San Inazio Loiolatik Manresara joan zen 1522an, Jerusalemera bidean. Inaziotar Bidea bezala ezagutzen da eta Josulagunak eta bideko herriak ezagutzera emateko lan egiten ari dira. Inork ez du bide hori Fermin Lopetegi zumarragarrak bezain ondo ezagutzen. Bera izan zen egiten bigarrena (San Inazioren ondoren) eta dagoeneko zazpi aldiz egin du. Asteazkenean, 19:00etan, hitzaldia emango du Zelai Arizti kultur etxean. Hitzaldiaren ondoren, argazki erakusketa irekiko du.
Lopetegi mendizalea da eta garai batean federazioaren iraupen luzeko martxetan parte hartzen zuen, semearekin. Aspertu zirenean, Donejakue Bidea egin zuten. Horrenbeste gustatu zitzaion, non hamabost aldiz egin duen. Inaziotar Bidearen berri izan bezain laster, egitea erabaki zuen. Dagoeneko, zazpi aldiz egin du: seitan Euskal Herritik Kataluniara eta behin Kataluniatik Euskal Herrira.

Lehen aldian ongi etorria egin zioten. «Manresako alkateak ongi etorria egin zidan. Egun batzuk gelditzea eskaini zidan, baina itzuli beharra nuen. Berriro joango nintzela esan nion. Baskonia taldearen jarraitzailea naizenez, Manresan jokatu behar zuenean joan nintzen. Pistara atera nintzen eta bi taldeen kamisetak oparitu zizkidaten. Baskoniarena Gorka Knorr-ek eman zidan», oroitzen du.
Ordutik, beste sei aldiz egin du Inaziotar Bidea. «Semearekin behin egin dut. Beste behin Erroman ikasten ari den josulagun estatubatuar batekin egin nuen. Australiarrez eta estatubatuarrez osatutako talde batekin ere egin dut. Gazteenak 5 urte zituen eta zaharrenak 82».
Aitzindaria izan zenez, jende askori bidea egiten lagundu dio. «Bideari buruzko lehen gida nik egin nuen. Oso informazio gutxi zegoen eta jendeak niri deitzen zidan laguntza eske. Irimora eta Opakuara joan naiz, galdutako jendearen bila. Beste behin, Monegroetan zegoen erromes batek telefonoz deitu zidan eta zein bide hartu behar zuen esan nion».
Zorionez, dagoeneko ondo seinaleztatu dute. «Katalunian lan handia egiten ari dira ezagutzera emateko. Hemen aterpetxe gehiago behar dira. Erromesei erraztasunak eman behar zaizkie Inaziotar Bidea egin dezaten. Dena den, geroz eta jende gehiagok egiten du. Aurten jende asko etorriko dela uste dut. Bidea egiten dutenen %75 kanpotarrak dira. Estatubatuarrak, irlandarrak, alemaniarrak eta australiarrak dira nagusi».
Inaziotar Bidea eta Donejakue bideak zergatik gustatzen zaizkion azaltzea ez da erraza beretzat. «Ibiltzea gustatzen zait. Bide hauetan toki ederrak ikusten dituzu, jendea ezagutzen duzu, tokian tokiko gastronomiaz gozatzen duzu…».
Inaziotar Bidea nahiago
Inaziotar Bidea nahiago duela dio. «Kultura ezberdinen aztarnak daude, paisaia aberatsagoa da eta lasaiagoa da. Gainera, San Inaziok Inaziotar Bidea egin zuen. Santiagok, ordea, ez zuen Donejakue bidea egin. Loiolatik Manresara jende gutxiago dabil eta horrek bere alde txarra ere badu: aterpe gutxiago daude eta toki batzuetan hotelera joan beharra dago. Hori dela eta, Inaziotar Bidea egitea garestiagoa da».