrietara doan jendea eta «despistaturen bat» bakarrik pasatzen dela diote. «Tunela noiz irikiko zain geunden eta oso pozik gaude. Ez bakarrik gure biltegiko sarrera-irteera seguruagoa delako, baita tunelaren erabiltzaileak garelako ere. Izan ere, Gipuzkoa guztian eta Bizkaiko zati handi batean banatzen dugu butanoa. Tunela ireki dutenetik, denbora gutxiago behar dugu banaketa egiteko».
Hala, Antzuola-Bergara zatia lehenbailehen irekitzea nahi dute. Eta urarekin duten arazoa konpontzea ere espero dute. «Tunela egin duten tokian ubideren bat zegoen eta ur guztia biltegira erortzen hasi zen. Kexa aurkeztu genuen eta dagoeneko ur gutxiago erortzen da, baina oraindik arazoak ditugu», amaitu dute.