Inma Albisua (Zumarraga, 1956) irakasleak erretiroa hartuko du ostiral honetan. 36 urte eman ditu Gainzuri ikastetxean lanean eta zuzendaria izan zen 20 urte luzetan.
Nolatan irakasle?
Psikologia ikasi nuen, Salamancan. Urtebete jardun nuen psikologo bezala, kabinete batean. 1980an eskola publikoa euskalduntzeko apustua egin zuen Urretxuko Udalak eta herrira etortzeko aukera ikusi nuen. Orduan ezarri zen D eredua. Oso egitasmo erakargarria iruditu zitzaidan. Hor hasi nintzen eta hor jarraitzen dut…
Zure asmoa ez zen irakaslea izatea.
Ez. Psikologia klinikoan lan egin nahi nuen, baina irakaskuntzan lan egiteko aukera ikusi nuen eta irakaskuntzan nik egindako ikasketekin loturak dituzten gauzak askotan aplikatu ditudala uste dut.
Ondo hartu al zintuzteten eskola publikoan?
Bai. Jaurlaritza bertako irakasleria euskalduntzeko bitartekoak jartzen hasia zen eta bertako irakasleek bat egin zuten egitasmoarekin. Zelai Arizti ikastetxearekin elkartu ginenean ere, ez zen batere traumatikoa izan.
Asko aldatu al da zuen ikastetxea urte hauetan guztietan?
Gauza asko aldatu dira. Jaurlaritzak ezarritako ereduak gainditu egin ditugu eta gure haurrak euskaldundu nahi baditugu euskarari are eta indar handiagoa eman behar zaio. Bestalde, metodologiak asko hobetu dira, hasi ginenean hamabi irakasle ginen eta egun ia 60, eraikinak berritu ditugu…
Haurrak ere aldatu al dira?
Umeak beti ume dira, baina egoera ezberdin batean bizi dira. Baliabide ezberdinak dituzte, familiak ezberdinak dira, gizartea ezberdina da, herria ezberdina da… Eskolak horri aurre egin behar dio. Hori dela eta, irakasleok denbora asko eskaintzen diogu prestakuntzari.?Gizartea ziztu bizian doa eta ezin gara atzean gelditu. Egun, garai batean baino askoz ere aniztasun handiagoa dago geletan. Eta teknologia sartu da geletan.
«Lankide zoragarriak eduki ditut eta
datozenei laguntzeko prest nago»
«Ume bat aurrera ateratzeko, eskolak
eta familiak bat egin behar dute»
Irakasleek gizartearen babesa sentitzen al duzue?
Ume bat aurrera ateratzeko, eskolak eta familiak bat egin behar dute. Konfiantza ezinbestekoa da. Gehienetan badago, baina batzuetan elkar ulertzeko zailtasunak daude. Gurasoek gure esku jartzen dute beraien altxor preziatuena eta konfiantzarik ez badago, nekez aterako ditugu aurrera haur horiek.
Zeintzuk dira 36 urte hauetako oroitzapen politenak?
Pozgarriena haurrak eskolara pozik etortzea da. Egunero ordu asko ematen dituzte hemen eta jolastu egin behar dute, pozik egon behar dira… Eskolan gustura daudenean, niretzat egun beteak dira. «Zein ondo pasa dugun gaur», pentsatzen dut batzuetan. «Umeek barre, jolastu, ikasi, hitz egin, borroka, negar… egin dute, baina zein ondo pasa dugun!». Egia esan, oso ondo pasatzen dut eskolan. Beti txikiekin lan egin dut. Asko zurrupatzen dute, baina dena ematen dute. Ikasturte hasierak ere oso politak izaten dira, beti irakasle berriak etortzen baitira eta haize berria ekartzen baitute. Bilera baten ondoren gurasoekin afaltzera joatea ere oso polita da.
Une gogorrak ere bizi izango zenituen.
Bai, baina sekula ez naiz bakarrik sentitu. Beti jende asko eduki dut inguruan. Une gogorrei denok elkarrekin egin diegu aurre. Lankide zoragarriak eduki ditut eta datozen guztiei laguntzeko prest nago. Irakasle lana ez da zaila ondoan lagunduko zaituen norbait baduzu.
Ostiralean hartuko duzu erretiroa. Nola sentitzen zara?
Arraro. Ez dut sinesten ez naizela gehiago etorriko. Baina atzetik lan egiteko prest dagoen jende asko dator eta ateak ireki behar zaizkie. Ez dakit zer egin behar dudan hemendik aurrera. Gauza asko ditut egiteko, baina ez dut ito nahi. Lehenengo egoera berrira egokitu behar naiz.
Gainzurin geldituko direnei zer edo zer esan nahi al diezu?
Animoak eman besterik ez. Ilusioarekin jarrai dezatela. Gure lana oso garrantzitsua da eta ondo lan egiten ari gara. Behar nauten edozer gauzatarako hemen egongo naiz.