Juan Mari Gabilondo zumarragarrak inork gutxik bezala ezagutzen ditu Euskal Herriko mendiak. 1970ean Euskal Mendi Federazioaren Ehun Mendien Lehiaketan parte hartzeari ekin zion eta ordutik zerrendako 700 gailur baino gehiago zapaldu ditu. Oso mendi gutxi gelditzen zaizkio zerrenda osatzeko.
Euskal Mendi Federazioak 1949an jarri zuen abian Ehun Mendien Lehiaketa. Helburua mendizaleek Euskal Herria ezagutzea da. Bost eta hamar urte bitartean dituzte ehuneko bakoitza osatzeko eta egunean zerrendako mendi bakar bat igo dezakete. Gabilondo 1975ean sartu zen Ehun Mendietako Euskal Mendizaleen Anaiartean eta duela gutxi zazpigarren ehunekoa lortu zuen. Dagoeneko ezin ditu ehuneko gehiago lortu, zerrendako ia mendi guztiak igo baititu. 20 bat gelditzen zaizkio guztiak egiteko eta hori da bere helburua.
Ez dira horrenbeste mendi igo dituzten mendizale asko izango. «Zonalde honetan ez dago Ehun Mendien Lehiaketan parte hartzen duen jende asko. Bizkaian, ordea, bai. Ez da lan erraza. Gertuko mendiekin hasten zara, baina zirkulua geroz eta handiagoa egiten da. Azkenak etxetik 150 kilometrora daude. Kontuan izan behar da garai batean ez genuela autorik. Gainera, egunean mendi bakar bat igo daiteke».
Aizkorri, bere kuttuna
Lehiaketa honek Euskal Herria eta euskal herritarrak ezagutzeko aukera bikaina ematen duela dio. «Mendi eder asko daude. Urtaroa oso garrantzitsua da. Neguan elurra duzu, udazkenean koloreak dituzu… Nire mendi kuttuna Aizkorri da. Gustuko dudan urtaroa, berriz, negua da. Neguan Aizkorri zoragarria da. Mendi hau oso berezia da urretxuar eta zumarragarrontzat. Autorik ez genuen garaian, Urbiara eta Aizkorrira joaten ginen behin eta berriro. Izan ere, trenak mendi altu batera joateko aukera ematen zigun».
Beste mendi batzuk, txikia-goak diren arren, lan gehiago ematen dute. «Planoa eta iparrorratza erabili ditut beti. Baina mendi batzuetan landaredi asko dago eta ezin zara zuzen joan. Itzulingurua egin behar duzu. Duela gutxi Zarakietako mendizerran orientatzeko zailtasunak izan nituen».
Gabilondok, mendi eta herri asko ezagutzeaz gain, lagun asko egin ditu. «Autoa beti herri batean uzten dut eta bizilagun bati bilatzen ari naizen mendira nondik joan behar den galdetzen diot. Askotan, itzultzen naize-nean, bizilagunak zain izaten ditut».
Zumarragako mendizalea Ostadar mendi taldeko lehendakaria da. Ostadarren sortzaileetako bat da eta lehenago Oargi klubeko kidea izan zen. Bi mendi talde hauen irteeretan Federazioaren zerrendan ageri ez diren mendi asko igo ditu. Izan ere, Federazioak ez ditu elkarren ondoan dauden bi mendi zerrendan sartzen: ederrena, bista politena duena… aukeratzen du.
Euskal Herritik kanpo
Euskal Herritik kanpo ere asko ibili da. Pirinioetako, Alpeetako, Norvegiako, Greziako, Alemaniako, Bulgariako, Jugoslaviako eta Txekoslovakiako gailur altuenak zapaldu ditu, besteak beste.
Horretaz gain, mendizaletasuna bultzatzeko lan itzela egin du. Ostadar taldearen irteerak prestatzen ditu eta Mendi As-tean Euskal Herriko mendiei buruzko ikus-entzunezko bat ematen du urtero.
Gainera, badu lekukoa nori pasa. «Iñigo Lete nire ilobak bosgarren ehunekoa osatuko du aurten. Iñigok nik baino erraztasun gehiago izan ditu. Izan ere, mutikoa zela hasi zen, nire eskutik, eta egun garai batean baino baliabide gehiago daude. Nahi badu, nik egindakoa gaindituko du», amaitu du.