Zumarragako Eitza Auzoko jaietan Dantzari Txiki Eguna ospatu dute gaur, beste ekitaldi batzuen artean. Goizean zehar dantzan ibili ondoren, arratsaldeko 17:00etan ekin diote dantzari berriro. Eguraldia zela eta arratsaldeko saioa Beloki Frontoian egin dute dantzariek.
Goizeko 10:00etan ekin diote egunari, Antxinako Ama txistulari taldekoen goizeresiarekin. 10:30ean ZSK taldeko txalapartariek ermita aurrealdean jo dute, eta 11:00etan meza ospatu dute. Mezan Goiargi abesbatzak abestu du.
12:30ean aizkolariek erakustaldia eskaini dute, eta 13:00etan musika banda aritu da auzoko kaleetan jotzen. Ordu berean, Irrintziren Dantzari Txiki egunera etorritako taldeek dantzatu dute. Gaurko egitaraua isteko, 19:30ean jota kontzertua egongo da.
Festak, ordea, asteartera arte luzatuko dira, San Isidro egunera arte hain zuzen ere. 11:00etan meza egongo da, eta ondoren, auzoko erretiratuek hamaiketakoa egingo dute. Poteoa ere egingo dute arratsaldeko 19:00etan, eta 22:00etan amaitutzat joko dituzte Eitza auzoko jaiak.
Goierriko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jaso nahi dituzu? Horretarako zure babesa ezinbestekoa zaigu. Egin zaitez HITZAkide! Zure ekarpenari esker, euskaratik eginda dagoen tokiko informazio profesionala garatzen eta indartzen lagunduko duzu.
Egin HITZAkide